‘Erlea’ren hirugarren hegaldia

Eleak jaten dituen Txinako liztor bat topatu omen dute Irunen. Gu erleak irakurriz lerrokatu nahi izan dugu arrisku oro, eleen eztia dastatzearren. Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du eta Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz.

Azaroaren hastapenean aurkeztu zuten Erlea aldizkariaren hirugarren alea. Ordutik aukera izan dugu haren hegaldiaren uberan murgiltzeko, orrion barneak, iskinak, azalaren koloreak erabiliaren erabiliaz zimurtzeko. Behinola aitzindari eta are eragile izan ziren aldizkarien funtzioa betetzen dute egun Interneten ematen diren proiektu askok, gutxi dira paperean topatzen ahal diren erreferentziak. Erlearen kasuan, begien lehenengo hegaldian aldizkari klasikoen presentzia topatzen ahal du irakurleak: genero aniztasuna, edukiak artearen beste eremuetara gerturatuko dituzten marrazkiak, pinturak, irudi-erreferentziak. Estetikatik abiatuta sorpresarik ez agian. Kontrazalean bilduta ageri diren izenen zerrendatik etortzen ahal da lehenengo talka erakargarria, belaunaldi eta literatur-ahots aldetik anitza baita eskaintza. Edukietan murgildu orduko hegaldian berriz harridura ikur berriak batuko zaizkio hegaldiari; Atxagak berak esan zuen aurkezpenean: ‘nire ustez hemen irakurri ahal diren testuak kalitate handikoak dira. Azaltzen diren testuetan irakurleak hamaika mila gauza aurkitu dezake, batek kontsolamendua, besteak entretenimendua, hurrengoak auskalo zer’.

Bestetik, artikuluak egiteko moduan lehen aletik arnas berria eman dio Erleak paperezko proposamenari: haren objektuetatik gerturatu dira Vicente Ameztoyren mundura, poetari poema baten atzeko aldea erakusteko eskatu diote, gogoetarako amua luzatu diote hainbat itzultzaileri, idatzizko kritikaren ohiko taxuetatik harago elkarrizketakatean jarri dituzte kritikariak, prentsaren iraungitze datei aurre eginez 2003an Miel A. Elustondok Mohamed Xukri-ri eginiko elkarrizketa berreskuratu dute…

Eta Ipar Euskal Herria, ale honetan. Eta Aljeria, Magreb, Afrika. Artikuluen eta bestelako testuen arteko loturak sumatzen ahal dira han-hemenka. Ez beti, baina bai sarri. Eta Sarrionandia, gaiarekin estekaturik eskaini baitute haren liburu berria izango denaren parte bat: Tuaregen poesiaren amaiera.

Laburbilduz: Piarrez Aintziart, Pedro Alberdi, Jon Alonso, Kepa Altonaga, Koldo Biguri, Jean-Louis Davant, Unai Elorriaga, Miel A. Elustondo, Fermin Etxegoien, Lucien Etxezaharreta, Estibalitz Ezkerra, Patxi Ezkiaga, Aritz Galarraga, Felix Ibargutxi, Jacinto Iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Edorta Jimenez, Felipe Juaristi, Karmelo Landa, Manu Lopez, Joseba Luzuriaga, Xabier Montoia, Jabier Muguruza, Koro Navarro, Xabier Olarra, Lourdes Oñederra, Lourdes Otaegi, Pello Otxoteko, Fernando Rey, Eider Rodriguez, Beñat Sarasola, Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Juan Luis Zabala. Azala Gonzalo Etxebarriarena da, eta ilustrazioak eta argazkiak Anne Rearick, Zaldi Ero, Ernesto Valverde eta Erramun Landak sinatzen dituzte.
Liztorrek papera jaten ez duten bitartean, salbu dago elea.
Jarraitu berri honen ubera Berrian eta Eitb-n.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>