“Nire zeregina da 2. eskuko liburuen beste erosleei oharkabean pasatako altxorrak erreskatatzea”

La Casa de Atrás dendako liburuzainarekin solasean: Carlos G. de Marcos

Bilboko Alde Zaharrean, Iturribide kaleko 39. zenbakian, badago liburu-denda aski berezi bat: La casa de atrás. Bigarren eskuko liburuak eta biniloak saltzen dituzte, eta baita fantzineak eta komikiak ere. Azkenik, tatuaje-tailerra daukate atzeko gelan. Proiektuaren sustatzaile Carlos G. de Marcosekin hitz egin dugu horrelako espazio bat sortzeko arrazoiez, aurrera jarraitzeko arazoez, literaturaz eta Bilboko jendeez.

 

casa de atras-colectivo juan de madre

Irudia: Colectivo Juan de Madre

11421623_841647015916266_435810484_n_1

Zelatan sortu zenuen La casa de atrás?

Ba, hasiera batean, behar bati erantzuteko. Lanik gabe geratu nintzen, disko-denda handi batean lan egin nuen hainbat urtez eta azkenean itxi egin zuten. Langabezia-saria jasotzen hasi nintzen eta ez nekien oso ondo zer egin. Oso modu errazean hasi zen kontua: nire iloba orduantxe hasia zen tatuajeak egiten eta tatuaje-estudio bat irekitzea proposatu zidan. Bera artean hasiberria zenez nire ideia izan zen zerbait berezia egitea, Bilbon ez zegoen zerbait irekitzea: tatuaje-estudio mordo bat daude hemen, baina ez hainbeste bigarren eskuko disko-denda eta bigarren eskuko liburu-denda are gutxiago. Orduan erabaki genuen geure indarrak eta geure pasioak batzea: tatuajeak, musika eta literatura.

Hasiera zail xamarra izan zen. Proiektua bideragarria izateko aukera oso gutxi zeuden. Instituzioek ez dituzte gauza ezezagunak gehiegi laguntzen, eta, horrez gain, bidean trabak eta oztopoak egoten dira beti, batez ere ekonomikoak. Ahalik eta aurrekontu txikienari eutsi genion eta gero lokal hau aurkitu genuen. Neure ilobak orain urtebete utzi zuen proiektua, baina neuk aurrera segitzea erabaki nuen. Tatuatzaile mordoa daude Bilbon, horietako batzuei deitu eta kito.

Irailean egingo ditugu 3 urte, eta esan daiteke arrakastatxo bat dela, Bilboko jendea nahiko kontserbadorea baita gauza apur bat ezohikoekiko. Are gehiago, esango nuke geure bezero gehienak kanpoan ibili izan den jendea dela, horrelako tokiak ikusi izan dituena atzerrian. Beraz, ulertzen dute gurea bezalako denda batek beste zerbait eskain diezaiekeela, Bilbon ez baitaude bigarren eskuko liburu-dendak, liburuak merke saltzeaz gainera erakusketak eta kontzertuak ere egiten dituztenak edo larunbat goiz batean tragoxka bat egiteko aukera ematen dutenak.

Hasieratik izan zenuen argi kontzertuak eta erakusketak egiteko beharra?

Bai. Gainera gauzak antolatzeak publizitatea ematen dizu, ez da hainbeste dirua irabazten duzulako. Gure idiosinkrasia bereziari esker prentsak asko deitu digu. Beraiei kuriosoa iruditu zaie, ez dakit zenbateraino ulertzen duten egiten duguna, baina albiste kuriosoa behintzat iruditu zaie.

Ekitaldiak antolatzeaz gain bestelako gauzak ere egiten dituzue denda ezagutzera emateko: sare sozialetan ibili, adibidez?

Maila guztiak daude beti martxan, noski. Ebentoak antolatzerakoan jendeak bata besteari kontatzen dio, eta sare sozialetan ere iragartzen dugu, batez ere Facebooken.

Hala ere, berriro diot, bilbotar ertainaren idiosinkrasia horrek eta izaera kontserbatzaile horrek asko eragiten du. Ia hiru urteren ostean, oraindik ere, ez gara guztiz ezagunak.

Horrez gain kontuan izan behar da jendea nola ibiltzen den hirian zehar. Gu ez gaude zentroan, bai ordea jendea asko pasatzen den kale batean. Hori ona izan daiteke, baina baita oso txarra ere, kale horretatik jendea igaro baino ez bada egiten. Jendea ez dator ezertara hona. Garai batean etortzen ziren droga bila edo dena delakoa, baina gaur egun ez. Eta bakoitza bere auzoetan ibiltzen da.

Jendea zer etortzen da tatuatzera ala disko eta liburuak erostera?

Une honetan jendea batez ere tatuajeak egitera etortzen da. Oso boladan dago, literatura eta musika baino gehiago, azken batean, futbolariek sustatutako gauza bat da. Kurioski, Athletic-eko jendea ez dago oso tatuatuta, baina bai irakurtzen dute. Oroitzen dut lehen lan egiten nuen tokira Iraola eta Urrutia joan ohi zirela eta liburuak erosten zituztela, Paul Auster asko gustatzen zitzaion azkenari.

Biniloen harira bada kontu bat: azoka mordoa daude Bilbon. Binilo-eroslearen ezaugarriei erreparatuta, normalean 30 urtetik gorako pertsona bat izan ohi da, gustu oso zehatzak dituena, eta bere aurrekontua azoka horietan gastatzen du. Gainera, gure materiala oso-oso berezia da, batez ere sixties, punk, new wave, power pop, musika beltza… saltzen ditugu, horrexegatik, are mugatuagoa da interesa izan dezakeen jendearen kopurua.

Liburuekin antzeko. Jendeak batez ere Plaza Barrian erosten ditu bigarren eskuko liburuak. Eta, ez dezagun ahaztu, jende gehienak nahi edo behar du esan diezaioten zer irakurri behar duen.

Zer liburu-mota dauzkazu hemen?

Nahiko eklektikoa naiz. Gustuko ditut klasiko greziarrak, baina baita literatura esperimentala ere, adibidez, Francisco J. Pérez edo William Burroughs. Ez dut ezein literatura bazter uzten, ikusten baldin badut kalitate onekoa dela. Hori bai, hemen ez duzu best-sellerrik topatuko, ez da neuk eduki nahi dudan literatura, ez duelako tokiaren izaerarekin bat egiten. Noiz edo noiz horrelako zerbait iristen bazaigu, euro batean ipiniko dut.

Musikarekin berdin. Jazza, musika industrialera, baina baita psikodelia, musika esperimentala… horixe da gustatzen zaidana eta mota horretako gauzak eduki nahi ditut hemen. Nire ustez, horrelako proiektu batean buru-belarri sartzen zarenean, zeure bihurtu behar duzu, ezinbestean. Produktu bat saltzeaz gain marka bat ere saldu behar dugu, nire iritziz. Tatuajeez ez dut ezer esango, ez baita nire alorra, baina musika eta literaturari dagokionez neure irizpideak dauzkat.

Eta nolakoa da La Casa de Atrás-en marka?

Eklektikoa, exotikoa eta esoterikoa.

 Nola lortzen dituzu liburuak?

Liburu gehien-gehienak, hasieran, neure bildumakoak ziren: irakurrita nituen liburuak baina ez zitzaizkidanak gustatu, berrirakurtzeko asmorik ez nuenak… Donazio asko ere egon ziren.

Horrez gain, noski, maite dut liburuak bilatzea, digger bat naiz. Iruditzen zait altxor ezkutu asko daudela, begi-bistan ezkutatuta daudenak, jakina, gauza gehienak bezala. Uste dut horixe dela nire zeregina, altxor horiek aurkitzea, seguru asko beste bigarren eskuko liburu-erosle batzuei oharkabean pasatuko baitzaizkie. Neuk harrapatzen ditut eta neuri dagokit liburu horiek argi berri baten pean ipintzea eta jendearengana helaraztea. Adibidez, aurreko igandean W. Sommerset Maughanen Magoa aurkitu nuen, bertan Aleister Crowleyrekiko ezinikusiaz hitz egiten du. Horren juxtu ondoan dago Paul Eluarden El poeta y sus sombras. Eluard poeta surrealista handietako bat da. Azken liburu hori adibidez best-seller pila batean sartuta zegoen, inongo aukerarik gabe, eta gustuko dut horrelakoak erreskatatzea.

Gomendioak eman zale zara?

Bezeroaren arabera. Batzuekin azkenean literaturari buruzko solasaldi interesgarriak izaten dituzu, eta jende-mota horrekin ez da beharrezkoa gehiegi gomendatzea. Literaturaz maila horretan gozatzen duena segituan blaitzen da izen guztiez. Noski, beti aurki daitezke izen berriak, artean ezagutzen ez zenituenak.

Gero, badago beste jende-mota bat ez duena sekula zeure gomendioa onartuko, esaten diozuna esaten diozula. Beste asko pagotxaren bila etortzen dira, euro bat edo bi balio duen liburu horren bila. Erosle bezala, nik neuk ere soilik galdetzen dut iruditzen bazait dendariak zerbait erakus diezadakeela edo harekin nolabaiteko harremana sortu badut, baina bestela neure senari jarraitzen diot.

Zer jende etortzen da gehiago, zer nahi duen garbi daukana, ala igaroan dabilena?

Tokia ezagutzen duen jende dexente gehiago etortzen da, hemen tarte bat igarotzera edo nahi duen zerbait erostera. Esan bezala, interesak dituen jendea, literaturakoak ala musikalak, saiatzen da beti hirian dauden gauzak ezagutzen. Azkenean, ia beti jende berbera da kontzertuetan edo kulturarekin lotutako bestelako kontuekin dabilena. Kurioso asko etortzen dira, baina ez dira gehienak.

Gustura zaude etortzen den jende-kopuruarekin?

Ez. Nahiago nuke askoz pertsona gehiago hurbilduko balira. Banekien ez zela erraza izango horrelako zerbait aurrera eramatea, baina ez nuen espero hain zaila izango zenik. Borondate asko eduki behar da eta zurekin dagoen norbait. Azken batean, bizitzen ari garen egoera honetan, jendeak gauza askori egiten die uko, bereziki kultura bezalako gauzei, hain ez-beharrezkoak. Jendeak nahiago du dirua aurreztu oporretan joateko, familiarekin sesioan aritzeko baina beste toki batean, edo Athletica ikustera joateko eta asteburuan mozkorra hartzeko.

Gogotsu zaude artean ere?

Bai, noski. Ez dakit hau nire bizitzako proiektua ote den, baina oso-oso gertu dago. Iruditzen zait, azken batean, Alan Moorek zioen bezala, ez baduzu zeure ametsa bizitzen beste batena biziko duzula, eta seguru asko bestearen ametsa amesgaizto izango da zuretzat. Kontua, beraz, zera da: zeure borondate osoa ipintzea ametsak edo dena delakoak aurrera egin dezan.

Noski, akaso egun batean atea itxi beharko dut. Baina ez litzaidake gustatuko une hori iristea neuk aurrez neure esku zegoen guzti-guztia egin izan gabe. Alegia, neure esku zegoen guztia egin dudala iruditzen zaidanean, neure burua behartuko dut apur bat gehiago egitera, baina hurrengo muga horretara iristen baldin banaiz, behintzat jakin nahi dut neure indar eta adimen guztia baliatu dudala, gutxi ala asko izan.

Onartzen dut, hala ere, erraza dela amore ematea. Neure ilobak berak nahiko azkar utzi zuen proiektua. Niri ez zitzaidan bereziki gaizki etorri, hala ere.

Kanpoan ibili izan den jendeak proiektua hobeto ulertzen duela esan duzu. Zeuri ere kanpotik etorri zitzaizun ideia, horrelako nahasketa bat sor zitekeela?

Kurioski, neu adibidez Madrilen bizi izan naizenean ikusi izan ditut horrelako gauzak, kafetegi eta liburu-denda zirenak aldi berean, eta ez zitzaizkidan batere gustatzen, erabat handiusteak iruditzen zitzaizkidan. Garai hartan ez zen hipster hitza existitzen baina horren baliokideren bat erabiliko nuke. Gaur egun ere ez zaizkit gustatzen, baina bueno, neurea bai.

Egia da, hala ere, Madrilen nengoela hona itzuli nintzela oinordetzan diru pixka bat eman zidatelako eta pentsatu nuelako diru hori erabilita liburu-denda bat ireki ahal izango nuela. Aspaldidanik neukan liburu-dendaren ideia buruan. Dena dela, dirua berehala agortu zitzaidan, eta uste dut liburu-denda une hartan sortzea ez zela emankorra izango; izan ere, liburu berrien denda bat sortu nahi nuen. Ordurako Madrilgo talde surrealistarekin ibilia nintzen, eta literaturaz gaur egun pentsatzen dudan berbera pentsatzen nuen. Hortaz, nire asmoa zen liburu berrien denda bat sortzea baina neuk interesgarritzat jotzen nituen izenburuekin. Argitaletxeetakoek azkar asko uxatu zizkidaten ilusioak: hau eta hau eta hau eraman behar duzu, eta gutxieneko eskaera X da. Gainera, irabazi-portzentajea oso-oso txikia zen.

Azkenean ere, buruan neukana ez zen hau, baina La casa de atrás askoz malguagoa da, ez baitiot inori konturik eman behar, soilik lokala alokatzen didanari eta Ogasunari. Bide batez, ondo legoke autonomoen kuota jaistea. Harira itzulita, toki hau askoz malguagoa da eta nahi dudan moduan antola dezaket, ez dut zertan saldu ez dakit zer argitaletxeren produktua. Garai batean pentsatzen nuen moduko zerbait sortu izan banu, lanarekiko pasioa berehala ahituko zitzaidan.

Besteak beste, bermutak antolatzen dituzue.

Helburu berezirik gabe ekin genion. Beste giro bat sortu nahi nuen dendan, bereziki asteburuetan, jende oso-oso gutxi ibiltzen baita. DJ sesioak antolatzen hasi nintzen eta aitzakia bat zen, funtsean, jazz eta soul disko on batzuk entzuteko, jendearekin hizketan aritzeko eta trago bat hartzeko… Gero, jendea animatzen bazen zerbait erostera edo tatuajeren bat egitera, ba are hobeto. Latako musikak ez zuen arrakasta handiegirik izan eta berehala etorri zitzaizkidan musikariak hemen jotzea eskainiz. Larunbatetan egitea pentsatu genuen, eta, hain juxtu, norbaitek iradoki zidan bermut-saio bat egitea. Nik hitzez hitz hartu nion aholkua eta bermuta prestatzeari ekin nion, saioetarako. Esan beharra dago jendeari ikaragarri gustatzen zaiola.

Zenbatean behin egiten duzue?

Ez daukagu data edo maiztasun finkorik. Eskaintzen didatenaren araberakoa izan ohi da. Ez dut nahi gozamenaren kutsu hori agortu dadin. Izan ere, astero egiteko konpromisoa hartzen badut, azkenean errutinazko zerbait bilakatuko da, nahiago dut pixkat bat sortzen denaren arabera joan. Seguru asko, negoziorentzat hobea litzateke zerbait finkoa izatea, jendeak erreferentzia gisa har dezakeelako. Baina agian pentsatuko dute: beste bermut bat, bai astuna! Bi aukera horien arteko zalantzan nabilenez, nahiago dut gozamenaren faktoreari eustea. Honezkero 20 bat kontzertu egin ditugu, eta batzuk benetan txarrak izan diren arren, beste batzuekin itzel ibili gara.

Liburu-aurkezpen batzuk ere egin izan dituzue…

Ez ditut nahi adina egiten, besteak beste, ez ditudalako hainbeste idazle ezagutzen, hemen inguruan ibili daitezkeenak. Jon Bilbao ezagutzen dut, adibidez, baina hau txikiegia da berarentzat. Pablo Gallok ere liburu bat aterako du baina bere argitaletxekoekin ez naiz ondo moldatzen.

Amaitzeko, gomendatuko zenizkiguke liburu-dendan dauzkazun bost altxor?

Jakina. Lehenik, Alfred Jarryren Todo ubu aukeratu dut. Gaztetan irakurri nuen eta zeharo markatu ninduen. Umore ironikoa eta sardonikoa jorratzen dituen literatura frantsesa ezagutzeko aukera eman zidan, barrearen eta patafisikaren aldarrikapena. Une hartan gehien eragin ahal izan zidan liburuetako bat da, eta erakutsi zidan umorea ere ezin eutsizko indarra izan daitekeela. Beti gomendatzen dut eta beti egongo da nirekin.

Bestetik, Joseph Conraden Ilunpeen bihotzean. Hitzak soberan daude, pentsatzen baitut literaturarekiko lotura duten pertsona gehien-gehienek ezagutzen dutela idazlea, ez bada liburu honekin besteren batekin. Funtsezko idazle bat da, heldua zela ikasi zuen ingelesa, eta hala ere hizkuntza horretako autore handietako bat da. Beste kultura batean barneratzeko borondate horrek arreta asko eman izan dit beti. Horrez gain, narrazioak berak sekulako indarra du. Deskubrimenduaren azken mugaz dihardu, ez hainbeste geografikoaz ezpada giza arimarena azken mugaz.

Gero, Mazurca para dos muertos, Camilo José Celarena. Egia esatera, orain gutxi irakurri dut liburua. Cela pixka bat ahaztua nuen, La colmena ezagutzen nuen, eta baita La familia de Pascual Duarte, baina ahaztu neukan, estatuan ere nahiko ahaztua dagoen moduan. Jendeak ez du ezagutzen eta are gutxiago irakurtzen. Hala ere, espainiar literaturako estilista handienetako bat da. Eta liburu hau itzela da, lehen 20 orrietan pertsonaia-sorta zinez izugarria aurkezten du. Horrelako pertsonaiak aurkitzeko ez dago zertan Indiara joan.

Ondoren, Luis Goytisoloren Ojos, círculos, búhos; Joan Ponsen marrazki miragarriekin. Erabat ederra iruditzen zait, eta ez dago batere aldarrikatua. Poesia dario, maila bisualean eta testuetan ere. Iruditzen zait batzuetan urrutira jotzen dela horrelako gauzen bila, eta sarritan pentsatu baino gertuago daude.

Azkenik, disko bat ere aukeratu dut. Azkenaldian exotica deitzen zaion horrekin zaletu naiz berriro, hor daude apur bat denetik egiten zuten autoreak. Eta horren barruan Tom Dissevelt eta Kid Baltanen Song of the Second Moon berreskuratu dut. 60ko hamarkadako esperimentazio elektronikoak biltzen dituzte. Hala ere, disko bati buruz ez da hitz egin behar, diskoak entzun egin behar dira.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.