Antzerkizaleak Villabonan eta Durangon

Ekainean ezagutzera eman zenetik EHAZE-Antzerkizale elkartea dinamika betean dabil, elkartea bera finkatzen eta euskarazko antzerkia sustatzeko eta garatzeko ideiak bideratzen. Bihar, larunbata, I. Antzerkizale eguna antolatu du Villabonan; Durangoko azokan berriz, euskarazko teatro-argitalpenen stand-a jarriko du.


Abian da aurten eratu den EHAZE-Antzerkizale elkartea, ilusioz baina batez eratze prozesuan mahai gainera atera diren ideiak garatzen hasteko gogoz. Asko dira euskal teatroaren hainbat eremutan topatu dituzten kezkak eta erronkak; haien artean teatro testuak biltzeko, zabaltzeko eta bultzatzeko beharra ez da txikiena.

Hileotan EHAZE publikoki aurkezten jardun dira, hasiera-festa handia antolatu zuten Bilboko Kafe Antzokian eta Usurbilgo Topa Eszenika bezalako jardunaldietan ere parte hartu dute. Datozen egunetan ekimen berri birekin aterako dira plazara:

Batetik, lehen Antzerkizale Eguna. Emanaldi eta ekitaldi ugari batzen dituen egitarauarekin antzerkizaleen elkargune izateko xedea du ekimenak. Antzerkizale Saria banatuko dute estreinakoz: Iñaki Beobideri emango diote, elkarteko kideen proposamenak jaso ostean. Modu honetan eskertu eta omendu nahi izan dute Beobidek 60. hamarkadan egindako lana ‘bere zuzendaritzapean euskal antzerkiaren barruan korronte berritzailearen buru bihurtu zen Jarrai taldea’. Bide batez, taldean ibilitako hainbat lagunen lana gogora ekartzeko ere balioko du hitzorduak ‘besteak beste Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete, Ashen Egaña, Joxe Mari Aristi, Xabier Goenaga, Mertxe Uranga, Karmele Esnal, Mikel Azpiazu eta Mikel Forcada eta Rikardo Ugarte eszenografo moduan… Taldeak, bere hamar urteko ibilbidean, hogei antzezlan antzeztu zituen, arrakasta handiz’.

Bestetik, aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan stand-a jarriko du. Antzerkia da literatur generotan gutxien argitaratzen dena, eta ziur aski baita gutxien irakurtzen dena ere. Azken nibedadeekin batera euskaraz urteetan argitaratu diren lanak biltzen saiatuko da stand-ean. Argitaratu berri direnen artean egongo dira Artezblai argitaletxeak kaleratu dituen azkenak, haien artean Patxo Telleriak Mikel Martinezekin egindako trilogia ezagunaren testuak liburu bakarrean: ‘Euskara sencilloaren manifestua’, ‘Larru haizetara’ eta ‘Euskarazetamol’. Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako lehiaketako aurtengo irabazle Pablo Barrioren lana ere eramango dute, Iruñeko Udalak argitaratua.

EHAZEk elkartearen berri emango du Azokan: abenduaren 6an, 11:30ean, Zergatik EHAZE Durangon? izeneko solasaldia eskainiko du.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>