Itzultzen direnen istorioa

Americanah eleberria argitaratu du Chimamanda Ngozi Adichiek

Idazle nigeriar garaikide ezagunenetakoa dugu Chimamanda Ngozio Adichie. Narrazio-liburu bat eta hiru eleberri kaleratu ditu, eta, horrez gain, hainbat hedabiderekin kolaboratzen du, hala nigeriarrak nola estatubatuarrak. Iritzi-emaile gisa egindako lanak sona handia ekarri dio. TED erakundearen eskutik emandako bi hitzaldik harrera beroa izan dute nazioartean. Gaur egun, idazteaz gain, idazketa-irakasle gisa dihardu nagusiki.

51L3ktA41ZL

Orain bi urte kaleratu zuen Chimamanda Ngozie Adichiek bere hirugarren eleberria, Americanah, seirehun orri inguruko nobela mardula, bi pertsonaia nagusien eta batik bat Ifemelu narratzailearen bizitzako 30 urte kontatzen dituena. Nigeria eta AEBetan kokatzen da istorioa, hain justu ere, nigeriarrek Americanah esaten diete AEBetan bizi izan ondoren sorterrira itzuli eta handiuste aritzen direnei.

Horietako bat dugu Ifemelu, AEBetan hamahiru urte eman ondoren, nobelaren hasiera-hasieran Nigeriara bueltatzea erabakitzen duen kazetaria. Harritu egiten ditu ingurukoak Ifemeluren hautuak: unibertsitatean lan egiten du ikerlari, bikotekidea dauka… egonkortasuna, funtsean. Eta klase ertainaren bizimodu lasai eta arazo larriegirik gabea. Zergatik arraio itzuli nahi du askoz egoera okerragoan dagoen bere jaioterrira? Ifemeluren ibilbidearen berri izan ahala, erabakiaren nondik norakoak hobeto uler daitezke.

Bi pertsonaia nagusi aipatu ditugu hasieran. Nor da bestea? Ifemeluren betiko mutil-laguna, Obinze, Ifemeluk ez bezala AEBetara ikastera joateko aukerarik izan ez zuena eta horren penaz Nigerian geratu zena. Helduaroan andre eder bat eta lanpostu arrakastatsu bat lortu dituen arren, zalantza handiak dauzka bere bizitza-eredu horren bueltan, andrearekin ez duelako ezer konpartitzen, eta lanpostuari eusteak derrigorrean baitakar bere nagusiaren negozio ustelak onartzea.

Atzera eta aurrerako kontakizunek eta flashback-ek bilbatzen dute kontakizuna. Gaztaro eta haurtzaroko oroitzapenak Nigerian, AEBetako lehenengo garaiak, unibertsitatea hasi berritan ikasleek egindako grebak, Obinzerekiko harremana…

Horrez gain, AEBetan idatzitako blog baten pasarteak ere txertatzen dira tarteka. Arrazari buruzko blog bat da eta horri esker AEBetan beltza izateari buruzko hainbat gogoeta mamitsu uzten ditu autoreak. Besteak beste, beltz estatubatuarren eta ez-estatubatuarren arteko aldeak izaten ditu maiz hizpide. Identitatea eraikitzeko bestearen beharra argi geratzen da, besteak beste, Nigeriara itzultzen denean lagun estatubatuarrek galdetzen diotenean ea zergatik ez duen bloga idazten jarraitzen. Zera erantzuten du Ifemeluk: AEBetara joan arte ni ez nintzen beltza. Nigerian ez nintzen beltza, gainontzeko guztien bezalakoa nintzen. Hemen idazteak ez leukake zentzurik.

Amu gisa ekarri nahi izan dugu Adichieren obra, sarritan Afrikako herrialdeetako sorkuntzara iristea zaila zaigulako, eta Adichieren arrakasta dela-eta, eskurago daukagulako eta ondo merezi duelako irakurria izatea. Bereziki Americanah hau, egoera “hobe” batean bizitzeko aukera izan arren sustraietara itzultzen den baten istorioa dugu, iragan kolonialaren zamak, gaur egun zer bide hartzen dituen ikasteko aukera paregabe bat.

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.