Galder Perezek eta Maisha MCek irrati-antzerki ikastaro bat gidatuko dute Bilbon

Irratiak eta antzerkiak harreman estua izan dute espresiobideen historian. Irrati-antzerkia izan bada nolabaiteko azpigenero bat, Beckett edo Artaud bezalako egileek idatzi izan zituzten irratirako pentsatutako antzezlanak, eta irratiak ere egin izan du tarteka salto oholtzara. Galder Perez teatro-idazle, zuzendari eta aktoreak irrati-antzerki ikastaroa eskainiko du apiriletik aurrera BilbaoArten, Maisha MCrekin batera.

orson-welles

Apirilaren 10a bitarte eman daiteke izena, Galder Perezek eta Maisha MC konposatzaile eta DJak elkarrekin eskainiko duten irrati-antzerki ikastaroan. Ikastaroa bera apirilaren 22tik maiatzaren 27ra izango da, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara BilbaoArteko instalazioetan. Izen emateak 70 euroko prezioa izango du (50 euro ATAE-ko, BilbaoEszenako, BilbaoArteko, Artekaleko eta ADDE-ko bazkideentzat). Ikastaroa euskara hutsez izango da, eta antzezleei, esatariei, musikariei, teknikariei eta gidoilariei zuzendua egongo da.

Galder Perezek berak eman dizkigu argibideak, galdera pare honi erantzunda:

Zein da lantegi honen filosofia? Ze gogotik sortu da?

Maisha eta biok, P6ko antzerki estreinaldi batean, elkar ezagutu genuenetik sekulako fletxazo artistikoa izan genuen. Elkarrekin aritu gara ‘Fausto, herritar eredugarri’ antzezlanean beste taldekide guztiekin batera. Baina sekulako gogoa eta beharra dugu elkarrekin gauza gehiago egin eta sortzeko. Horretarako 2GUNBros bikote artistikoa sortu dugu eta hauxe izango da gure lehenengo esperientzia irekia. Maisha musika mundutik dator batez ere, zinean ere aritzen da, neure kasuan antzerkian bereziki, baina irrati munduan luze aritutakoa. Hortaz, bion disziplina nagusiak elkartu nahi ditugu eta jolasa, inbestigazioa proposatu. Gure planteamendu nagusia sormena da eta hortik dator laborategi izaera bera. Guk gure aldetik parte hartzaileentzat antzerkia, gidoia, soinua, musika, zarata eta abar guztien gaineko tresnak eman nahi dizkiegu, baina gero planteatzen duguna guzti hori martxan jartzea da, soinu sormena lantzea, bakoitzak beretik nahi/ahal duenetik eta gero denak elkarrekin… Horretarako ere gonbidatu ezberdinak izango ditugu soinua, hitza eta sormenaren alor ezberdinetara gerturatzeko, ezagutzeko, barneratzeko eta esploratzeko. Bidaia modukoa da planteatzen duguna, bidaia irekia, hitzekin eta soinuarekin sortu eta eraikitzeko, auskalo nora eramango gaituen, gogotsu gaude. Diziplina ezberdinak uztartuko ditugu hortaz soinua, hitza, antzerkia, zarata eta musikaren inguruan. Horretarako oso leku aproposa izango da Bilboarte, bertan gauzatuko baita laborategia. Hantxe arte plastikoa lantzen da bereziki, baina ikusentzuteko sortzaileak badabiltza ere. Gainera, irrati antzeki laborategi hau ez da gela bakar batean garatuko, Bilboarte bertako espazio ezberdinetan gauzatuko da, egun bakoitzean landu nahi dugun edukien arabera hobekien egokitzen zaion espazioan gauzatuko baita aste bakoitzeko esperientzia.

Irratia eta antzerkia, biak ala biak badirudi ez direla egun modan dauden bi arlo, ez direla egun jende gehien mugitzen duten espresiobideak… zer ekar dezake bietan batera murgiltzeak?

Egia da irratia eta antzerkia modan ez daudela, baina modan ez daude gauzak egitea modan ere badago, kar-kar! Zalantzarik ez, ez dira jende gehien mugitzen dituen espresiobideak, bai ordea, sekulako aukerak ematen dituzten espresiobideak biak. Irudia nagusi da inongo zalantza barik, hedatuen dagoen espresiobidea da, hainbat forma ezberdinetan. Guk soinuari soilik erreparatu nahi diogu, soinuaren bitartez transmititu daitekeen horretan ikertu eta horrekin saiakera ezberdinak egin. Hotsak bizipenak ere badira, emozioak dira, trasmisio dira… Hori guztiari erreparatu nahi diogu. Ametsak kasurako hartuta, amets bat gogora ekartzen dugunean, irudiak nagusitzen zaizkigu berriz ere, eta zergatik ez horrenbeste hor jaso, bizi izan ditugun soinuak? Halako gauzak planteatu nahi genituzke ere; adibidez, soinua sentimenduetara eraman, hitzak direla eta askotan pentsamenduarekingehiago lotzen baita soinua. Irratia da azkenean soinua soilik igortzen duen iturria. Horri antzerkiko edukiak gehitu dizkiogu, aktoreen aldetik eta soinua sortzeko edozerrekin zein tresna konbentzionalekin, zein digitalarekin, zein aldez aurretik sortutako musikaren… Beraz, irudirik gabeko saiakera estetikoak izango dira, estetika hori entzumenak soilik jasotzekoa. Batzutan elkarrekin datozen iluntasuna eta isiltasuna nabigatzeko ozeano ederrak izango dira hortaz.  Eta itsaso hauetatik irla ezberdinetara bidaia egiteko asmoa dugu. Hasi gara korrontearen soinua entzuten…

galder perezGalder Perez Argian berriki egin dioten elkarrizketan

Deialdiaren oinarriak

Hainbat kolaboratzaile ere izango dituzte bi ikastaroko gidariek. Hementxe duzue izena emateko informazioa:

“Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Baliabide Eszenikoen Zentroak, euskaraz egingo den Irrati-Antzerkiari buruzko ikastaro intentsiboan izena emateko epea zabaldu du. Irrati bidez antzerkia egiteko modu tradizional arrakastatsuak gaurkotasuna berreskuratuko du, antzezleei, esatariei, musikariei, idazleei, gidoilariei eta sektoreko bestelako teknikariei zuzendutako laborategi horren bitartez.

Prestakuntza Maisha MC konposatzaile eta DJ-ak eta Galder Pérez antzezle, zuzendari eta gidoilariak emango dute, baina, horrez gain, saioetan, hainbat diziplinatan adituak diren lau gonbidaturen laguntza izango dute, Ixiar García (diziplina anitzeko artista), Oihana Bartra (bertsolaria), Rufoh Beatbox (Euskadiko beatbox txapelduna) eta Kike Amonarriz (soziolinguista, umoregilea eta telebistako aurkezlea).

Ikastaroan landuko diren alderdien artean, ahotsa, soinua, gidoia, soinu giroa eta efektu bereziak, bat-batekotasuna, umorea eta irratiko generoak egongo dira. Horrela, irrati bidez antzezteko testuen idazketa, dramatizazioa edo lokuzioa bezalako gaietan sakonduko da. Halaber, irrati-antzerki pieza baten sorkuntzan soinuek eta musikak betetzen duten leku garrantzitsua aztertuko da.

Ikastaroa egiten den bitartean irrati-antzerkiko pieza bat sortu eta grabatuko da, eta, gainera zuzenean eskaini ahal izango da, sortzen diren piezak jasoko dituen blog-aren bitartez (http://2gunbros.tumblr.com/)

INFORMAZIOA:

BILBAOESZENA
Juan de Gardeazabal kalea, 3 – lonja. 48004 Bilbao
T: 94 433 49 95
Mail: bilbaoeszena@ayto.bilbao.net

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.