Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria

Sariketa berria da eta dirua argitaletxeak eta itzultzaileak partekatuko dute

Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak euskararen eta euskal kulturaren sustapenean elkarlanean aritzeko bide berri bati ekin diote. Bide horretan sinatu duten lehen hitzarmenaren ondorioz gaur bertan zabaldu den Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria sortu dute. “Deialdi honen bidez jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obra baten itzulpen lan bat sarituko da eta, horrela, euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea gure eremutik kanpo sustatu nahi dute bi erakundeek, elkarlanean”, Etxeparek aditzera eman duenez.

Etxepare1

Deialdi honen xedea da jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obra baten itzulpen-lan bat saritzea. Sariak itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza sarituko ditu. Hori dela eta, saria argitaletxeak eta itzultzaileak partekatuko dute. 4.000 euro jasoko dituzte argitaletxeak eta itzultzaileak, erdibana. Sariaz gain, 2.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute saridunek sari-banaketara etorri ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, ekitaldiak, publizitate kanpainak, medioetako elkarrizketak…).


Hautagaitzak bete behar dituen baldintzak.

-  Eskabidea itzultzaileak, argitaletxeak nahiz liburugintzaren, literaturaren nahiz itzulpengintzaren arloko bestelako eragileren batek egin ahal izango du.

-  Itzulpenak 2014. urtean argitaratutakoa izan beharko du.

-  Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obra baten itzulpena izan behar du.


Hautagaitzak aurkezteko lekua eta epea.

Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 1ean amaituko da (egun hori barne).

Eskabidea (I. eranskina) eta dokumentazioa ondorengo moduetakoren batean aurkeztu beharko dira:

-  Zuzenean Etxepare Euskal Institutuan. Prim kalea 7. 20006 Donostia (8:30etik 14:00etara).

-  Jaurlaritzaren ZUZENEAN zerbitzuetan.

-   Ziurtatutako posta bidez, goian adierazitako helbidera bidalita.

Eranskina http://www.etxepare.eus helbidean egongo da.


Aurkeztu beharreko agiriak

Eskabidearekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

-   Itzulitako liburuaren ale bat.

-   Itzultzailearen Curriculum Vitae-a.

-   Argitaletxeari buruzko txostena


Hautapen-batzordea

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da.

Honako hauek izango dira bertako kide:

Lehendakaria: M. Aitzpea Goenaga Mendiola, EEIko zuzendaria. Bozketan berdinketa balego harena izango da boto erabakigarria.

Batzordekideak:

Laboral Kutxako ordezkaria

Arloko hiru aditu.

Idazkaria: EEIko Euskara eta Kultura teknikari bat, hitz egiteko eskubidearekin, baina botorik gabe.


Hautapen-irizpideak

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 100 puntu lortu ahal izango dira:

- Itzulpena: gehienez 45 puntu.

Itzulpenaren atalean ondorengoak hartuko dira kontuan: itzultzailearen ibilbidea (sariak eta kritikak barne direla), lanaren kalitatea, itzulpenaren zailtasuna eta egokitasuna.

- Argitalpena: gehienez 45 puntu.

Argitalpenaren atalean ondorengoak baloratuko dira: argitaletxearen garrantzia, edizioa bera, itzulpena argitaratu den sailaren kalitatea, promoziorako egindako ekintzak, webgunea eta harrera kritikoa. Deialdi honen ondorioetarako, ez dira kontuan hartu Etxepare Euskal Institutuak bere osotasunean antolatu edo finantzatutako ekintzak.

- Itzulpena zuzenean euskaratik egindakoa izatea: 10 puntu.

Ebazpena honako helbide honetan argitaratuko da: http://www.etxepare.eus


Sari banaketako ekitaldia

Sari banaketako ekitaldia irailaren 30ean izango da, Itzultzaileen Nazioarteko Egunean, EEI-k eta LABORAL KUTXAk adostutako lekuan.


Ordainketa

Saria onartu eta hilabeteko epean egingo zaie ordainketa argitaletxeari eta itzultzaileari, erdibana.

Sariaz gain, 3. artikuluan aipatutako promoziorako 2.000 euro arteko laguntzaren zenbatekoa egindako promozio-lana justifikatu eta hilabeteko epean ordainduko zaio argitaletxeari. Horretarako, gastua justifikatu beharko du jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak aurkeztuz. Egindako promozioari buruzko txostena ere aurkeztu beharko du fakturekin batera.

Etxepare2

Gaur sinatu da Etxepare eta Laboral Kutxaren arteko hitzarmena.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.