Iñaki Irasizabali elkarrizketa

Leialtasunaz mintzo da Odolaren deia (Elkar) nobela laburrean

Nobela beltza gustuko baduzue, akaso gogoko izango duzue Iñaki Irasizabalen bibliogafia oparoa. Liburu bakoitzean, trama bera bezain garrantzitsua da irakurlearengan piztu ditzakeen hausnarketak. Gaurko gizartearen errealitate ezberdinak islatzen baititu bere nobeletan. Eta Odolaren deia (Elkar) nobelan, leialtasuna da kontakizunaren muinean dagoena. Eta zeharka, jada luzatzen ari den krisi ekonomikoa. “Nobeletan, atzetik ikusten diren paisaia horietan, gizarteak agertu behar duela iruditzen zait. Krisia urte askotako kontua da dagoeneko, eta agertu beharra zuen. Eta nobela beltza izanda, are gehiago”, halaxe aitortu digu.

“Giza harremanak interesatzen zaizkit eta oso literarioak dira”, hala adierazi zenuen Orbe auziaren ingurukoak (Elkar, 2012) nobela plazaratu zenuenean. Honakoan, bi anaien arteko harremana da baliatu duzuna.

Familia, berez, oso gai literarioa dela iruditzen zait. Denak gara familia, lehengusu, aita-seme, anaia-arreba… Eta aldi berean denok gara diferenteak. Joko asko eman dezake familiak eta, nobela honen bitartez, leialtasunari heldu nahi izan diot; ea odolarekin zerikusirik duen ala ez… Horri buruz idatzi nahi izan dut.

Nobela honetako bi anaiak ezberdinak dira, baina badituzte komunean hainbat ezaugarri.

Bai, uste dut paralelismo garbia dagoela. Bi anaiak itxuraz diferenteak dira. Bata irabazlea edo, eta bestea galtzaile petoa. Eta hala ere, paralelismo ugari dituzte. Itxuraz irabazle denak anaia galtzailearen laguntza beharko du, eta horrela abiatuko da nobela. Baina gauza askotan, oso antzekoak dira bi anaiak. Hezkuntza berdina jaso dute, eta ez dakit zein neurritan baina geneak ere oso antzekoak dituzte, eta horretan ezin dira oso diferenteak izan.

 

Familia eredu ezberdinak topatuko ditugu nobela honetan. Ez da kasualitatez izango.

Ez ez. Anai bien familia, oso familia tradizionala da berez, baina euren arteko harremanak ez dira oso tradizionalak. Ama oso hotza da eta aitak ez die kasu handirik egin…

Anaia nagusiak ordezkatzen du familia tradizionalaren bilakaera. Nahikoa tradizionala da berak osatu duena baina alaba zaharra ez da berea, odolez ez behintzat, berarekin ezkondu zen bikotearena baizik.

Anai txikiak, aldiz, gaur egungoa izan daitekeen familia osatu du. Bere bikotea errumaniarra da eta ume txiki bat du… Hori gaur egungo gizartean ikus daiteke, eta idazleok hori egin behar dugu, gizartea islatu. Familia eredu ezberdinak daude, eta hori islatuta geratu da, familia tradizionaletik hasita gaur egun dagoen nahasketa honetara.

Anaia zaharrenak xantaia pairatzen du eta anaia gaztearengana joko du. Horrek sendaezin zirudien zauri bat osatzen lagunduko du.

Anai gazteenak ez du inolako harremanik familiarekin eta ez du izan nahi baina…

Baina azkenean laguntzeko prest agertuko da Gorka (anaia gaztea).

Bai, zalantzak zalantza, desiatzen dago laguntzeko eta familian berriro onartua izateko. Uste dut hor anaia gaztearen psikologia geratzen dela agerian. Gertatu litekeen gauza dela, alegia aukera berri bat emanda, berriro txertatu daiteke bat bere familian. Baina geratatzen dena da berak uste duena baino gehiago inplikatzen dela.

Gorkak une batean esango du ez duela odolaren deia sentitu. Baina gero, azkenean, hori izango da bere jokaeraren leit motiv nagusia.

Kontraesanez beteta dago, edo akaso beldurrez gainezka. Ez dut itzuli nahi, zertara itzuliko naiz… Arbuiatua izateko beldur hori daukalako akaso. Baina aukera txikiena duenean, ahal duen guztia egingo du onartua izateko. Gorka pertsonaia konplexua dela esan daiteke. Biografia gogorra duelako ziurrenik.

“Nire liburuak irakurterrazak dira eta, aldi berean, gauza sakonez hitz egiteko aukera ematen dute”. Orbe auziaren ingurukoak (Elkar, 2012) nobela plazaratu zenuenean horixe esan zenigun.  Etikoki eta legalki zer den onartezina eta zer onargarri, horretaz egiten zenuen hausnarketa nobela horretan. Bizkartzainaren lehentasunak (Elkar, 2013) nobelan aldiz, Euskal Herriko kontestu politikoan kokatu zenituen protagonistak. Honakoan krisia ageria da, zeharka bada ere.

Nobela nahikoa errealista idaztekotan, eta batez ere nobela beltzaren generoan idatzia izan bada, krisiak agertu beharra dauka. Nik azken urtea langabezian eman dut, beraz, agertu beharra dauka. Nobeletan, atzetik ikusten diren paisaia horietan, gizarteak agertu behar duela iruditzen zait, eta krisia urte askotako kontua da dagoeneko, eta agertu beharra zuen. Eta nobela beltza izanda, are gehiago.


“Testua mamitsua izan dadila behintzat”

Nobel beltzak dituen osaiagaik badira nobela honetan: bada akzioa, bada ihesa, bada tiroketarik, heriotzatik…  Idazkera aldetik zuzena da da.

Nobela beltzari hori dagokiola uste dut. Hizkuntza zuzena, esaldi laburren erabilera… Hizkera loratuegia ez bada, hori ez da galera nobela beltzan. Zuzena, eraginkorra behar du izan, eta loratuegi ez bada, askoz hobeto nire iritziz. Estiloa zuzena izanik ere, testua mamitsua izan dadila behintzat.

(…)

Eta bestetik, nobela beltza eta polizia nobelaren artean bereiztu beharra dago. Poliziakoan inportanteena izaten da jakitea nor den hiltzailea, eta nobela beltzan uste dut horrek ez duela hainbesteko garrantzirik. Genero beltzak gizarte azterketa bat egiteko, edo kritika egiteko aitzakia ematen du. Eta nik nobela beltzak idazten ditut. Horregatik igual askotan esaten didate bukaera ireki samarrak izaten direla nireak, edo dena ez dela azaltzen, eta hor dago erantzuna: nobela poliziakoa eta nobela beltzaren arteko desberdintasun horretan.

Argazki nagusia: Juan Carlos Ruiz, Berria

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.