Philip K. Dick-en ipuinekin “Ordaina” bilduma plazaratu du Meettok argitaletxeak

Pasa den astean aurkeztu zuten Donostian Philip K. Dick-en ipuinekin osatutako Ordaina liburua, Meettok argitaletxearen eskutik. Aritz Gorrotxategik itzuli ditu testuak, Iban Zalduak egin du hitzaurrea.

philip-k-dick

Hamaika narrazio kronologikoki ordenatuta biltzen dut Ordainak, Meettok argitaletxekoen esanetan “Dicken estiloa eta bilakaera hurbilagotik eta zehaztasun handiagoz hautemateko”.

Aritz Gorrotxategik itzuli ditu narrazioak. Ordaina liburuaz gain, azken asteetan emankor ageri zaigu Aritz Gorrotxategi euskal letren plazan: Koldar hutsa zara (Erein) nobelaren argitalpena, “Poesia eta pentsamendua” jardunaldien antolakuntza, edota kulturaren inguruko iruzkingintzan.

Iban Zalduak idatzi du liburuko hitzaurrea, eta berak lagundu zuen Aritz Gorrotxategi aurkezpen egunean. Aurkezpenean irakurritako testua irakurri dezakezue Zalduaren blogean: Hamaika arrazoi Philip K. Dick (euskaraz) irakurtzeko.

Bertatik atera ditugu lerro hauek, zientzia fikzioa hizpide: “Dickek, generoaren konbentzioak eta topikoak bete-betean erabiltzen dituen arren –bidaiak denboran eta izarretan  zehar, alienigena zein errobotekiko harreman gatazkatsuak, espazioaren koloniakuntza, apokalipsiak eta postapokalipsiak…–, modu berezian egiten du, zentzu oso filosofiko eta hausnartzaile batekin: goi literaturarako ohikoa den maila iristen du maiz, hondakin-materialak diruditenetatik abiatua baina”.

ILLUSTRATOR 5

Liburuaren sinopsia

Esku artean duzun liburua Philip K. Dicken narrazioen bilduma bat da. Gehienbat nobelengatik ezaguna bada ere, Dickek harribitxi ugari idatzi zituen ipuingintzaren generoan. Ipuin horietako batzuk film ezagunen oinarri izan dira; esaterako, Minority Report (Gutxiengoaren txostena). Guztira, hamaika narrazio kronologikoki ordenatuta biltzen ditu ORDAINAk, Dicken estiloa eta bilakaera hurbilagotik eta zehaztasun handiagoz hautemateko.

“Dick XX. mendeko hamar idazle handienetakoa da AEBetan, eta hori esatea ez da gutxi. Kafka moduko bat zen, azido lisergikotik eta amorrutik igaroa”. Roberto Bolaño

“Philip K. Dick ezinbesteko idazle bat da, norbaitek-asmatu-beharko-luke motako idazle horietako bat”. Jonathan Lethem

“Ez dut uste Thomas Pynchon, David Foster Wallace, Don DeLillo edo Jonathan Lethemena bezalako obrak, Dickenetik urrun egonda ere —haien hizkuntzarekiko harremanean, batez ere, guztiz uler daitezkeenik Dick aurretiaz existitu izana kontuan hartu gabe”. Iban Zaldua

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.