“Liburuak maite ditugulako”

Berrirakurtzen ekimena abiatu da, irakurketa erdigune duen zikloa

Hilean behin, pertsona bat gonbidatuko dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunera. Gonbidatu honek liburu bat hautatuko du eta liburu horren inguruko berrirakurketa egingo du. “Bakoitzak bere ikuspuntutik, bere eskarmentutik egingo du irakurketa, formatu librean”, Memory Dump kolektibo sortu berriak aditzera eman duenez. “Esperientzia aberasgarri, ireki eta artistiko bat planteatu nahi dugu. Liburuez, liburuek sortu eta sortzen diguten plazeraz, izuaz edo gogoetaz, modu librean. Liburuak maite ditugulako”.

Beñat Sarasola eta Jon Benito izan dira  Berrirakurtzen zikloa sustatu dutenak. Kolektibo bat sortu dute propio egitasmo hau burutzeko: Memory Dump. “Jardunaldi ireki hauetan, liburu horren aitzakian liburuaz eta bertatik eratortzen denaz eta zaigunaz arituko dira eta gara, modu erabat librean”.

Aurreko astean iragarri zuten ekimen hau Koldo Mitxelena Kulturunean, eta Garazi Lopez de Etxezarreta Foru Aldundiko Kultura zuzendariak ere hartu zuen parte aurkezpen ekitaldian. Lopez de Etxezarretak begi onez hartu du Sarasola eta Benitoren planteamendua: “Arteleku desagertze eta berregokitze prozesua bete-betean dagoela, Artelekuren jatorrizko asmoekin oso lerrotuta dagoen tailerra aurkeztu ziguten gazte hauek: artearen sorkuntzaren inguruko hausnarketa, pedagogia eta eztabaida. Eta literaturaren ataritik abiatuko da ibilbide berri hau”.

Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendaria, Jon Benito eta Beñat Sarasola (argazkia: Foru Aldundia).


Literatur mailan, “Gipuzkoan ez dagoen ikerketa eta garapenerako laborategia sortzea da helburua, Artelekuren filosofian oinarrituta. Sormenari eta azterketari eman nahi diote lehentasuna, erreferentzia gunea sortuz gure lurraldean”, Lopez de Etxezarretak azpimarratu zuenez.

Aurreko astean egin zen lehen saioa, Alberto Moyano kazetaria izan zen lehen gonbidatua. Maialen Lujanbio izango da hurrena, apirilaren 8an asteartea. Saio denak, noski, Koldo Mitxelena Kulturgunean izango dira. Hauxe abendura bitarte aurreratu duten egitaraua.


Berrirakurtzen

Martxoak 27 osteguna, 19:30

Alberto Moyano izan lehen gonbidatua. Aurreko astean izan zen, martxoaren 27an, Koldo Mitxelenan. La promesa (1958) Friedrich Dürrenmatten nobela izan zen solasaldiaren abiapuntua.


Apirilak 8 asteartea, 19:30

Maialen Lujanbio

Aquí nos vemos, John Berger


Maiatzak 29 osteguna, 19:30

Mari Luz Esteban

La mujer y la madre, Elisabeth Badinter


Ekainak 19 osteguna, 19:30

Koldo Almandoz

Conquista de lo inútil, Werner Herzog


Irailak 25 osteguna, 19:30

Maite Arroitajauregi

Historia de Gloria: (amor, humor y desamor), Gloria Fuertes


Urriak 30 osteguna, 19:30

Itziar Okariz

Una habitación propia, Virginia Woolf


Azaroak 27 osteguna, 19:30

Ander Izagirre

Si me permiten hablar…, Moema Viezzer


Abenduak 11 osteguna, 19:30

Anjel Lertxundi

Harri eta herri, Gabriel Aresti


Liburuak maite ditugulako

Nork ez du gogoan libururen bat motibo batengatik edo besterengatik? Izan daiteke nerabezaroan zirrara eragin zizulako, duela hilabete astindu eta jota utzi zaituelako, ausaz topatu zenuelako, garai batean liluratu eta berriki berrirakurtzean zapuztu zaituelako… Mila eta bat liburu dago mundu zabalean eta beste horrenbeste modu dago haiek irakurtzeko, haiekin bat egiteko.

Hilero, bere balio artistikoarengatik estimatzen dugun pertsona bat gonbidatuko dugu, eta hark aukeratu liburuaren gainean bere berrirakurketa aurkeztuko digu: zer iradoki edota sorrarazi dion. Bakoitzak bere ikuspuntutik, bere eskarmentutik, egingo du irakurketa, formatu librean, Donostiako Koldo Mitxelenan.

Jardunaldi ireki hauetan, liburu horren aitzakian liburuaz eta bertatik eratortzen denaz eta zaigunaz arituko dira eta gara, modu erabat librean.

Ez du esan nahi, ondorioz, presezki, ikus-entzutera bertaratzen denak, liburua irakurrita eraman beharko duenik. Posible da liburua irakurria izan eta berrirakurketa ez konpartitzea. Edo, zergatik ez, liburua irakurri gabe, gonbidatuak egiten duen berrirakurketa gustatzea. Esperientzia aberasgarri, ireki eta artistiko bat planteatu nahi dugu. Liburuez, liburuek sortu eta sortzen diguten plazeraz, izuaz edo gogoetaz, modu librean. Liburuak maite ditugulako.

Memory Dump kolektiboa


Hau esanik, zer da Memory Dump?

Beñat Sarasolak eta Jon Benitok literaturaz sortu duten kolektiboa. “Idazketa edota irakurketa, eta honen gurutzaketak izan ditzakeen aldaera ezberdinen garapena, beste edozein arte eremuren mailan jarriz”. Berrirakurtzen zikloa izango da bere bizkarrezurra, baina horrez gainera jardunaldi ezberdinak antolatuko ditu Memory Dump kolektiboak.


Zergatik Memory Dump?

“Mikel Lasa idazlearen poema bilduma estimatua da”.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.