Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak gaur abiatuko dira, Antonio Hernándezen partehartzearekin

Poeta andaluziarrak Espainiako Sari Nazionala jaso zuen iaz

Azken urteotako ohiturari jarraituz, errezitaldi batekin hasiko dira jardunaldiak. Pako Aristi, Amaia Lasa, Emilio Varela eta Antonio Hernández poetak gaur arituko dira Victoria Eugenia Club aretoan.  Antonio Hernández andaluziarrak Poesiako Espainiako Sari Nazionala jaso zuen iaz. Gaur errezitatzen arituko da baina bihar hitzaldia eskainiko du Liburutegi Nagusiko aretoan. Poesia eta Pentsamendua jardunaldien zortzigarren edizioa izango da aurtengoa (Argazkia: Estitxu Zabala, Irutxuloko Hitza).

Poesia

Jardunaldiak gaur hasiko dira, poesia emanaldi batekin. Pako Aristi, Amaia Lasa (argazkian), Emilio Varela eta Antonio Hernández errezitatzen arituko dira Victoria Eugenia Club aretoan. Musika izango dute bidaide, Jon Makuso biolinjoleak eskainiko duena hain zuen. Saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta elebiduna izango da.

AmaiaLasa

Ekainak 15 astelehena, 19:30ean Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan.

Sarrera librea izango da baina ekitaldirako txartelak aurrez jaso behar dira Victoria Eugeniako leihatilan.


Antonio Hernándezekin solasean

Jardunaldiek solasaldi itxura hartuko dute bihar. Antonio Hernández izango da protagonista, eta Juan Ramon Makuso idazlea solasaldia gidatuko duena. Hernandezek (Arcos de la Frontera, Cadiz, 1943) poesia, nobela, saiakera eta prentsa artikulu ugari idatzi ditu. Iaz Poesiako Espainiako Sari Nazionala jaso zuen, Nueva York después de muerto poema bildumarekin. Kritikaren Sari Nazionala ere bitan jaso du.

Poeta, narratzailea. “Konprometitua bere garaiko kulturarekiko”. Halaxe definitu du Makusok Hernándezen izaera. “Espaina mailan hainbat sari jaso ditu. 22 hizkuntzetara itzulita dago, poesian zein narratiban”, hori ere nabarmendu du Errenteriako idazleak.  Nueva York después de muerto liburuarekin sari nazionala jaso zuen iaz. Makusoren esanetan,  “obra honetan hiru mitologia azaltzen dira Nueva York, mitoa eta errealitatea; Federico García Lorca eta Luis Rosales. Kontzientzia poetikoaz bertan dihardu. Bilakaera bat da aurkitzeko osotasunezko poetika bat”.

PoesiaPentsamendua

Ekainaren 16an asteartea, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Donostiako Liburutegi Nagusian. Antonio Hernándezen solasaldia (irudian) gazteleraz izango da. Sarrera, librea.


Kartela, Imanol Larrinagarena

Aurtengo jardunaldien kartela Imanol Larrinagarena da eta Antonio Hernándezen poema bat hartu du oinarri: “Comprendo que la luz solamente se enciende cuando se va apagando” .

OLYMPUS DIGITAL CAMERA


 

“Beti ari gara itzultzen”

Jardunaldiekin batera, Poesia eta Pentsamendua ekimenaren sustatzaileek manifestu bat plazaratu ohi dute. Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxotekoren sinadura darama aurtengo idatziak: Greziarrak eta gu.

 

Greziarrak eta gu

Greziarrengandik dator gustatzen zaigun poesia: Homero, Hesiodo, Safo, Pindaro… Kavafis, Elytis, Seferis, Ritsos… Handik datoz ere gizakiaren jakin-mina argitu duten pentsalariak: Tales, Heraklito, Parmenides, Sokrates, Platon, Aristoteles… Grezia zen erromatarren ispilua; Homerorik gabe nekez idatziko zuen Virgiliok Eneida idatzi zuen bezala. Zizeronek eta Senekak greziar ereduetatik abiatu ziren beren eredu propioak sortzeko. Antzerkia han sortu zen: Eskilo, Sofokles, Euripides… Katulok maisuki bereganatu zituen Aristofanesen lezioak. Errenazimenduak Grezian jarri zuen begirada, Mediterraneo itsasoan. Humanismoaren lehen haziak eskualde hartan loratu ziren, baina Grezia muga geografikoak gainditzen dituen lurralde bat baino askoz gehiago da. Hölderlin greziarra zen. Nietzsche ere greziarra zen. Röckenen jaiotako filosofoak, munduaren ikuskera apoliniarra eta dionisiarra bereizi zituenak, zerbaitegatik esan zuen ia garai eta kultura maila guztiak behin eta berriz saiatu direla greziarrengandik askatzen, aldarte txarrez askatzen saiatu ere; izan ere, greziarren parean, ondorengo kulturek sortutakoak —itxuraz originala eta miresgarria izan arren— kolorea eta indarra galtzen du berehala. Ildo beretik, Artxipelagoa izenburuko poeman, Hölderlinek gogorarazi zigun Atenas hura galdua zela, eta isildua zegoela agorako ahots ekaiztsua: “Norbera bere lanetan hartua, norbere burua bakarrik entzunez tailer iskanbilatsuan, eta basatiak gogor lanean beso ahaltsuz, atsedenik gabe….”

Ogia eta ardoa elegian, berriz, Hölderlinek bidegurutze baten aurrean jarri zituen poetak: zertarako poetak garai larrietan? Beste greziar batek, Heideggerrek hain zuzen ere, saiakera labur bezain argigarri bat eskaini zion bertso horri, eta lotura esanguratsua egin zuen Hölderlinen eta Rilkeren artean. Heidegerren ustez, Hölderlin izan zen garai larrietan bizi ziren poeten aurrekaria. Auschwitz eta poesia lotzen dituen Adornoren esaldi famatua ere Hölderlinen haritik dator. Zertarako poesia? Galderaren zentzua areagotu genezake Camusekin batera: zertarako bizitza? Azken batean, ez dago ziurtasun beterik, eta zalantzaz zalantza gabiltza, erdizka egindako izaki kontraesankor gisa. Zertarako? Ez dago erantzun zehatzik, baina zentzu halako bat bilatzen ahalegintzen gara, harria mendi gailurrera berriro igotzen saiatzen zara. Horretan ari dira gaur egungo greziarrak ere, orduko haien ondorengoak, duintasuna berreskuratu nahian. Argi urdinak ihes egin digu eskuetatik, baina malkoak eta sufrimendua korapilatzeaz nekatuta gaude. Amets egiten duten greziarrak Homero dira, eta zer zen Homero amets egiten zuen greziar bat ez bada? Mundua eraldatzeko ezinbestekoa da amets egitea.

Odiseok bidaia luzea egin zuen sorterrira, sustraietara itzultzeko. Ithakak bidaia eder bat eman zion, eta Ithaka gabe ez zen sekula abiatuko. Beti ari gara itzultzen. Beharbada, garai hobeak izan direla gogoratzen dugulako, argia eskaini diguten garaiak izan badirelako, lurretik altxatu eta ibiltzen segitzeko beharra sentitzen dugulako.

Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello Otxoteko 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.