Txerra Rodriguezekin solasean

“Sutondoko kontuak” liburua autoeditatu berri du

Txerra Rodriguezek Sutondoko kontuak liburua plazaratu du autoedizioaren bidetik. Aurretik Garagoikoa blogeko testuak eta Sechu Senderen Made in Galiza (Txalaparta, 2012) eta Sorgin ehiztaria (Armiarma.eus, 2015) lanen itzulpenak ezagutu dizkiogu, besteak beste. Duela gutxi liburuaren aurrerapena eta lagina eskaini genizkizuen, oraingoan berriz sakoneko elkarrizketa: soziolinguistikaz, hizkuntza eta gozamenaren arteko iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.

txerra_rodriguez

sutondoko kontuak

Sutondoko kontuak, autoedizioa. Soziolinguistika oinarri idatzitako liburua, azterketarako ez ezik, gogoeta eta eztabaidarako balio dezakeen lana. Liburu honen idazketak zer du behar pertsonaletik, zer du jendarte batera kutsatu nahi zenukeen eztabaida eta gogoetatik?

Gehiago du kutsatu nahiko nukeen eztabaida eta gogoetatik behar pertsonaletik baino. Ni blogarekin hasi nintzen behar pertsonal batetik, nire soziolinguistikaren inguruko ezagutzak eguneratuta izateko nire buruari jarritako erronka gisa. Baina hori hastapena izan zen. Geroztik 9 urte pasa dira eta urte hauetan blogak gainditu egin du hasierako asmo hori. Liburuak ere, zentzu horretan, gehiago du soziolinguistikaren inguruko ezagutzak era dibulgatiboan zabaltzetik behar pertsonaletik baino.

Nori zuzentzen zaio liburua, zein da buruan izan duzun irakurlearen perfila?

Ez dut izan irakurle perfilik buruan liburua idazten ari nintzela. Baina bai bilatu izan dut soziolinguistika bezalako gai ez oso erakargarria beste modu batera lantzea. Eta, zentzu horretan, irakurle batek esandako berbak gogoan, euskaltzaletasunera sartzeko ate bat modukoa izan daiteke liburua. Hala ere, ez dut idatzi asmo horrekin. Euskaltzale direnak izan ditut gogoan nik (inor izatekotan). Iruditzen zait oraindik indar handiegia dutela gure artean aurreiritzi batzuek eta ideia oker batzuek. Horiek eraisten saiatu izan naiz, jakin arren liburu batekin horrelako asmorik lortzea oso zaila (ezinezkoa beharbada) dela.

Beste ate batzuk jo eta gero heldu zara autoediziora? Zergatik autoedizioa, funtsean?

Blogak askatasun erabatekoa ematen dizu eta, era berean, zure ahotsa fintzen eta esaten duzun hori interesgarria izan daitekeela beste batzuentzat konturatzeko balio du. Hori dela eta, liburua atzeratuko zela esan eta saltoa emateko prest nuen burua. Bloga barik seguruenik ez nuke sekula salto hori emateko ausardiarik izango.

Beste alde batetik, autoediziorako baldintza hobeak daude (oraindik ere bide luzea egiteko dugun arren): gero eta liburu-denda txiki eta ezberdin gehiago ditugu gurean, Durangoko azoka barruan ere gure lekua (nahikoa ez izan arren), eta beste hainbat. Horrek ere laguntzen du.

Txatalez osatutako liburua da Sutondoko kontuak. Txatalak, kontuak. Zer dira, nondik datoz, funtsean, “kontuok”?

Kontu guztien artean, lau motatako kontuak bereiziko nituzke (nahiz eta gero liburuan horren sailkapen agerikorik ez egon): handik eta hemendik egindako lapurretak batetik; egin nahi nuen dokumental batetik berreskuratu eta ia erabat moldatu ditudan beste batzuk; libururako berariaz idatzitakoak (gehienak dira) eta, laugarrenik, blogetik berreskuratu ditudan kontu batzuk.

Hala ere, egitura oso blogekoa da, gai anitzak lantzen saiatu naiz, bata bestearen ondoan.

Liburuan ez dago atalik. Gaiak lotzen ditu txatalak, batzuen eta besteen arteko segidan ere tarteka nabarmenak dira azpigaien aldetik loturak. Baina funtsean, txatalez osatuta izanik, nola antolatu duzu liburua? Txatalok kronologikoki idatzi dituzun heinean joan dira pilatzen edo bada barruko logika bat haien artean?

Kontuak ez daude idatzitako hurrenkera kronologiko berean ordenaturik, ez. Gaika antolatzen saiatu naiz, eta gero gaiak ere antolatu ditut liburuan zehar. Hala ere, ez dut propio jarri nahi izan ordena zein den, ez kontuak antolatzeko erabili dudan logika. Ez zait gustatzen egilearen eskua horren nabarmen erakustea eta horregatik ez dut egin. Hala ere, iruditzen zait arreta apur batekin irakurriz gero, nabarmenak direla kontuen arteko loturak, nabarmenak direla ere kontu horiek zein logikarekin dauden antolatuta. Baina, argi gera dadila nahiko nuke: logika bati jarraitzen diote, berariaz aipatu nahi ez badut ere.

Hau funtsean ez da fikzioaren zentzuan literatur lan bat, baina badu saiakera literariotik: azterketa hotzetik harago nabarmena da egilearen ahotsa. Idazkera aldetik, nondik heldu nahi izan diozu lanari eta zergatik?

Begira, nik ez dut ulertzen soziolinguistika lurretik bi zentimetrotara lebitatzen dutenen zientzia gisa, inondik inora. Nire soziolinguistika jendartea eraldatu gura duen zientzia baino ez da. Beraz, horri jarraituta, ez ditut saiakera sasi-objektiboak maite. Ez dago objektibotasunik, ezinezkoa da eta, hortaz, nahiago dut lehen segundotik bere ahotsa erakutsi nahi duen saiakeragile edo dibulgatzailea. Era berean, nik uste dut saiakerak ez duela zertan aseptikoa izan, ez duela zertan umorea edo pasioa edo amorrua edo maitasuna ezkutatu. Gogoeta horietatik abiatuta idatzi dut liburua eta saiatu izan naiz horri leial izaten. Ez dakit lortu dudan, baina ahalegin nabarmena egin dut hori lortu nendin.

Gainera, blogean ere zure ahotsa lantzea oso garrantzitsua da. Irakurlearengandik hurbil egoteko eta esaten duzunari indarra emateko ezinbestekoa da “ni” indartsua duen egilea izatea, hau da, nork zer ulertu eta pentsatzen duen argi uztea (baita zalantzak eta dudak agerian uztea ere).

Euskararen inguruko eta barneko azpigai asko aztertu dituzu, gogoeta asko dago txatal hauetan, ardatz argi batzuen inguruko amarauna osatuz azkenean. Ardatzak aipatuta, bi ideia geratu zaizkit iltzatuta: batetik iragana eta oraina aztertzen ez ataskatzea, etorkizuna aztergai izatea helburu bezala, eta bestetik edozein une txikitan jarrera aktibo bat edukitzearen garrantzia. Gogoetara ez ezik, akziora deitzen duen liburua da honakoa? Bizi dugun egoeraren gaineko kontzientzia hartzea da lehen urratsa?

Lehen ideiarekin ez nago guztiz ados, edo behintzat nire helburua ez da hori izan. Soziolinguistikatik gehien maite dudan alorretako bat hizkuntzen historia soziala da. Hala ere, uste dut askoz inportanteagoa dela aurrera begiratzea eta ez horrenbeste atzera. Horretan bat nator. Baina, nire ustez, oraina ere sakon aztertu behar dugu, eta gauza askotan aldatu. Orainetik bertatik abiatu behar dugu etorkizuna egiten, Grezia aldeko anarkistek dioten antzera, etorkizunaren mezu bihurtu behar dugu gure jarduna.

Bigarrenarekin, ordea, guztiz bat nator. Nire ustez, etorkizunean edozein unetan jarrera aktiboagoa izan beharko dugu. Feministek mila aldiz errepikatu digute: egunerokoa politizatu behar dugu, hizkuntza kontuetan ere. Soziolinguistika domestikoa garatu behar dugu eta harekin pauso sendoagoak egin.

Ez dut sinesten liburu batek akziora dei dezakeenik. Akziora, nire ustez, burutik baino gorputzetik (edo nahiago baduzu, emozioetatik, bizipenetatik) heldu daiteke bat. Hala ere, bizipen, sentimendu edo emozio horiek liburu batekin sendotuz gero, kalterik ez.

Sechu Senderen hainbat lan itzuli dituzu, eta haren ideien oihartzuna ekarri duzu liburu honetara. Hizkuntza umorea eta gozamenarekin lotzearen garrantzia adibidez. Urrun gaude horretatik?

Ideien oihartzuna eta, zenbait kasutan, ideiak eurak. Umorea eta gozamena funtsezko dira, guztiz ezinbesteko. Batzuetan, gurean, oso agoniko jartzen gara hizkuntzarekin, eta ez dut uste horrela konbentzituta ez daudenak erakartzeko biderik eraiki daitekeenik. Izan ere, liburuan berariaz aipatzen ez badut ere, ni euskarara berriro hurbildu nintzen gozamenagatik. Orain dela urte batzuk, esango nuke arrazoi identitarioek pisu erabakigarria izan zutela. Baina, nire inguruan arrazoi identitario berdintsuek zuten batzuek ez dute sekula pausoa eman. Eta nik bai. Zergatik? Arrazoi identitario horiez gain, gozatze une batzuk bizi izan nituelako hizkuntzarekin.

Beste alde batetik, iruditzen zait batzuetan transzendentalegiak garela eta ahaztu egiten zaigu hizkuntza zer testuinguruetan sortu zen: sortu zen harreman intimoen abaroan, harreman estuen aterkipean. Eta horri eman behar diogu garrantzia, esentzialismoan erori barik, jakina. Gozatu, lardaskatu, aldatu, mugiarazi. Izan ere, hizkuntzak oso era erraz batean ahalbidetzen du gutasuna eta nitasuna adieraztea. Gutasuna argia da: berbek zentzua dute kode komun bat dugulako gure artean. Nitasuna ere nabarmena da: nik hizkuntza erabiltzen dut modu batean edo bestean lortu nahi dudan helburuaren arabera.

Deigarri egin zait badela belaunaldi gogoeta bat ere:

Napartheid

Hamabost-hamasei urterekin nik ez nue euskaraz berbarik egiten. Banekien, baina egin ez. Eskola orduetatik kanpo behinik behin. Entzun ere musika euskaldun gutxi entzuten nuen (Negu Gorriak bai, baina askoz gehiago ez). Eta irakurri 0.

Orduan, egun batean deskubritu nuen Napartheid izeneko fanzinea. Txundituta geratu nintzen. Abangoardiazko komiki aldizkaria, zer eta euskaraz! Napartheid. Ikusten nuen bakoitzean tabernatik lapurtzen nuen eta etxera eraman. Gerora harpide egin nintzen, hala ere.

Napartheid-ek zer eragina eduki du nire bilakaeran? Ba, ez dakit. Baina nerabetasuna eta euskara niretzat Napartheid eta Esan Ozenki dira. Gerora etorri diren gozamenen pizgarri zelanbait: Joseba Sarrioanndia, Berri Txarrak, Anjel Lertxundi, Zea Mays, Xabier Montoia, Dut eta abar.

Esan Ozenki, Napartheid… Bi adibide horietan ikus daiteke gazte batek bere kezka eta inkietute garaikideak adierazten dituzten espresio bide eta proiektu artistikoak egotearen garrantzia. Euskara bizitzarako tresna, beste behin. Euskaratik orain eta hemen dauzkagun kezka existentzial edo estetikoei erantzuten dionik ez topatzean, erdarara jotzen dugu. Gauza batzuk zure nerabezarotik ez dira asko aldatu ezta?

Ez, ez dira asko aldatu zoritxarrez. Hala ere, ez nuke esango atzera joan garenik. Oraindik gurean abangoardiak euskaraz egiten duelakoan nago, bai literaturan, antzerkigintzan, komikigintzan, interneten eta musikan (nahiz eta alor honetan agian atzera egin dugun). Ikus-entzunezkoetan akaso gabiltza hankamotzago, eta hobetu beharko genuke. Dena den, ni garai haietan gazteagoa nintzen, eta beti dago gaztetasun hori goraipatzeko arriskua. Azken Pop pilulak aldizkarian ere gai honi buruzko testu luzetxoa idatzi dut. Sutondoko kontu hori baino dezente gehiago garatu ditut puntu horretan agertzen diren ideietako batzuk.

Hemen bi hizkuntza dakizkien edonork bere bizitzako uneren batean erabaki behar du batean ala bestean aritzea. Arrazoi asko egon daitezke erabaki hori hartzeko, baina horietako batzuk estetikoa(go)ak izan daitezke. Eta ez genuke inondik inora hori deskuidatu behar.

Eta erreferentziez ari garelarik, etengabe darabilzkizu euskal kulturako eta pentsamenduko erreferentziak liburuan. Ez da ohikoa horrelako gogoeta (eta esperientzia) liburu batean hainbeste euskal kulturako erreferentzia topatzea. Egun zure beharrak asetzen dituen erreferentzien paisaia topatzen duzu euskarazko kultur eskaintzan?

Nire beharrak asetzen dituen erreferentzien paisaia ez du betetzen euskarazko kultur eskaintzak. Hala ere, zenbait alorretan eskaintza oparoa dugu euskaldunok, gutxiegi baliatzen badugu ere. Egia da euskarazko komunikabideak kontsumitzen ditudala erdarazkoak baino askoz gehiago, egia da gehiago irakurtzen dudala euskaraz eta horrek bere isla izan duela liburuan. Erreferentzia euskaldunen kontua hasiera batean ez zen izan aurretik pentsatua. Geroxeago bai konturatu nintzen eta, orduan, erreferentzia horiek sendotzen jardun dut liburuan zehar. Batzuetan esaten digute gure zilborrari asko begiratzen diogula eta, beharbada, horregatik askok nahiago dute kanpoko erreferentziez bete euren lana. Ni ez nago horren kontra, baina garbi daukat: nahiago dut liburu baten euskarazko bertsioa irakurri beste edozein hizkuntzatako bertsioa baino (batez ere, itzulpena bada).

Euskararen inguruan kezka “klasiko” ugari berrirakurtzeko ahalegina egin duzu, ikuspegi ezberdinak eskaintzeko ahalegina: irakaskuntzan, gazteak ulertu eta entzuteko beharrean, jarrera aktiboa baina era berean ez tremendistak berrikusteko jarreran, topiko batzuk erlatibizatzeko beharrean, umorea tresna gisa erabiltzean, transmisioan, gure kulturaren historiari eta iraganak zer leku bete beharko lukeen gomutatzean… zer edo zer aldatzen ari da euskararen egoera eta erronkak ulertzeko eta lantzeko orduan, oro har? Non kokatzen zara zu, zentzu horretan?

Nire ustez, azken aldian euskararen erronkei buruz asko idatzi da (noiz ez da idatzi?). Kezka nabarmenak daude han eta hemen, baina guztiok ikusten dugu argi ziklo bat amaitu dela (agortu dela nahi bada) eta ziklo berri bat urratzen hasi behar duela euskalgintzak. Gero etorkizuneko erronkak marrazten eztabaida sutsuan hasten gara, baina bada zerbait eta zenbait kasutan nire ustez nahikoa izan daiteke. Ziklo berri batekin has gaitezen nahikoa izan daiteke denok argi ikustea honako hau amaitu egin dela.

Labur-labur azaldu nahiko nuke non kokatzen naizen ni. Nire ustez, etorkizunak lau gako hauen inguruko txirikorda izan beharko luke: berrikuntza, komunitatearen sendotzea, egunerokoa politizatzea eta hiru horiei zentzua emango dion diskurtso sozializatua. Hordago txikira jo behar dugu, ahaztu barik txikiak txiki, inoiz handira ere jo beharko dugula (egun hori ez dela heldu uste badut ere).

Liburuko pasarte bat:

Imanol Minerren berbetan, “hiztuna osatu, askatu, autodeterminatu, ahaldundu, jabetu eta boteretu behar dugu”. Horretarako, berak feminismoari eta gay era lesbianen askapen mugimenduei begiratze gomendatzen digu. Bere berbetan esateko, armairutik irtetera deitzen gaitu.”

Azkenaldi luzean sarri ari dira azaleratzen genero gatazken, feminismoaren aldarrien eta hizkuntza aferen arteko borroketan parekotasunak, elkar elikatzeak, egoera partekatuak. Liburuan ere jaso duzu horrelako ideien oihartzunik. Nola ikusten duzu ematen ari den gogoeta hori?

Odol berria etortzen ari zaio euskalgintzari feminismotik (eta beharra bagenuen): diskurtsoa eta praktika berritzeko indarra hartzen ari gara eta ez da gutxi. Hala ere, sakondu behar dugu gehiago, oraindik bide luzea dugu egiteko. Batetik, hizkuntza harrotasunerako eskolak sortu beharko genituzke han eta hor. Jabetze edo ahalduntze eskolen tankera. Soziolinguistika domestikoa gidari, egunero sortzen zaizkigun mila arazotxo soziolinguistikoentzat aterabide kolektiboak eta pertsonalak bilatzeko. Eta, eskola horien tankera, komunitatea egin eta denboran zehar iraungo dutenak. Beste alde batetik, feminismoaren taktika eta estrategiatik ikasi beharko genuke: instituzioekin zelan jokatu, akademiarekin zelan, gizonekin (edo erdaldunekin) zelan eta abar. Bakoitzarekin taktika bat, inoiz ahaztu barik zein izan beharko litzatekeen jarraitu beharreko estrategia edo, gurago bada, norabidea. Eta, azkenik, feminismoak duen transgresio eta arauak apurtzearen inguruan ere zer ikasia dugulakoan nago. Eta, seguruenik, beste gauza batzuk ikasi beharko ditugu feminismotik (eta gay eta lesbianen askapen mugimenduetatik ere bai).

Txataletik txatalera, zein ideia nahi zenuke geratzea, azkenean, irakurlearengan?

Nahiko nuke soziolinguistikak egunerokoan denongan eragina duela konturatzea, baina asmo handiegia da hori liburu baterako. Beti esan dut ezezagutza handia dugula soziolinguistikan, oro har. Baina orain arte ezezagutza hori saiatu gara kontzeptu makroekin estaltzen (elebitasuna, diglosia, datu soziolinguistikoak, …) eta ez gara saiatu behar beste egunero-egunero horiek gugan dituzten eraginak azaltzen eta horiei buelta emateko jakintzak partekatzen. Bada garaia horiei indar handiagoz ekiteko, bada garaia horiei duten garrantzia aitortzeko eta bada garaia askok hartu dugun erabakia leuntzeko tresnak emateko. Hau da, bada garaia euskaraz bizi nahi dut horri eroso aditz-laguna ere gehitzeko.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.