Patxi Zubizarreta: “Ekitaldi likidoa izango da, ordubetez letretan, notetan, koloretan igeri egiteko”

‘Baso bat opari’ eskainiko du Donostian, Literaktum-en eskutik

Patxi Zubizarretaren 50 nobela (+CD, Txalaparta, 2014) “farandularen mundua” islatzera dator. Nikolas idazlea, Joseba pianista eta Rafa pintorea batu dira, Euskal Herritik Panticosara joateko. Errezitaldi bat eskaini behar dute bertan. ‘Baso bat opari’ ikuskizunak ere, datorren astean Literaktum jardunaldietan eskaini behar dutena, 50 disko-liburua du abiapuntu eta helmuga. Maiatzaren 13an asteazkena, 20:00etan Lugaritz Kultur Etxean. Eta Txalapartarekin plazaratu duen argitalpenean bezalaxe, oholtza gainean ere bidelagun ugari izango ditu Patxi Zubizarretak: Mintxo Cemillan margolaria, Joserra Senperena musikaria eta Maddi Oihenart zein Antton Valverde kantariak.

Zubizarreta

50 (Txalaparta, 2014) liburutik abiatutako ikuskizuna denez, liburuko pasarteak eta doinuak izango dira eskainiko dituzuenak, ezta?

Patxi Zubizarreta. Bai, nobelan ageri den testua baliatuko dugu saioa egituratzeko, baina eszenatokitik eszenatokira aldatu egiten dugu, tokia, azken gertakariak edo irakurketak… Bilbon, Anttonek Miren Agur Meaberen poema baten kantuaren aurkezpena egin zuen, Miren Agur han zela: ederra izan zen.

Nola egituratzen da Baso bat opari? Zer topatuko du ikus-entzuleak?

Zentzumenak piztu eta zer pentsa, zer sentitu eskaini nahi genuke; hasteko trementina edo aguarrasa usainduko dugu, Mintxok zuzenean pintatuko duelako, Joserraren pianoa izango da ardatza, nobelarako sortutako musikarekin, baina Maddi Oihenart eta Antton Valverderen ahotsak lagundua; ekitaldi likidoa izango da, ordubetez letretan, notetan, koloretan igeri egiteko

Ez da lehen aldia eskaini duzuena. Nola joan dira orain artekoak?

Orain arte Salburuako hezegunean, Arriagan eta Zuloa liburudendan eskaini dugu eta hauxe izango da laugarrena, baina osatuena hala ere, tokiaren eta aurrekontuaren arabera, eta Maddi Oihenart Oihenart lehenengo aldiz izango dugu gurekin.

Maddirekin Italian egon berria naiz, Bolonian eta Venezian, a capella kantatzen, eta haren belusezko ahotsarekin denok ere harrituta geratu ginen, adibidez nobelan ageri den ‘Belatzarena’ kantuarekin: ahaire zahar horrek hegaztiaren hegaldia irudikatzen du, baina hitzik gabe, eta hunkigarria da.

Diziplina ezberdineko artistekin lan egitera ohituta zaude. Zer nolako ekarpena egiten diote zure liburuari –eta ikuskizunari– Joserra Senperena, Maddi Oihenart edo Antton Valverderen tamainako musikariek? Azken lan honetan bereziki, pisu berezia du musikak, protagonista nagusia pianojolea baita.

Oso arlo, oso sentiberatasun desberdineko artistak dira guztiak eta uste dut horien artean lortzen den giroa, tempusa oasi ttiki baten antzekoa dela, indarberritzeko, errealitatera kementsuago ateratzeko; niretzat opari bat da, aukera ezin hobea denak eszenategi gainean elkartzea, eta oasi ere diot oso gutxitan gertatuko delako, horrexegatik preziatzen dugu horrenbeste aukera hau, eta eskertzen dugu Literaktumek emandako aukera hau.


“Pintoreengana, musikariengana hurbildu nahi izan dut”

Aspaldian, ikus-entzunezkoak eta literatura uztartzeko ahaleginean, zenbait ikuskizun edo performance bideratu ditu Patxi Zubizarretak. Ildo beretik dator 50 liburua, iaz Txalapartarekin plazaratu zuen nobela. Ondoko bideoan azaltzen du Joserra Senperena musikariarekin eta Mintxo Cemillán irudigilearekin izan duen hartuemana.

 


 

Maiatzaren 13an, Lugaritzen

Maiatzaren 13an asteazkena, 20:00etan Lugaritz Kultur Etxean, Donostian.

Sarrera doan: jezarlekuak bete arte. Lekua bete arte, gonbidapenak Literaktumeko egoitzetan jaso ahal izango dira, maiatzaren 6tik 12ra arte. Maiatzaren 13an, berriz, bakarrik Lugaritzen banatuko dira.

Antolatzailea: Literaktum.

Laguntzailea: Euskal Idazleen Elkartea.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.