Urruzunotarrak gehituz doaz

Egonaldia literarioaz gozatzen ari dira aurten sarituak izan diren gazteak

Krisi ekonomikoaren eta aurrekontuen berrantolaketaren ondorioz, bertan behera geratu zen Urruzuno lehiaketa. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Urruzunotarrak Gehituz izeneko ekimena abiarazi zuen 2012an. Sariketara aurkezten diren 20 lan hautatzen dituzte eta lan horien egileei bost eguneko egonaldiaz gozatzeko aukera eskaintzen zaie. Iragan astelehenetik hasi eta ostirala bitarte, euren sormena lantzeko aukera izango dute Elgoibarko Abuixa aterpetxean. Maite Franko, Jon Martin eta Yolanda Arrieta izango dituzte bidailagun.

aubixa

Urruzunotarrak Gehituz ekimena Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua dago. Poesia nahiz prosa idatziak aurkeztu daitezke eta, lan guztien artean, epaimahaiak 20 egile hautatzen ditu. Sari gisa, egonaldi literario batean partehartzeko aukera eskaintzen zaie. Eta egonaldi horretan, idaztearekin zerikusia duten arlo ezberdinak lantzen dituzte.

2015ean sarituak izan diren 20 gazteak hasi dira sariaz gozatzen. Aubixako egonaldian dira ostirala bitarte. Yolanda Arrietaren eskutik, literatura-tailerretan parte hartuko dute; Maite Frankorekin berriz, antzerki-jolasak eta gaubela literarioak landuko dituzte; eta Jon Martinekin, azkenik, afalosteko musika emanaldiak.

Egunotan, eskulanak egiteko tartea ere izango dute, bai eta irteera ludikoak egiteko ere, Hondarribira eta Hendaiako Abaddia gaztelua bisitatzera.


Idazteko zaletasuna indartzeko xedea

Arestian esan bezala, urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatura lehiaketaren jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatura ekimena. 30. ediziora iritsi da aurten lehiaketa. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua.


118 lan aurkeztu dira

Aurten 118 lan aurkeztu dira eta horietatik 20 aukeratu ditu epaimahaiak. Castillo Suarez, Katixa Agirre, Leire Bilbao. Miren Agur Meabe eta Urtzi Urrutikoetxea izan dira epaimahaikide.

2015eko edizio honetan saritu gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Sagastiberri bilduman, eta laster banatuko da eskola guztietara.

Urruzuno2015

Atzo batu ziren Elgoibarko Abuixa aterpetxean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.