‘Deserria itzultzen’

Gaur hasiko da EIZIE-k antolatu duen tailerra

Itzultzaile Berriak egitasmoaren baitan, EIZIEk itzulpen-lantegia antolatu du: ‘Deserria itzultzen’. Etxepare Institutuaren eta Donostia2016EUren babesarekin bideratu du. Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria eta Joseba Sarrionandiaren hainbat poema itzuliko dituzte.

deserriaitzultzen

“Itzultzaile berriak lanean jarriko ditugu hiru egunez, idazleen ekarpenak lagun: Laura Liubinaviçiüte (Lituania); Mariya Petrova Pachkova (Bulgaria); Barbara Pregelj (Eslovenia); Katarzyna Sosnowska (Polonia); Karina Mischenkova (Errusia); Merilin Kotta (Estonia) eta Lenka Nižnanská (Txekiar Errepublika)”, EIZIEtik aditzera eman digutenez.

Idazleen ekarpenak ez ezik, beste gonbidatu batzuenak ere jasoko dituzte: Miren Ibarluzearena, Aiora Jakarena, Iñaki Iñurrietarena edota Eva Linazasororena. Itziar Otegik koordinatuko du lantegia, eta Garazi Arrulak egunez egun kronika idatziko du.


SarrionandiaUrretabizkaia

Ekainaren 20an astelehena

Parte-hartzaileei ongietorria egin eta mintegiko saioak eta parte-hartzaile guztiak aurkeztu ondoren, Arantxa Urretabizkaia bere itzultzaileei zuzenduko zaie, bere lanari buruzko argibideak emateko. SegidanMiren Ibarluzea berriki egindako azterlan batez mintzatuko da, eta euskal idazle batzuek itzulpenari buruz duten jarrera eta ohiturak azalduko ditu.

Ondoren, “Koaderno gorriari buruzko literatur solasaldi bat egingo dugu, itzultzaile bakoitzaren irakurketa eta idazlearen ikuspegia partekatzeko asmoz”, EIZIEren web orrian irakurri dugunez.

Arratsaldeko saioa Joseba Sarrionandiari eskainiko diote. “Hasteko, idazlea bere itzultzaileei zuzenduko zaie, testu bidez, bere obrari buruzko argibide batzuk emateko. Jarraian, Aiora Jaka eta Miren Ibarluzea Joseba Sarrionandiaren itzultzaile jardunaz eta itzulpenarekiko duen jarreraz mintzatuko zaizkigu”. Ondoren, mintegirako Josebak berak hautatu zituen hamabi poemei buruz solas egingo dute, nor bere irakurketa pertsonaletik abiatuta.


Ekainaren 21ean asteartea

Idazleak eta itzultzaileak buru-belarri sartuko dira itzulpen prozesuan. Goizeko saioa Joseba Sarrionandiaren poemei eskainiko diote, eta arratsaldekoa, berriz, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria lanetik hartutako pasarte bati. Itzultzaileek lan horiek itzultzerakoan izan dituzten zalantzak eta zailtasunak, egin dituzten bideak eta hausnarketak, hartu dituzten erabakiak jarriko dituzte mahai gainean, eta idazlearekin berritu.


Ekainaren 22an asteazkena

Iñaki Iñurrietak eta Eva Linazasorok Urretabizkaiaren eta Sarrionandiaren lan batzuk (hurrenez hurren) gaztelaniara itzultzean izandako esperientziaz hitz egingo dute.


Etxepareren egoitzan, Tabakaleran

Itzulpen-lantegia Etxepareren egoitzan egingo da, Donostiako Tabakaleran, gaur hasi eta asteazkenera bitarte. “Azken egunean, beti bezala, jendaurreko saioan kontatuko dizkigute han bizi izandakoak, irakurraldia ere izango dugu, eta hori guztia musikaz girotuko du Xabi Strubellek”, EIZIEk prentsa-ohar bide jakinarazi duenez.

Jendaurreko ekitaldia asteazkenean izango da, ekainak 22,  Tabakaleran bertan arratsaldeko 19:00etan.


Diru-laguntzak eta Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare Euskal Institutuak euskarazko literatur lanak beste hizkuntzetara itzultzeko diru-laguntzak eskainiko ditu. Uztailaren 12ra arte aurkez daitezke proposamenak.

Bestalde, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren bigarren edizioa antolatu dute, euskaratik beste hizkuntza batera eramandako itzulpen bat saritzea asmoz. Kasu honetan, epea ekainaren 23an itxiko da.

Hilabete hasieran hori buruzko albistea sareratu genuen. Hauxe duzue albiste horren ESTEKA.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.