Igandean Donostian, Bloomsday jaialdia

Agerre Teatroak Molly Bloom antzezlana taularatuko du

James Joyce idazlearen Ulises eleberrian oinarritzen da Bloomsday jaialdia, eta Dublinen urtero ospatzen dute. Jaialdi honen oihartzuna Donostiara helduko da igandean. Agerre Teatroa konpainiak Molly Bloom, emakume baten aurpegiak antzerki-lana taularatuko du eta Unai Elorriagak eta Gibelurdinek taldeak Shane MacGowanen gibela emanaldia eskainiko dute.

ulises-molly

Igandea bete ekitaldi

Igande honetan, Donostiako Okendo plaza inguruan, James Joycen unibertsora hurbilduko gaituzten antzerki saio txikiak eskainiko dituzte. Ulises nobelan oinarrituriko piezak izango dira. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “emanaldi horiek ingelesez egingo dira, baina euskarazko eta gaztelaniazko interbentzioak ere izango dira, ulermena errazteko”. Eleberriaren pasarte esanguratsuenetan oinarrituriko antzerki saioak 11:30ean, 13:30ean eta 16:00etan eskainiko dira.

12:30etik 14:00etara, Residence taldeak Irlandako musika tradizionala joko du.


Molly Bloomen bakarrizketa

Xabier Olarra itzultzaileak eginiko ahaleginari esker, James Joyceren Ulises eleberria euskaraz irakur daiteke. Iaz eman zuen itzulpen-lana argitara Igela argitaletxearen bitartez. Eta itzulpenarekin batera, Agerre Teatroa konpainiak Molly Bloom, emakume baten aurpegiak antzerki lana aurkeztu zuen. Molly Bloom pertsonaiak Ulises eleberriaren azken kapituluan egiten duen barne bakarrizketa jasotzen du antzerki lanak, bi hizkuntzatan emana: euskaraz eta ingelesez.

17:00etan, Victoria Eugenia club aretoan eskainiko dute Molly Bloomen bakarrizketa.


James Joyce-i buruzko abestiak

Ordubete geroago, Sinead Murphy eta Darina Gallaguerreren  Songs of Joyce iragarrita dago.


Gibelurdinek

Shane MacGowanen gibela

Unai Elorriagak eta Gibelurdinek taldeak Shane MacGowanen gibela emanaldia jarri dute martxan. Unai Elorriagak The Pogues taldeko abeslariaren inguruan osatutako gidoia du oinarri. Eta ikuskizuna, The Poquesen abestien bertsioekin osatzen da. 19:30ean hasiko da Shane MacGowanen inguruko emanaldia, Okendo plazan.

Programazio hau aurrera eramateko, Dublingo James Joyce Center eta Culture Ireland elkartearen laguntza jaso dute. Egitarau honetan Mondragón Linguak, euskal- irlandar CARA elkarteak eta Emausek ere parte hartu dute.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.