Danele Sarriugarte: "Igartza saria aukera paregabea da edozein idazle gazterentzat"
Sari honi esker, 2014an emango du argitara bere lehen nobela: "Mamuak"Asteartea, 2012-09-25"Mamuak" izeneko eleberri proiektuarekin Igartza saria eskuratu berri du Danele Sarriugarte elgoibartarrak. 6.000 euro jasoko ditu eta urtebeteko epea izango du liburua bukatzeko. "Aurtengo ikasturterako nituen planak atzeratu edo behintzat moteltzeko aukera ematen dit eta baita ere modu disziplinatuagoan eta denbora gehiagorekin idazteko", adierazi digu Hitzen Uberan izan dugun solasalditxoan.

Zure egitasmoa izan da epaimahaiak hobestu duena. Hasiberri denarentzat, bultzada ederra izango da babes hori sentitzea, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Beka-ereduari buruz dexente hitz egin dugu azken asteotan eta garbi dago aukera paregabea dela edozein idazle gazterentzat, zer esanik ez, ni bezala ezertxo ere argitaratu ez duen norbaitentzat. Maila pertsonalean ere, epaimahai baten oniritzia jasotzeak egoa sendatzen dizu eta ez zara ordenagailuaren aurrean hain txiki eta bakarrik sentitzen. Maila sozialean edo behintzat nire herriaren mailan, jendeak serioago hartzen zaitu, batez ere sos kopuru tentagarria irabazi duzulako literatura bezalako (egungo parametroen arabera) afizio ez-errentagarri bati esker.
Diru ekarpen handiko saria izanik, akaso nobelan burubelarri murgiltzeko aukera eskainiko dizu. Egitasmoa aurreratua duzu dagoeneko ala hasi baino ez zara egin? Eta noizko izango da kalean?
Bai aurtengo ikasturterako nituen planak atzeratu edo behintzat moteltzeko aukera ematen dit eta baita ere modu disziplinatuagoan eta denbora gehiagorekin idazteko. Oraingoz egitasmotik lehiaketara bidalitako lagina besterik ez dago idatzita, baina sariarena jakin nuenetik argumentuari dagozkion hainbat gauza zehaztu ditut nire buruan eta beste zenbait ideia ere apuntatu ditut; nire asmoa da bihartik aurrera ekitea (aurreko astean egina dago elkarrizketa). 2014 urtearen lehendabiziko hilabeteetan kaleratuko da.
Sari hauxe bera jaso duten beste autore batzuk, oihartzun handia erdietsi dute ondoren. Zure izena horien aldamenean ikustea pozgarria izango da. Akaso gustukoak ere izango dituzu Igartzarekin sarituak izan diren horietako batzuk, ezta?
Bai, aspalditik ezagutzen ditugu gainera, DBH eta batxilergoko euskara klaseetarako maiz hautatzen baitzituzten Igartzaren irabazleak. Ez dut denen lana ezagutzen baina irakurri ditudan guztiak, egia esan, gustura irakurri ditut. Bat aipatu behar badut, Eider Rodriguez asko gustatzen zait, Katu Jendea-ren aurretik ere ezagutzen nuen koadrilako batek gomendatuta eta azkenaldiko idazle interesgarrienetako bat iruditzen zait. Uxue Apaolazaren eleberriaren estiloa ere erakargarria gertatu zitzaidan.
Elearazi web orriaren sustatzaile
Itzulpengintzan lizentziatua, elearazi.org web orriaren sortzaileetakoa zara. "Itzulpena, hausnarketa eta sorkuntza izanen ditugu ardatz", adierazi zenuten abiatu zinetenean. Gustura zaudete orain arte web orriak izan duen ibilbidearekin?
Bai, nahiz eta uda tradizionalki hilgarria izaten den horrelako ekimenetarako, oro har oso pozik gaude gure lanarekin eta ikusten dugu apurka bagoazela bidea egiten eta bloga ari dela bere txokotxoa lortzen. Gogotsu gaude aurrera eta indarberrituta jarraitzeko, gainera egunez egun ikasten goaz, gauzak berriak sartzen etab. Agian pena bakarra parte hartzearena da, jasotzen ditugu iruzkin eta proposamenak, baina, zekenak gu, gehiago nahi genuke. Hausnarraraztea zen eta da hasieran finkatutako helburuetako bat eta azpimarratuko dut postontzia zabalik dagoela esateko zerbait duen edonorentzat!
Igartza Sariaren aurreko irabazleak
Lehen urtean: Julen Gabiria: Connemara gure bihotzetan
Bigarren urtean: Xabier Etxeberria: Egun denak ez dira berdin / Jasone Osoro: Korapiloak (akzesita)
Hirugarren urtean: Fernando Morillo: Ortzadarra sutan
Laugarren urtean: Unai Elorriaga: Van’t Hoffen ilea
Bosgarren urtean: Julen Gabiria: Han goitik itsasoa ikusten da
Seigarren urtean: Asel Luzarraga: Karonte
Zazpigarren urtean: Karmele Jaio: Amaren eskuak / Peru Magdalena: Lile (akzesita)
Zortzigarren urtean: Uxue Alberdi: Aulki bat elurretan
Bederatzigarren urtean: Jon Martin: Ero
Hamargarren urtean: Katixa Agirre: Habitat / Irati Jimenez: Nora ez dakizun hori (akzesita)
Hamaikagarren urtean: Eider Rodriguez: Katu jendea
Hamabigarren urtean: Uxue Apaolaza: Mea Culpa
Hamahirugarren urtean: Garazi Kamio: Beste norbaiten zapatak
Hamalaugarren urtean: Goiatz Lanbandibar: Interrail (argitaratzeko)