“Perlak, kolpeak, musuak, traizioak”, Joxemari Iturralderen nobela berria

Joxemari Iturraldek pasa den astean aurkeztu zuen Perlak, kolpeak, musuak, traizioak nobela berria Pamiela argitaletxearen eskutik. Bertan Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolarien protagonismo berezia izango dute, baina eurekin harremanetan egondako hogeita bost emakumeren bitartez kontatu du istorioa.

perlak

Aurreko liburuekin baino dokumentazio lan handiagoa egin du Joxemari Iturraldek Perlak, kolpeak, musuak, traizioak nobela kokatzeko, idazteko. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañagaren bizitzen peskizan ibili da hiru urtez, eta haiekin harremanetan egondako hogeita bost emakumeren azaletik kontatu du istorioa. 1920. urte inguruan hasi eta 50-60 hamarkadetan bukatu du Iturraldek liburua, frankismoa indarrean zegoenean.

Honela dio liburuaren kontrazalak:

“Nobela honetan hogeita bost emakumeren bizitzen gorabeherak datoz, izandako amodioak, penak, traizioak, bozkario eta sufrimenduak azalduko zaizkigularik. Emakume sendoak, nortasun handikoak, asko bizi eta asko sufritu dutenak. Ia mende osoa hartzen duen historian emakume horiek hemen, edo Europa osoan eta baita Ameriketan ere, hainbeste pertsonaia famaturekin izango dituzte harremanak, horietatik batzuk erlazio estua izango baitute kirolari ospetsuekin, artista ezagunekin, eragin handiko politikari eta negozio gizon aberatsekin.

Horrela, liburu honetan Hollywoodeko zinema artista distiratsuak azaltzen dira, hala nola Lupe Vélez, Claire Bow, Gary Cooper, Dolores del Río; Paulino Uzkudun harroputza eta Isidoro Gaztañaga segaila, punta-puntako bi boxeolari euskaldunen adiskidetasun eta gorrotoz jositako harreman biziak kontatzen dira sakonean, ondo hasi eta oso gaizki amaitu zutenak, bi Euskal Herri betidanik kontrajarri eta arerio bortitz izandakoaren isla izaki; Ernest Hemingway idazle bikaina, Ladis Goiti doktore ahantzezina, Rosamunde Krügger emakume fatala, Strauss eta Perlo engainatzaile bitxiak… Glamour eta luxuzko bizimodu hori, modu zalapartatsuan aurrera zihoana, gerra zibilak apurtuko du, eta perlak, kolpeak, musuak, traizioak… zurrunbilo ero batean murgilduko dira”.

Eta hona hemen, egilearen hitzak aurkezpenean:

Albiste honen uberan:

Bi boxeolari ezagunen eta euren arteko traizioaren istorioa

Liburuaren pasarte bat Berrian

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.