Iñaki Irasizabalekin solasean

Gauzak ez ziren sekula berdinak izango (Elkar) plazaratu berri du

Pederastia-kasu zenbait gertatu dira herrian, eta horrek ondorio nabarmenak izango ditu protagonista gaztearen familian. Susmagarri nagusiaren laguna da aita, eta horrek goitik behera aldatuko du etxekoen bizimodua. “Niri batez ere mugako gaiak interesatzen zaizkit, eta zalantza etikoak planteatzea gustuko ditut. Kasu honetan, esker onari buruz idatzi nahi nuen”, Iñaki Irasizabalek azaldu digunez. “Sentimendu ona da berez. Baina esker onak noraino lotzen zaitu, hori landu nahi nuen. Zurekin noizbait esker onez aritu den bat noraino babestu behar duzun”.

Iñaki01

Iñaki02

Iñaki03

Familiako enpresa batean kokatu zenuen aurreko nobela: Aita gurea (Elkar, 2014). “Niretzat familia oso gauza literarioa da, eta tradizio anglosaxoian asko landu da, halaxe adierazi zenigun. Kasu honetan ere, familia giro batean kokatzen da trama.

Bai, hala da. Kasu honetan, neba-arreben arteko harremana da garatu dudana. Hasiera batean, gazte literaturaren estiloan idazteko asmoa nuen. Protagonista nagusiak, hain zuzen, 15 urte ditu. Gazte literatura izango zelakoan, hitz-joko asko dago, txisteren bat ere bai… Gauzak apur bat arintzearren.

Behin ideia garatzen hasi eta nobela gorpuzten hasi zenean, gazte literaturan sailkatzeko gordinegia zela iruditu zitzagun. Eta helduen publikora bideratzea erabaki genuen.

Aurreko nobelan, familia pertsonaiaren testuingurua zen nolabait. Kasu honetan, ordea, familia bera da kontakizunaren ardatzetako bat. Pederastia kasu batez ari zara honakoan. Gertaera horrek protagonistaren familian eragin zuzena izango du.

Hala da. Familia-harremana narrazioaren muinoetako bat da. Eta dena horren inguruan garatzen da. Itxuraz, neba-arrebak ez dira ondo konpontzen. Arrebak (hiruetan zaharrena) mespretxuz tratatzen ditu bere anaia gazteagoak. Baina arriskuan ikusten dituenean, arreba bera izango da bere burua arriskuan jarriko duena. Bi anaiak babestu arren egingo du.

Zure liburuetan nobela beltzaren osagaiak daude. Horrelakoetan, kontu gordinak landu ohi dira. Eta zure nobeletan ere antzekoak topatu ditugu: krisiaren alde iluna, telezaborraren eragina, gatazka politikoak, nerabe-gurasoen arteko tirabirak… Honakoan, pederastia kasu bati heldu diozu.

Bai baina ez dut pederastiaz hitz egiten. Katalizatzaile bat da, beste ezer baino lehen. Ekintza-soka bat martxan jartzeko aitzakia gisa baliatu dut pederastia kasua. Berez, oso argumentu potentea da pederastiarena, eta mundu guztiak ulertzen du.

Gertaera lazgarri horretan baino, arreta gehiago jarri duzu gizakiaren portaeraren argi-ilunetan.

Niri batez ere mugako gaiak interesatzen zaizkit. Zalantza etikoak planteatzen ditut. Kasu honetan, esker onari buruz idatzi nahi nuen. Sentimendu ona da berez. Baina esker onak noraino lotzen zaitu, hori landu nahi nuen. Zurekin noizbait esker onez aritu den bat noraino babestu behar duzun. Pederastia-kasu bat gertatu da eta aita susmagarri nagusiaren laguna da. Aitak seguruenik ez zekien bere lagunak zer egiten zuen, baina akaso bazekien zerbaitetan bazebilela.

Dena den, abiapuntua gordina izanik ere, badira umore dosiak, hitz jokoak… Hori ere bada nobela beltzaren ezaugarria, ezta?

Normalean nobela beltzak idazten ditut baina saiatzen naiz umore ukituak sartzen, besteak beste, istorioak oso gordinak izango zirelako bestela. Eta horrela, samurtasun pixka batekin, gordintasun hori arindu egiten delako. Kasu honetan, txiste horiek erakusten dute nolakoa den pertsona bakoitza.

Familiko katuak Madari du izena, Madari katua. Berez ez du pisurik traman, baina pertsonaia bakoitzak katuarekin duen harremanari erreparatzen badiogu, adierazgarria da bakoitzak nola tratatzen duen, eta horrek balio du pertsonaien samurtasuna edo samurtasun eza erakusteko, eta nolakoak diren erretratatzeko.

Narrazioa herri txiki batean kokatzen da beste behin ere (Mungia aipatzen da). Horrelakoetan, are handiagoa da kontrol soziala. Eta hori ere islatu nahi izan duzu.

Presio soziala hor dago beti. Dena den, gauza bat esan behar dizut: hau izango da azken nobela beltza. Ez dut horrelakorik gehiago idatziko.

Oraintsu atera duzu nobela. Irmoa da erabakia?

Bai, bai. Bestelako nobelak idatziko ditut. Denboraldi batean behintzat, ez dut nobela beltzekin matraka gehiagorik emango.


“Ez da filmetako harreman estu eta idealizatu horietakoa”

15 urteko mutiko bat da narraitzaile nagusia. Horrek idazkeran eragina izan behar zuen.

Horretan ahalegindu naiz: 15 urteko batek kontatua dela sinestarazi. Nahiz eta protagonista nahikoa berezia den, berez. Azkarra, wikipedia zalea, lagunmin duen Gorka bezala.

Berriz egingo dugu atzera.  Aita gurea (Elkar, 2014) nobelan Nagore zen protagonista. Hemen 15 urteko mutil bat da. Baina bera arrebak, Tofuk, pisu handia du nobelan. Azkarrena da, ezbairik gabe.

Hala suertatu da. Kontakizuna bideratzeko egokia iruditzen zitzaidan. Neskaren pertsonaia konplexua da. Ertz asko ditu. Alde batetik mespretxuz tratatzen ditu nebak, baina aldi berean babestu egiten ditu. Nahikoa harreman berezia du mutilekin, bikoteekin. Gauza batzuei buruz asko daki. Azkarra da, eta trebea. Erabaki handikoa. Oso pertsonaje erakargarria da nire ustez.

Anaia-arreben arteko harremanak zailak izaten dira adin horietan. Baina egoera lazgarri baten aurrean, bat egiten asmatuko dute.

Baina ez da filmetako harreman estu eta idealizatu horietakoa. Distantzia mantendu egiten da. Une jakin batean, eta anaia txikia babesteko, bakoitzak bere erabakiak hartuko ditu.

Une jakin batean, nerabe batzuk umezurtz sentituko dira. Hori da kontua. Ama pilulen menpe bizi da, aita ezkutatu egiten da… Eta seme-alabek beren burua defendatu behar dutela erabakiko dute. Beste erremediorik ez dute izango.

Aita eta ama dira akaso enigmatikoenak. Apurka apurka joango gara euren soslaiak osatzen.

Enigmatikoenak dira hasieran ez delako ezer ulertzen. Narratzaileak ere hasieran ez duelako ezer ulertzen. Pederastia-kasu bat eman da herrian, bere aitaren lagun bat da susmagarri nagusia. Uste batzuk ditu, baina usteak erdia ustel. Eta horregatik, irakurlea ere trantze horretan dago.

Enigmatikoa da gurasoen portaera, baina bukaera aldean argiago ikusiko dugu dena. Zeren amak ere gauza oso bitxiak egiten ditu.

Bilakaera bat ematen da.

Izenburua ere hortik dator. Gazte batzuk nerabe izateari utziko diote eta heldu bihurtzen dira. Helduen munduaren garraztasuna ezagutuko dute eta hor bukatuko zaie nerabezaroa. Hortik izenburua.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.