Bi ale gehiago bilduma unibertsalari

Lispector eta Dovlatoven obra bana euskarara

Literaturian aurkeztu zituzten Literatur Unibertsala bildumako bi ale berriak. Erein eta Igela argitaletxeen eskutik ateratzen da bilduma honen hirugarren labealdia, eta EIZIEren ekimena da. Clarice Lispectorren Zorion klandestinoa ipuin-bilduma euskaratu du Iñigo Roquek, eta Amaia Apalauzak, aldiz, Sergei Dovlatoven Maleta eleberria ekarri du. Autore eta obrei buruzko zertzelada batzuk bildu ditugu albiste honetan.

DSC00404

Urtarrilean aurkeztu zituzten lau liburu: Sagan, Hesse, Duras eta West. Orduko hartan proiektuaren sustatzaile den EIZIEko lehendakari Iñaki Iñurrietak LU bildumaren azken labealdiraren ezaugarriak azpimarratu zituen: literatura garaikideagoko klasikoak lehenetsi nahi izan dituzte eta kanona zertxobait zabaldu. Azken bi aleok bat egiten dute Iñurrietak aipatutakoarekin.

Zorion klandestinoa

Clarice Lispector eta Iñigo Roque Eguzkitza

portada1041

Brasilgo literaturaren berritu zuen ahots nagusietakotzat jotzen da egun Clarice Lispectorren obra. Sortzez ukrainarra, ume-umetan joan zen gurasoekin Brasilera bizitzera. Bereziki ezagunak dira bere eleberri aski esperimentalak, tartean A paixão segundo GH edo Água Viva. Hélène Cixous literatur kritikariak zera idatzi zuen autorearen obrari buruz:

“Clarice Lispectorrek hizkuntza guztiak dakizki, baita isiltasunarena ere. Claricek maitasunaren bidez izendatzen du. Maitasunaren legea diktatzen du, baina axolagabekeria kaotikoan erori gabe. Ez ditu desberdintasunak erriprimitzen; aitzitik, formulatu egiten ditu, taxua ematen die. Izendatzea da besteei egin diezazkiekegun hamaika keinuetako bat. Laztan egitearen, begiratzearen, isilean dei egitearen parean. Claricek hizkuntza bera lantzen du, eta orobat aztertzen du nolako harremana duen gorputzarekin, zeinen erraz izenda daitezkeen gorputzik eta errealitaterik gabeko gauzak, hitzak besterik ez direlako.

Gizaki eta animalien aldea jorratzen du. Kexu da animalia ez izateagatik. Areago, bere baitako animaliaren bila dihardu. Haren lan-eremua ez da zientzia, baizik eta bizitza, heriotza, maitasuna”.

Kontakizunak ere barra-barra idatzi zituen Lispectorrek. Momentuz euskaraz irakur dakiokegun ale bakar honek 25 narrazio biltzen ditu. Iñigo Roque itzultzailearen iritziz, bigarren irakurraldian askoz sakonago gozatzen dira idatziok, Lispector misterioa sortu zalea baitzen. Itzultzaileak apailatutako hitzaurrean, Lispectorren literaturaren beste alderdi batzuei ere erreparatzen die: bestetasunaren eta niaren gaia sakon jorratu zituen Lispectorrek, eta bere literatura gehiago da sentimendu eta hausnarketara lerratua, egitate eta gertaeretara baino.

Maleta

Sergei Dovlatov eta Amaia Apalauza Ollo

portada1040

Lispectorrekin gertatu ez bezala, Dovlatoven eleberri bat bagenuen aurrez euskaraz: Konpromisoa, Iker Sanchok euskaratu eta Hiria etxeak argitaratua. Amaia Apaulazak ekarritako eleberri honen trama honelaxe laburbiltzen du itzultzaileak berak:

“Objektu gutxi batzuez beteriko maleta bat da. Dovlatovek Sobiet Batasunetik AEBetara emigratu zuenean berekin hartu zuen maleta. Emigratzeko asmotan dela, hara non esaten dioten hiru maleta besterik ezin duela eraman. Puskak biltzen hasi, eta ohartzen da hiru maleta ez, bakar bat aski duela bere ondasun guztiak sartzeko. Bere bizitza osoa maleta ezdeus batean bildurik. Eta halaxe abiatzen du kontakizuna, ipuin bat josiz maletan sartu zituen objektu bakoitzaren inguruan. Oroitzapen bat objektu bakoitzeko.

Eta halaxe harilkatzen ditu bere bizitzako zenbait pasarte, banan-banan, atzean utzi duen munduaren garratza, absurdoa eta zentzugabetasuna agerian utziz. Narrazio guztiak bere ohiko estilo arinean daude idatzirik: estilo arina, baina baita zorrotza, fina, gardena, sarkastikoa, garratza, ziztakaria ere. Eta vodkaz, vodka askoz bustirik”.

Dovlatov idazle errusiar ezaguna da, bizitza erdia AEBetan igaro zuen, erbestean. Nahiko gazte hil zen, 48 urterekin. Maleta eta Konpromisoaz gain beste zenbait eleberri idatzi zituen, umore ironikoa eta absurdoa landuz beti.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.