Anne Sextonen poemak bihar Errenteria/Oreretan

Anne Sextonen poemak eskaratu zituen Harkaitz Canok “Munduko poesia kaierak” bilduman (Susa), eta ondoren errezitaldia osatu zuten Ainara Gurrutxaga aktoreak, Iban Urizar “Amorante” musikariak eta Canok berak. Ostiral honetan Errenteria/Oreretako Mikelazulon eskainiko dute.

AnneSexton

Aurtengo Literaktumen aurkeztu zuten emanaldia, maiatzean Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuten ostera, irailean: Ene maite kuttun guztiak. Anne Sextonen poemak oinarri, Harkaitz Canok euskarara ekarriak. Canok berak irakurri eta harilkatu zituen gehienak, eszenatokiaren aurrealdeko iskina batean paraturik, atriletik argi xume eta ahots hutsez. Parean, eszenatokiaren beste aldean, musika gauzatzeko fabrika ttipia, Iban Urizar “Amorante”ren eskutik. Haien erdian, tarteka kokapena aldatuz, bere kideekin interaktuatuz, Ainara Gurrutxaga aktorea.

Aste honetan eskainiko dute berriro, Errenteria/Oreretan oraingoan: abenduaren 18an 19:00etan Mikelazulo kultur elkartean.

ANNE SEXTON LITERAKTUM KARTELA81

Honela laburtu dute emanaldiaren funtsa:

“Anne Sexton (1928-1974) XX. mendeko poeta iparamerikarrik garrantzitsuenetakoa da. Bere psikiatrak iradokita idazten hasi eta kutsu autobiografiko nabarmeneko obra ondu zuen urte gutxitan. Indartsua beti eta polemikoa sarri, desesperazioari ironiaz erantzuten saiatu zen. Sexualitateari, bulkada suizidei, familia harreman gatazkatsuei eta arazo psikikoek mugatutako bizitzeko egarriari eskaini zizkien poema asko. Bereziki aipagarriak dira, adibidez, tratatu zuten medikuei zuzendu zizkien gutun poematuak.

Ainara Gurrutxaga aktoreak, Iban Urizar (Amorante) musikariak eta Harkaitz Cano idazleak azken honek itzuli dituen Sextonen poema hautatuak irakurri eta interpretatuko dituzte, haren gordintasunari printza samurrak ateraz”.

Donostia Kulturari lapurtuko dizkiogu argazki hauek, errezitaldizaleon tentagarri:

17733773285_0554006152_k

17547478859_3fda72fa79_k

Errezitaldi gehiago egunotan

Gaur bertan beste kontzertu-errezitaldi bat ikus-entzuteko aukera izango dugu, Orretatik ez oso urrun: Munduaren neurria eskainiko dute Rafa Ruedak eta Oier Guillanek Pasai-Trintxerpeko liburutegian 19:30ean.

Larunbatean berriz (abenduak 19) Donostiako Guardetxean eta Feministaldiaren barruan, Erractus sortu zuen hirukotearen itzulera, Alde izeneko lan berriarekin: Jule Goikoetxea, Kattalin Miner, Danele Sarriugarte.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.