Txerra Rodriguezek “Sutondoko kontuak” liburua argitaratu du

Autoedizioaren bidetik plazaratu du Txerra Rodriguezek Sutondoko kontuak lan berria. Txatalez osatutako lana da, han-hemen bildutako “kontuez” osatua, soziolinguistikak eta haren dibulgazioak lotuak datoz guztiak. Egileak berak azaldu dizkigu lanaren nondik-norakoak. (Irudia osorik barruan).

sutondoko kontuak (2)

Autoedizioaren bidea aukeratu du Txerra Rodriguezek Sutondoko kontuak argitaratzeko. Aurretik Sechu Senderen Made in Galiza liburuaren itzultzaile gisa ezagutu dugu Hitzen Uberanen.

Sutondoko kontuak azaroaren 23an aurkeztuko du estreinako aldiz, 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian. Aingura hegodunak atalean liburuko BI TESTU irakurri ditzakezue.

Egileak berak eman dizkigu liburuari buruzko azalpenak:

Ipuinak eta soziolinguistika, liburu hau ulertzeko bi oinarri. Zer du fikzio-literaturatik, zer saiakeratik?

Fikziotik gutxi du liburuak, Saiakeratik du gehiago. Baina lehenengo momentutik ahalegina egin dut saiakera aspergarri eta astun horien tankerakoa ez izaten. Horregatik, kontu laburrak erabili ditut, gehienak orrialde batetik beherakoak. Arina egin nahi izan dut, ahalik eta zabalen egitea gura izan dut saiakera, ahalik eta jende gehiagorengana iristeko asmoarekin. Horrek ez du esan gura zorrotza ez denik, zorrotza bada izan.

Liburuak ere badu biluztetik nahikoa. Nire bizitza propiotik pasadizoak hartu ditut (lagunartekoak, familiakoak eta abar) eta gako soziolinguistiko batzuen arabera saiatu izan naiz aztertzen. Era berean, lapurreta asko duen liburua da. Nik ez dut ulertzen zientzia lapurren artea ez bada. Hau da, soziolinguistikan eta beste edozein adar zientifikoan aurrera egiteko modua da besteek esandakotik edatea, besteek esandakoa hartu, hobeto edo larrutzea eta hortik material berriak sortu. Eta, gutxi asko, hori irudikatzen saiatu izan naiz liburu honetan.

Hauxe duzu testu propioekin osatutako lehen lana. Itzulpengintzan murgilduta egon osteko urratsa da, edo lehenagotik izan duzu testu propioak idazteko joera?

Itzulpegintza izan zen lehenago, baina itzulpengintza literariora jo aurretik hasi nintzen testu propioak idazten. Garaigoikoa izeneko blogean (http://blogak.com/garaigoikoa) hasi nintzen orain dela 9 urte. Egia da, hasiera batean ikasitakoa ez galtzeko eta neure buruari egunean egoteko hasi nintzela. Baina denbora pasatu ahala, gustua hartu eta ehunka artikulu argitaratu dut ordutik. Eta, zentzu batean, bloga bera izan zen itzulpengintza literariora (eta itzulpengintzara, oro har) bultzatu ninduena.

Autoedizioaren bidea hartu duzu liburu hau plazaratzeko. Zergatik? Hasieratik izan duzu argi hori izango zela bidea?

Hasiera batean, liburuko testuak idatzi egin nituen Pamielak sustatutako Juan Zelaia saria buruan nuela. Azken bi urteotan ez da saririk izan eta haiekin harremanetan jarri nintzen argitaratzeko. Baiezkoa jaso arren, azkenean ez da gauzatu eta, orduan, testu horiei neure kabuz irtenbidea ematea erabaki nuen, inguruko batzuen desanimoak jaso ostean. Hala ere, nire ustez, gero eta aukera gehiago daude autoediziorako eta hurrengo libururik eginez gero, segur aski autoediziora joko nuke hasiera-hasieratik.

Salmenta puntuak eta aurkezpen egunak lotzen ari zara apurka. Nolako aurkezpenak izango dira?

Salmenta puntu batzuk zehaztuta ditut dagoeneko. Bilbon Anti liburu-dendan egongo dira liburuak, Derion Arinkan, Ondarroan Zurrumurrun, Algortan Hiruka eta Bizarra Lepoan-eko bulegoetan, Arrasaten Olgetan, Iruñean Katakrak eta Karrikirin, Maulen, Donapaleun eta Garazin ere izango da salgai. Durangoko azokan ere egongo naiz, autoedizioen mahaian. Eta beste herri batzuetan ere ari naiz, nahiz eta guztiz konfirmatuta ez izan.

Aurkezpenak ere prestatzen hasi naiz. Lehena izango da Bilboko Kafe Antzokian, azaroaren 23an, arratsaldeko 7etan eta Derion ere izango da abenduan. Durangoko azokako Areto Nagusian ere aurkeztuko dut liburua, abenduaren 6an, arratsaldeko 16:00tan. Maulen eta Donapaleun ere aurkezpenak egiteko asmoa dut.

Aurkezpenak zelakoak? Ba, saiatuko naiz leku bakoitzean ezberdin egiten. Guztietan irakurriko dut liburuko pasarteren bat edo beste, guztietan saiatuko naiz aurkezpenaz gain zerbait eskaintzen (Derion txakolina adibidez). Eta denbora badut, ikus-entzunezko zerbait ere eramango ditut aurkezpenetara.

Sechu Senderen lanak itzuli dituzu, tartean Made in Galiza. Nolabaiteko eragina izan duzu hura liburu hau idazterakoan?

Duda barik, Made in Galizak eragina izan du. Baina ez da inondik ere haren moldatze edo euskarara ekartze bat. Ez da fikzioa hura bezala. Beste zerbait da. Hura bezala, soziolinguistikaren dibulgazioarekin konpromisoa dute sutondoko kontu hauek, soziolinguistika egunerokora ekartzearekin eta edonori zabaltzearekin.

Izan ere, ez dut egin nahi izan soziolinguistika tratatu akademiko mardula, erreferentziaz josita eta nolabait nire nagusitasun intelektuala erakutsi nahian. Ez. Nik soziolinguistika gure errealitate hurbila eraldatzeko zientzia gisa baino ez dut ikusten eta, zentzu horretan, liburu honek bere xumean eraldatze bide horretan aurrerapauso txikia izan gura du.

sutondoko kontuak

Liburuaren sinopsia

Txatalez osatutako liburua duzu hauxe, irakurle. Sutondoetan izaten diren elkarrizketen antzera, anabasa nagusi dela ematen du orri hauetan. Hala ere, dena hari ikusezin batek lotzen du: soziolinguistikak eta haren dibulgazioak. Izan ere, soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta zuei botatakoak dira berba hauek guztiak.

Istorioak txirikordatzen dira liburuan, batzuetan umore beltzetik, beste batzuetan gordinetik. Josi eta jostatzen. Utopiatik errealitate gordinera, ametsetik ezintasunera maiz. Baina ilusioak eta kemenak blaitzen dituzte liburu honen istorioak.

Liburuan, gainera, ez dago disimulurik. Sutondoko lapikoetan zer dagoen argi erakutsi nahi izan du egileak, bere ikuspuntua argi utzi du, han eta hemen egin dituen lapurretetan, baita berak esandakoetan ere.

Sutondora batu eta supazterrera arrimatu, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian zorrotz. Berbatik berbara saltoka adarrik adar, baina euskaltasun berriaren enborrari lotuta”.

txerra(Argazkia: Berria).

Idazleari buruz

Txerra Rodriguez (Bilbo, 1977) Soziolinguistika du lanbide eta ikasbide. Hainbat enpresatan euskara teknikari gisa dihardu Emuneko aholkulari hau. Idazten hasi zen Garaigoikoa (www.blogak.com/garaigoikoa) izeneko blogean orain dela 9 urte eta ordutik ez du idaz-jarioa eten. Argia, Jakin, Hik hasi eta abarretan argitaratu ditu testuak, ia beti soziolinguistikari lotuak.

Itzultzaile ere aritu da: galizieratik euskarara ekarri ditu Sechu Senderen Made in Galiza liburua (Txalaparta, 2012) eta Sorgin ehiztaria ipuin luzea (armiarma.com, 2015).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.