Oihenart I. Aforismoen Lehiaketa

Oihenart I. Aforismoen Lehiaketa’ jarri dute martxan EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatuta. Antonio Casado da Rocha irakasle eta idazleak eman digu ekimenaren berri.

Nola sortu da lehiaketa egiteko ideia?
Betidanik izan dut gogoko genero literario hau, hezitzaile eta idazle askok jorratu dutena: hala nola Pascal, Nietzsche edo Wittgenstein filosofoek. Baina orain arte ez zegoen aforismo lehiaketarik euskaraz. Hortaz hitz egin nuen Agustin Arrieta Urtizberea eta Fito Rodriguez Bornaetxea lankideekin, eta deliberatu genuen egokia izan litekeela gure Fakultateak zerbait antolatzea, hirurok bat gatoz lehiaketek duten garrantziaz, literatura eta pentsamendua euskaraz eta idazle gazteen artean bultzatzeko. Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen babesa baieztatu ondoren, abian dugu jada lehiaketa. Diru sariak izango dira, baina aforismo bilduma finalista guztiak liburu batean argitaratzeko asmoa ere badugu.

Zergatik aforismoak?
Aforismo bat idazteak ez duelako asko eskatzen, luzaerari dagokionez. Honek ez du esan nahi erraza denik, baina genero literario egokia da idazten hasteko, gogamenari berea ematen baitio, idazkerari behar bezalako trataera duina aitortzen diola. Gainera, gure lehiaketa irekia da oso, edonork har dezake parte (beno, antolatzaile gabiltzanok izan ezik), eta bilduma bat baino gehiago aurkeztea dago (originalak, anonimoak eta argitaratu gabeak izan behar dute, hori bai). Izan ere, hazkundea nabarmena izan dute mota horretako lanek, eta esango nuke berriz “modan” jarri dela aforismoa. Ez ditut izenak aipatuko, baina azken urteotan aforismo liburu ederrak argitaratu dituzte, bai euskaraz bai erdaraz.

Zer erakargarritasun, indar… dute aforismoek literatur genero gisa?

Generoa berez indartsua da, batez ere kritika egiteko lanetan, umoretsua askotan. Esate baterako, Nietzschek bere aforismoak “geziak” zirela esaten zuen… Aforismo on batek munduan eta historian zehar bide luzea egin dezake.

Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik dator ekimena. Aforismoak zer du gogoetatik, zer poesiatik?
Bai, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen bidez sortu dugu hau. Trinkotasuna eta sakontasuna aforismoen ezaugarriak direlarik, ulergarria da poesiarekiko harremana izatea, baina generoa zentzu zabalean ulertzen dugu, aurrez aurretik edozein estilo alboratu gabe.

Eta… zergatik jarri diozue lehiaketari ‘Oihenart‘ izena?
Lehiaketaren oinarrietan esaten dugun bezala, ezagutzen den lehen euskal idazle laikoa izan zelako, eta berak “aforismo” ugari (atsotitzak edo errefrauak) bildu zituelako 1657an frantsesez argitaratu zuen liburuan. Hortaz, idazle zuberotar horren erreferentzia intelektuala berreskuratu eta hedatu nahi izan dugu.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>