Karlos Linazasororen destilazioa

Ez da sarri gertatzen idazle batek urte berean lau liburu argitaratzea. Karlos Linazasorok aforismo-liburu bat (Esan gabe doaz, Utriusque Vasconiae), haiku-liburu bat (Hamazazpikotan, Elkar), ipuin liburu bat (Gizakiaren minak, Erein) eta nerabeentzako poemario bat (Gaur orain da betiko, Erein) kaleratu ditu 2010ean.
Halako uztak aipamena merezi duelakoan, labetik atera berri dagoen obran zehar ibilaldi txiki bat egitea erabaki dugu Hitzen Uberanen.

Soiltzea, biluztea, destilatzea, kontzentratzea, depuratzea… horixe du helburu Karlos Linazasorok idazten duenean. Begira diezaiogun, ba, une batez biluztasunari aurrez aurre:
Esan gabe doaz
“Esan nahia eta esan ezina aforismo on batekin sendatzen da” aforismoa irakur dezakegu, adibidez, Esan gabe doaz lanean, Linazasororen hirugarren aforismo-liburua izan den honetan. Edo “beti egia dioena gezurretan ari da”. Edo “nahi dudana lortuko banu, ez nuke nahi dudana lortuko”. Edo “ez garelako inoiz iritsiko, bagoaz.”
Horregatik, idazleak idazten jarraitzen du. Etengabe…
Autorearen lanetan, oro har, pieza laburrak dira nagusi, eta hala aitortzen du berak: “estilo miniaturista hau gustuko dut, aforismoak, haikuak, ipuin hiperlaburrak… nolabaiteko destilazio hori, depurazio lan hori; norbait jendearen aurrean biluzik azaltzea, fikzioak ematen duen babes edo maskara hori gabe”
Hamazazpikotan
Hamazazpikotan lanean haikuak bildu ditu Linazasorok. Haikua Japoniako poesia-molde tradizional bat da, bere trinkotasun eta edertasunagatik mundu osora zabaldu dena. Hiru lerro eta guztira hamazazpi silaba izaten ditu: bost, zazpi eta bost.
Hiru zati ditu liburuak ere. Lehena eta luzeena, “Naturaren oskolean”, izadiari eskainitakoa, kontenplazio eta miresmen jarreraz egina:
“Txoria ere ez da
errazki kontentatzen
urpea du ments”
Edo, baita birziklatuagoak ere, Igor Estankonak bere kritikan dioen bezala:
“Baso eta oihan
supersonikoetan
haritzak hegan”
Bigarrenak, “Biok garen maitasuna”, amodioa du solasgai, betiko mirakulua berritzen duen aitortza.
Hirugarrenean, “Denboraren eguraldiak”, hainbat gairen inguruko gogoeta egiten du: bizitza, denbora, heriotza…
“Zer oparitu
dit biziak? Kenduko
didan guztia”
Gizakiaren minak
Ipuin liburu honetan, neurria pixka bat luzatu (hala ere, ipuinek minimalistak eta biluziak izaten jarraitzen dute) eta, izenburuak iragartzen duen bezala, bizitzaren eta gizakien alderdirik ilunenak ditu tolosarrak kontakizun: gerra, heriotza, oinazea, bortxakeria. Eta horretarako, Gizakiaren minak irudikatzerakoan, muturreko egoerak eta pertsonaiak eraikitzera jo du egileak: alkoholikoak, kartzelaratuak, prostitutak, kontzentrazio-esparruetara eramandako juduak… “Derrota agertzen da, jende marjinala, ihesi dabilen jendea, zerbaiten atzetik dabilen jendea… Denek dute min bat beren baitan, ezkutuan kasu askotan. Intriga ere badago ipuin batzuetan eta, errealistak diren neurrian”, dio idazleak berak.
Gaur orain da betiko
Idazlearen berriena da hau: nerabeentzat propio idatzitako poemarioa. Beratan, 70 maitasun poema bildu ditu idazleak, edo poemak baino, kantuak, hala dio egileak: “musikaltasunari, erritmoari, doinuari… garrantzi handia eman diot. Oso egokiak izan litezke kantatzeko”.
“Musua eternoa da.
Apenas irauten duen,
eta hortxe nago berriro
eskaka, orori izkintxo
eginda. Zureak dira
eternoenak, kuttun,
gau eta egun, edo
lorategiko zeruan”

Loturak (elkarrizketak eta liburu-kritikak)
Esan gabe doaz liburuaren aurkezpeneko artikulua Noticias de Gipuzkoan Esan gabe doaz, Hamazazpikotan eta Gizakiaren minak liburuez elkarrizketa Berrian Esan gabe doaz, Hamazazpikotan liburuez elkarrizketa Testuketanen
Esan gabe doaz liburuaz Berrian.
Beñat Sarasolaren kritika Hamazazpikotan haiku-liburuari.
Javier Rojoren kritika Hamazazpikotan haiku-liburuari.
Felipe Juaristiren kritika Hamazazpikotan haiku-liburuari.
Igor Estankonaren kritika Hamazazpikotan haiku-liburuari.
Javier Rojoren kritika Gizakiaren minak liburuari.
Bixente Serrano Izkoren kritika Gizakiaren minak liburuari.
Felipe Juaristiren kritika Gizakiaren minak liburuari.
Ibon Egañaren kritika Gizakiaren minak liburuari.
Leire Lopez Ziluagaren kritika Esan gabe doaz poemarioari.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>