Alejandra Pizarnik-en ‘Esnaera’


Asier Sarasolak Alejandra Pizarnik-en El despertar poema euskaratuta osatu du aste honetako amua. Bere garaian Pizarnik eta Cortazarren arteko harremana izan zuen hizpide Testuketanen, hori ere entzungai duzue jarraian.

Alejandra Pizarnik (Buenos Aires, 1936-1972). Zorroztasun zauritua. Edertasun mingarria. Bizitza eta eldarnioa. Heriotza eta literatura. Poema laburrak, doiak, ilun zapore luzekoak. Prosa askeak, jostagarriak, lotsagalduak. Literatura bizigai hartu zuen orduko gizartearen itxitura moralak orri-artea beste lurrik ez ziolako opatu. Sigmundfreudzaleren baten Superniak gaixotzat jo zuen. Irakurri eta idatzi, heriotzari aurrea hartu beste erremediorik ez zuen aurkitu.
Anariren kantuetan badira txoriak Alejandraren kaiola gertuko dutenak. Haize bera sumatzen da, beroki bila dabiltzan hezurtto grinatsu berak.
Asier Sarasola

ESNAERA/EL DESPERTAR

Las aventuras perdidas (1958)

Leon Ostrov-i

Jauna
Kaiola txori bihurtu da
eta hegan joan da
eta nire bihotza erotuta dago
uluka ari zaio heriotzari
eta irri egiten die haizearen atzean
nire eldarnioei

Zer egingo dut beldurrarekin
Zer egingo dut beldurrarekin

Ez du jada argiak dantza egiten nire irrian
ez dute urtaroek usorik kiskaltzen nire buruan
Eskuak biluztu egin zaizkit
eta alde egin dute
heriotzak hilei bizitzen irakasten dien tokira

Jauna
Aireak naizena erasaten du
Airearen atzean munstroak daude
nire odoletik edaten ari dira

Hondamena da
Hutsik ez dagoen hutsaren garaia da
Ezpainetan giltzarrapoa jartzeko unea da
kondenatuak garrasika aditzekoa
mirestekoa nire izenetako bakoitza
ezerezean urkatua

Jauna
hogei urte ditut

Nire begiek ere hogei urte dute
eta halere ez diote ezer

Jauna
Bizitza osotu dut istant batean
Azken inozentziak lehertu zuen
Orain da sekula ez edo inoiz ez gehiago
edo behinola bazen baino ez

Zer dela-eta ez dut neure buruaz beste egiten mirailaren aurrean
desagertu eta ostera azaldu itsasoan
barku handi bat zain dudala
argiak piztuta?

Zer dela-eta ez ditut zainak erauzi
haiekin eskailera bat egin
eta gauaren beste aldera ihesi joateko?

Hasierak erditu du amaia
Bere horretan iraungo du denak
Irri higatuak
Interes interesatua
Galderak harriz harri
Amodioa antzeratzen duten keinuak
Bere horretan iraungo du denak

Baina besoak mundua besarkatzearekin tematu zaizkit
oraindik ez die inork esan
jada beranduegi dela

Jauna
bota itzazu nire odolaren hilkutxak

Haurtzaroa oroitzen dut
agurea nintzenean
Loreak hiltzen ziren nire eskuetan
poz beteko dantza basatiak
bihotza suntsitzen zielako

Gogoan ditut eguzki goiz beltzak
artean umea nintzen
alegia atzo
alegia mendeak dira

Jauna

Kaiola txori bihurtu da
Zer egingo dut beldurrarekin

Asier Sarasolaren kolaborazioa, Testuketan-en Pizarnik eta Julio Cortazar hizpide:


This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>