Martxan da Kultur Kuboa irratsaioa

RADIO KULTURA IRRATIAN EMATEN DUTE, ASTEAN BEHIN

Martxan da Kultur Kuboa irratsaioa, Radio Kultura. Hilabete daramate uhinetan, eta astero saio bat grabatzeko martxari jarraituta, lau saio eskaini dizkigute dagoeneko. Kultur munduko jendeari elkarrizketak egiten dizkiote, eta, ez hori bakarrik, liburuak eta musika-taldeak ere gomendatzen dituzte. Irrati elebiduna da Radio Kultura, eta Kultur Kuboa ere euskaraz eta frantsesez aireratzen dute. Mikel Etxeberria, Gorka Artetxe eta Allande Etcheberry dabiltza saioaren bueltan lanean, eta Artetxerekin hitz egiteko aukera izan dugu.

10372559_1611013989118286_8095463844017150724_n

Hilabete darama martxan Kultur Kuboa kulturari buruzko irratsaioak, Radio Kultura irratian. Lau ale kaleratu dituzte orain arte, eta guztiak sdituzu entzungai, hemen. Bestalde, facebook sare sozialean ere topa ditzakezu.

Irratsaioko esatari eta arduradunetako batekin hitz egiteko aukera izan dugu, Gorka Artetxerekin hain zuzen ere, eta prestu erantzun ditu gure jakin-minak hauspotutako galderak. Irratsaioari, edukiei eta abarrei buruz gehiago jakiteko, irakurtzen segitzea baino ez duzu.

Irratsaio hasiberria da Kultur Kuboa. Nondik nora eta zergatik sortu da?

Emankizunaren nondik norakoa ulertzeko Radiokulturaren jatorria ezagutzea baliagarria izan daiteke. 2005ean euskal komunikabideetan ari zen jende talde batek bultzaturiko proiektua izan zen. Euskal elebakarrak ziren hedabideez gain, Ipar Euskal Herriko biztanleria ez euskaldunarengana iristeko intentzioarekin sortua. Euskal kultura arrotza zaion jendeari hurbiltzeko xedearekin egina beraz, elebiduna.

Internet bidez hedatzen ditugu erreportaiak eta podcast moduan entzun daitezke nahieran. Erreportai landuak izan ohi dira, elkarrizketak egiteko denbora hartuz eta aktualitatea lantzeak sortzen duen histeria eta presa alde batera utziz. Hala eta guztiz ere, ia hamar urte hauetan, euskal kultur eragile asko elkarrizketatu dira, (gutxi gora behera 8000 elkarrizketa/mintzaldi/kontzertu), hauei kolaboratzaile sareak eginiko emankizunak gehituz.

Kontua da iaz irratiaren egoera eta funtzionatzeko modua birpentsatzen hasi ginela bultzada berri bat emateko asmoz. Gure nahia frekuentzia bat eskuratzea den neurrian, gure lana ere irratigintzara hurbiltzea erabaki genuen. Erreportaiak eskaintzeaz gain zerbait sortzearen beharra ikusi eta urte bukaeran, lankide berri baten aukera agertu zenean Kultur Kuboa prestatzen hasi ginen.

Helburu nagusia, (irratigintza lana ezagutu eta dibertitzeaz gain) kultura aisialdiarekin eta plazerrarekin lotzen saiatzea da.

Zeintzuk osatzen duzue programako lan-taldea?

Lantaldeari dagokionez aipatzekoa da urte hauetan zehar, Radiokulturak esperientzia gabeko gazteak izan dituela langile gisa, kazetaritza munduan trebatu ahal izateko.

Lehen egunetik kudeatzaile lanetan dabilena Mikel Etxeberria da. Formakuntzaz informatikalaria eta Radiokulturan hasi aurretik urteetan irrati munduan aritua.

Gorka Artetxe, duela urte pasatxo lan honetara kasualitatez eta kuriositatez iritsitakoa, zaletasun anitz baina ezertan ez espertoa. «Solasean» emankizuna hasi eta komunikazio arduretan dabilena.

Allande Etcheberry da iritsi den azkena, 19 urterekin zinemazale, musikari eta bloglaria, taldean segidan integratu eta jada Triptik izeneko musika emankizun bat egiten ari. Gure hari musikala aberasteaz ere arduratzen da, bestalde.

Zenbatean behin aireratzen duzue?

Astelehenero zuzenezko faltsuan grabatu eta arratsalde hasieran sareratuz.

Zer-nolako gaiak lantzen dituzue? Zein da formatua? (elkarrizketa, erreportajeak, zutabeak…?)

Kultur Kuboan egiten duguna, alde batetik, aktualitatea, azaletik bada ere, aipatzea (gonbidatua, astebururako agenda…), bestetik, entzuleei kultur munduaren zatitxo bat ezagutarazteko parada, zertzeladak proposamen laburren bidez.

Asteburuak eman dituen berriak aipatu, liburu, film eta musika-taldeei buruzko iritzia eman, gonbidatuarekin solastu, ateraldi proposamen bat eta asteburuko agenda kuturalarekin bukatzen da. Formatua gutxi gorabehera 50 minutukoa eta tartean lau kantu.

Aldi oro landu ditugun gaiak literatura, musika, eta zinema izan dira. Gonbidatuek eta asteburuko agenda aipatzeak ematen digute gai ezberdin asko jorratzeko aukera (etxebizitza, ekonomia, historia, antzerkigintza, laborantza, dantza, teknologia, hezkuntza eta abar luze bat) baina oraindik emankizuna ez da finkoa, aldaketak egingo ditugu beharra ikusiz gero. Guk esperimentu moduan bizi dugu inoiz horrelakorik egin gabeak baikara.

 Zer ekarpen egin nahi diozue euskal kulturari?

Kalterik ez egitearekin gu pozik. Egia esan ez dugu galdera honen erantzunean inoiz ere pentsatu baina ez militantzia faltagatik.

Gaur-gaurkoz lau irratsaio egin dituzue. Esplikatu diguzu pixka bat zertaz jardun duzuen?

Elkarrizketatuak :

Musika/ Liburu/ Zinema/ Agenda, gutxi gora behera hemen.

Radio Kultura irratian egiten duzue saioa. Irrati elebiduna da, eta zuen emankizuna ere frantsesez eta euskaraz ematen duzue. Zer abantaila dakartza bi hizkuntzetan aritzeak?

Beharbada gai gehiago landu ahal izatea baina saioa grabatzerako orduan lan doblea eta hizkuntza bakoitzean moldaketa batzuk. Azken finean, jende guztiari helarazteko aukera (Iparraldean).

Desirak: Emankizuna hobetzen joatea eta dibertitzen segitzea.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.