Sormen lanak sustatzeko hainbat deialdi

Indarrean diren sariketa ezberdinen konpilazioa egin dugu

Asko dira egiten diren deialdiak. Eta askotarikoak.  Lehen eleberria idazteko, album ilustratu bat plazaratzeko, haur eta gazte literatura lanak bideratzeko, saiakera estiloa sustatzeko… Sormen lanak bultzatzeko xedez, sortzaileak laguntzeko xedez. Sari, beka eta lehiaketen berri emateko joera dugu Hitzen Uberan. Garai jakin honetan indarrean diren deialdiak batu ditugu albiste moduko honetan.

Liburuak2013

Literatur egonaldia (ordaindua), Nekatoenean

Nekatoenea

Egonaldi honetan parte hartu nahi duen idazleak literatura sorkuntza euskaraz egin beharko du. Horretaz gain, Euskal Kultur Erakundearen Hogei’ta izeneko egitasmoa hartu beharko du kontuan. Programa horren xedea hauxe da: euskal kulturaren aniztasuna kontuan hartzen duten proiektu berritzaileak gazteen artean sustatzea.

- Hautatua den idazleak, Hendaiako Nekatoenea baserrian hilabetez egoteko aukera izango du, 2015eko urritik azarora bitartean. Eta horrekin batera, 1.000 euroko beka jasoko du.

- Deialdi honetara aurkezteko epea apirilaren 28an amaituko da.

- Informazio gehiago esteka HONETAN.


Haur Literaturako Mikel Zarate VI. Saria

Zarate

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten sariketa honek haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko xedea du.

- Sari bakarra emango da, 3.000 eurokoa.

- Apirilaren 30ean amaituko da lanak aurkezteko epea.

- Informazio gehiago esteka HONETAN.

 


Miguel de Unamuno saiakera lehiaketa

Unamuno

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen du XVI. Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa. 1999an abiatu zen sariketa hau eta, geroztik, urtero banatu dira sari hauek.

Lehiarako lanak, gai librekoak, argitaratu gabekoak eta aurretiaz saririk jaso gabekoak izango dira eta 100 folioko luzera izango dute gutxienez.

- 6.000 euro jasoko ditu saiakera-egile sarituak, eta beste 6.000 euro emango zaizkio erdaraz idatzitako saiakera-egile sarituari.

- Idazlanak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.

- Informazio gehiago esteka HONETAN.


Etxepare Literatur Saria

Etxepare

Album ilustratuaren ezaugarriak bete behar ditu lehiara aurkeztuko den literatur lanak. Hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.

- Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.

- Originalak aurkezteko epea maiatzaren 22an amaituko da eta irabazlearen berri ekainean emango du epaimahaiak.

- Informazio gehiago esteka HONETAN.


XVIII. Igartza Literatura Sorkuntzako Beka Saria

Igartza

Igartza Beka Sariari esker plazaratu berri du bere lehen eleberria Mikel Ayllonek. Eta bere aurretik, Uxue Alberdik, Garazi Kamiok, Goiatz Labandibarrek edota Danele Sarriugartek. 35 urtetik beherako idazle gazteei zuzendua dago.

Ohar gisa: Igartza Sariak ez ditu bukatutako liburuak saritzen, proiektuak baizik, irabazleak aurkeztutako proiektua gauzatzeko beka bat jasotzen duelarik.

Beasaingo Udalak sustatzen du Igartza saria, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin.

- 6.000 euroko diru-laguntza izango du hautatua den egileak.

- Deialdi honetara aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da.

- Informazio gehiago esteka HONETAN.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.