61. alea plazaratu du Maiatzek

Maiatz aldizkariaren 61. alea eskuratu ahal izan dugu Durangon. Ohiko moduan mamitsu, eta sinadura ugari. Ale honetako berezitasunen artea, Pasolini, Rimbaud eta Tsvetaieva-ren oihartzunak, Gerard Bagardiek idatzitako antzezlan bat osorik, Maiatz solasaldietan hainbat sortzailek “Artea eta Literaturaz” egin gomuten kronika…

maiatz_logo

Poemak, narrazioak, kronikak, itzulpenak, liburu erreseinak, antzerkia. Horrek guztiak du lekua Maiatz aldizkariaren 61. alean. Hainbat idazleren poema, narrazio eta gomutak jasotzeaz gain, ez ohiko edukiak ere bildu dituzte orriotara. Batzuk aipatzearren:

-Gerard Bagardie antzerkilariak Satorrak obra eman du bertan osorik. Bagardie Miarritzeko “Theatre du Rideau Rouge” antzerki talde eta eskolaren zuzendaria da, eta lan honetan munduari begira jarri da politika mailan.

-Udaberriko Maiatz solasaldietan “Artea eta literatura” izeneko mahai-ingurua antolatu zuten Baionan, eta haren kronika jaso dute: Eric Dicharry, Maite Ramos Fernandez, Josu Jimenez Maia, Tittika Rekalt, Kepa Akixo-Zigor eta Agurtzane Anduetza.

-Literatura Unibertsalera begira Aurelia Arkotxak Pier Paolo Pasolini izan du mintzagai Itxaro Bordak Rimbaud on the flow kronika literarioa paratu du, Marina Tsvetaieva-ren poemak ekarri dituzte gogora. Gabriel de Vasserot, Mac Orlan eta Anne Fruchon idazleen lanak ere eman dituzte euskaraz.

Hauek izan dira orotara haien testu propioak publikatu dituzte egileak: Amaia Hennebutte, Mirentxu Auzki, Luixa Giltzu, Joakin Balentzia Tirapu, Juankar Lopez-Mugartza, Amaia Iturbide, Joseba Aurkenerena, Eñaut Etxamendi, Agurtzane Anduetza, Eric Dicharry, Josu Jimenez Maia, Mayani, Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa, Jakes Sarraillet, Junes Casenave Harigile, Ainara Maia Urroz, Estitxu Martinez Diaz eta Lucien Etxezaharreta.

maiatz 61

Hona hemen, lagin gisa, Amaia Hennebutte ipuin kontalari eta idazlearen poema sorta bat:

Zure beha nago

Zure beha nago

zure goaitan,

zure itxaron,

zure atxikian,

baina ez zira heldu.

Leihotik so,

ate gibeletik,

belarria tinko,

bihotza ikaran,

baina ez zira heldu.

Ohean etzanda,

beti esperoan,

buruak ezetz,

bihotza esperantzan,

baina ez zira heldu.

Ez zira sekulan heldu,

eta ez zira sekulan helduko.

Alta…

ni beti zure beha.

Zeri lotu behar erortzen girelarik?

Hilerria 1

Hilerrian nago.

Gurutzeen artean, belarrean jarrita.

Gurutzeak bezala, eguzkiari so.

Gurutzeen itzalak, gurutzeak baino handiagoak direla

ohartzen naiz.

Ausartuko ote naiz burua biratzen? Ene gibelean dudan

itzala begiratzen?

Sendi dut.

Pisua, astuna, zama, iluna.

Atzean.

Hilerria 2

“Leihotik so, ikusten ote nauzu? Erranen zidan aitak…

Baina ez dut deus ikusten.

“Entzuten ote nauzu? Eskatuko zidan semeak…

Baina haize firfira baizik ez dut aditzen.

Nun ote zirezte?

Ba ote dago itsasoa zuen eskualdean?

Bainatzen al zarete, biluzik?

Arrainen irriak entzuten ote dituzue?

Laguntza eske nator.

Indar xuxurla bat.

Otoi.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.