“Harria dakar Bilbora. Nondik harria, eta zertara?”

Gabriel Arestiren inguruko hitzaldi batekin hasiko dira Eako Poesia Egunak

Ostiraletik aurrera, literatura zaleen topaleku izango da Eako herria. Hitzaldiak, errezitaldiak, antzerkia, ikus-entzunezkoak, herri-bazkariak, kontzertuak… Ekitaldi bete asteburu izango da. Gabriel Arestiren Harri eta Herri: nondik dator harria? hitzaldiarekin hasiko dira Eako Poesia Egunak. Laura Mintegi eta Karmelo Landa izango dira hizlariak, eta Rober Eskobar solasaldia doinuz jantziko duena. Karmelo Landak eman dizkigu hitzaldiari buruzko xehetasun batzuk.

17752259

Ostiralean hasiko dira Eako Poesia Egunak, eta Gabriel Arestiri izango da lehen eguneko protagonista nagusia. Harri eta Herri liburua argitaratu zela 50 urte bete dira aurten, eta bilbotar idazlearen inguruko elkarrizketa-hitzaldia eskainiko dute Laura Mintegik eta Karmelo Landak. 20:00etatik aurrera, udaletxeko aretoan. Afalondoan, Gabrielen Lekua sentikaria antzeztuko dute Eskolondon.

Hitzaldiaz galdezka hurbildu gara Karmelo Landarengana. “Elkarrizketa moduan garatuko dugu Laura Mintegik eta biok. Doinua ere jarriko diogu Arestiren poesiari, herriaren belarrirako sortua denari, eta Rober Eskobar saiatuko da horretan”, halaxe aitortu digu azpian duzuen idatziaren bitartez.


Artze

GABRIEL ARESTI, ANTIOJU BUSTI ETA GUZTI

Zein da idazlearen lekua haren literaturan. Maskara baten atzean babesten dira batzuk. Heteronimoak ere asmatu izan dira, idazle bakarraren nor ugari ezberdin eta kontrarioak agertu ahal izateko bideak. Gabriel Aresti izen deituraz agertzen da bere poemetan, jaiotzatik (“nire grazia Aresti da ta” ) heriotzaraino eta ondoren (“hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego. Perez y Lopez marmolistas. Derio “). Nia agertzen du baina ez aldiz egoa. Zergatik eta nola.

Bilbon jaioa, ez da bilbotarrei begira dabilen flaneur ohia. Harria dakar Bilbora. Nondik harria, eta zertara. Zergatik sartzen du bere poesia Bilboren eta Arantzazuren arteko lehian. Zeren lehian dabil. Ez du Bilbo narratu nahi, aldatu nahi du, baina norantz, ze zentzutan.

“Gabriel Aresti: Nondik dator harria ?” goiburua jarri diogu Eako Poesia Egunetan aurten egingo dugun lehen ekitaldiari; uztailaren 11an, ostiralean, arratsaldeko 8etatik aurrera. Elkarrizketa moduan garatuko dugu Laura Mintegik eta Karmelo Landak, eta aipatutako galdera horiei erantzunak ematen saiatuko gara, datorrenarekin batera. Doinua ere jarriko diogu Arestiren poesiari, “herriaren belarrirako” sortua denari, eta Rober Eskobar saiatuko da horretan.

Nondik dator harria; zer da, nor da harria; eta zer  gainean tantaka darion itogina; mailu ala biola, zer da haren poesia; aitaren etxea ala amaren sutondoa hobetsi beharko genuke. Gabriel Aresti, kontadore ala poeta. Ean, ostiralean, arratsaldeko 8etatik aurrera, Liburutegian. Laura Mintegi, Karmelo Landa, Rober Eskobar, eta nahi izanez gero, zu zeu.

Karmelo Landa, Ea poesia egunak. Hamaika eta bat Ea poesiari

Sarerrako argazkia: DV

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.