Ilustratzaileen Txokoak maizter berria du: Leire Urbeltz

“Nire ibilbidearen muestrario bat izango da bertan ikusgai”

“Liburuetan argitaratuako irudien originalak, arte edizio txikiko aleak, sortutako bestelako objektu eta paperetako panpinak, nire irudiekin nire ahizpak ekoiztutako hatz txontxongiloak eta ziriborroen koadernoak”. Leire Urbeltz ilustratzaile nafarrak aditzera eman digunez, bere ibilbidearen lagin bat aurkituko dugu Ilustratzaileen Txokoan (Donostiako Aiete Kultur Etxean).

Leire1

Ekainaren 14ra arte Belen Lucasen lanak egon dira ikusgai, orain Leire Urbeltz nafarraren sorkuntza lanez gozatzeko aukera dago. Irailaren 13ra bitarte iraungo du Urbeltzen erakusketak Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan.

 

Irudigileen agertoki

Galtzagorri Elkarteak Donostia Kulturarekin batera sortutako Ilustratzailearen Txokoak hartuko duen hamaikagarren ilustratzailea izango da Urbeltz.

2012ko urrian inauguratu zenetik, bertatik igaro dira Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta eta Belen Lucas.

 

Aniztasunaren adierazle

Euskal irudigileen erakusleiho bihurtu den txoko honetan, belaunaldi eta joera desberdinetako ilustratzaileen lanak izan dira ikusgai. “Beste behin ere, aniztasun horren adierazle eta ilustratzaileen belaunaldi gaztearen adibide izango da Leire Urbeltzek bere lanekin beteko duen txokoa”, Galtzagorritik aditzera eman dutenez.

Leire2

Ordutegia:

Asteartetik ostiralera: 16:00 – 20:30 (Ekainaren 23tik aurrera – irailaren 4ra arte: 10:00-14:00).

Larunbatak: 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00.

Igandeak: 10:00 – 14:00.

Astelehenak eta jaiegunak: itxita.


Gaztetatik, sorkuntzara emana

Leire Urbeltz Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu zen, Arte Ederretako Margolaritza alorrean. Ondoren, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Ilustrazio Sortzailea eta Ikus-entzunezko Komunikazio Teknikei buruzko ikastaroa egin zuen. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte eta Arte Ederretako Ikerketa eta Sorkuntza Masterra ere egin zuen 2011n. Azkenik, i con i eskolan Haurrentzako Album Ilustratua Masterra burutu zuen 2013an.

Hainbat beka ere eskuratu ditu: besteak beste, BilboArte Fundazioak eta Galtzagorri Elkarteak (Marraz(i)Oak topaketetan parte hartu ahal izateko beka.

Pekingo Manga Art Studiok eskainitako egonaldi-beka bat ere eskuratu zuen.

Galtzagorri Elkartearen bitartez, haur eta gazte literaturaren munduan murgiltzen hasi zen Yolanda Arrieta idazlearekin batera. Amarunen Alamandrea izan zen elkarlanean sortutako lehendabiziko lana. Gerora beste euskal idazle batzuen testuak ere ilustratu ditu: Castillo Suarez, Joxe Mari Elexpuru eta Itziar Madinarenak hain zuzen. Baina bestelako lanak ere egin ditu: almanakak eta Sancho el Sabio liburutegiaren 50. urteurrenerako erakusketaren katalogoa. Hainbat arte erakusketetan parte hartu du. Horien artean, Canvas Galeriak eta Bilbao Arte Fundazioak antolatutakoetan.

Ilustrazioari lotutako hezkuntzan ere badihardu. Hala, tailer eta ikastaroak eskaintzen ditu, besteak beste Iruñeko Chundarata liburu dendan eta Kocograpa Sormen Grafikoari eskainitako Gunean. Huarteko (Nafarroa) Arte Garaikideko Zentroko hezkuntza ekintzen diseinuaren arduradun taldearen parte izan da 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.