Elkarrizketak

Aritz Mutiozabali elkarrizketa

Hutsartea (Maiatz) poesia liburua plazaratu berri duOstirala, 2016-04-08

"Gorren dantzalekua (Maiatz, 2014) poesia liburuak prozesu luzea izan zuen, eta atsedenaldi bat hartu nahi nuen. Baina barruak oraindik gehiago hustutzeko beharra zuela dirudi". Hutsartea (Maiatz, 2016) liburua izan da premia horren emaitza.

Aritz Mutiozabali elkarrizketa

Tartearen sinonimo, gabezia edota falta islatzeko balio dezake. Abagunearen atarikoa ere izan daiteke hutsartea. Liburua zein adierari lotzen zaio egokien? Akaso denetik du pixka bat.

Parentesi baten moduan planteatu dut. Bizitzako une jakin batean edo batzuetan izan ditzakegun etenei buruz ari naiz. Eten horiek nork bere kabuz harturikoak izan daitezke edo behartuak, kontzienteak edo oharkabekoak... Bizitzaren kurtso naturalak aurrera jarraitzen du, baina guretzat jokoa izoztu egiten da, saskibaloi partidetako geldialdien antzera. Bitarte hori hutsa izan den ala betea, hori bakoitzak hausnartu eta atera beharreko ondorioa da. Dena dela, liburuak gehiago du hutsetik betetik baino.

Min bat islatzen zen Gorren dantzalekua (Maiatz, 2014) poesia liburuan. Sufrimendua hitza maiz ageri zen. Tematika aldetik Hutsartea liburuan (Maiatz, 2016) bada beste oparotasun bat. Eta atal batzuetan bederen, ni-tik gu-rako salto bat eman dela esan al daiteke?

Gorren dantzalekuak ezinegon pertsonal bati edo pertsonalago bati erantzuten zion, eta lehen pertsona singularra oso presente zegoen. Hutsartearekin ere modu berean ekin nion, baina agian sufrimendua beste modu batean kanporatu dut. Aurreko lanean etsia zen, nahiz eta ironiarekin ere dezente jokatzen nuen. Kasu honetan oldarkorragoa dela esango nuke, ausartagoa akaso, baina sufrimenduak hor jarraitzen du, eta sufrimendu hori gu batetik hasten baldin bada ere, ni oso ni batekin bukatzen da.

Dena den, liburu berrian bada aurreko lanaren oihartzuna piztu dezakeen alerik. ‘Mihia huelgan’ atalak bereziki, ezta?

Bai, eta neurri batean normala ere bada. Aurreko lanetik hona bi urte eta erdi pasatu dira: bata bukatzearekin bestearekin hasi nintzen gutxi gorabehera. Poesigintzari dagokionez, hutsarte bat hartu nahi nuen, beste genero literario batzuk idazteko -eta, egia esan, bien artean haurrentzako Bizikleta lapurtu didate! eleberria kaleratu nuen-, baina tarteka nire poemak idazten jarraitu nuen. Trilogia bati heldu niezaiokeela ere bururatu zitzaidan: lehen poema liburuan gorrei erreparatzen banien, gauza bera egin nezakeela mutuekin eta itsuekin. Beharbada, errepikakorregia izan zitekeela-eta, ideia hura ez nuen mamitu, baina bere arrastoa utzi du, eta nabarmenena Mihia huelgan atala izan daiteke. Bertan isiltasuna dut hizpide, mutu geratze horri egiten baitiot kasu.

Bost zatitan dator poema-liburua. Nola definituko zenuke ‘Geografia zartatuak’ atalak dakarrena?

Duela pare bat urte iheslari politikoek manifestu bat irakurri zuten Ipar Euskal Herrian, euren sorlekura itzultzen hasiko zirela esanez. Urola Kostako Hitzatik (bertako kazetaria bainaiz) aukera izan genuen eskualdeko iheslari batzuekin biltzekoa Hendaian, erreportaje bat osatzeko. Egungo egoera politikoaz gain, beraien kezketako bat zera zen: horrenbeste urte etxetik kanpo egon ondoren zer aurkituko zuten euren sorterrian. Etxea arrotza egingo ote zitzaien. Sentsazio horretatik abiatutako poemak jasotzen dira batez ere lehen atal honetan: urteak erbestean, preso, ihesean edo ezkutuan egote horren baitako barne gatazka intimoago bat ardatz hartuta.

‘Ametsen itsasaldia’ atala da, izenak dioen gisan, onirikoena edo.

Lotan edo esna egin daitezke ametsak, baina batean zein bestean geure baitan murgiltzen gara. Itsaso zabal horretan murgiltzen gara, eta itsasoa ez da beti berdin izaten: olatuak altxatu daitezke, korronte biziak edo ahulak, urak harrotu daitezke edo barealdia nagusitu... Mundu onirikoaren atzean oinarri erreal bat gordetzen da, eta ametsak egi bilakatzeko itsas zeharkaldia luzea eta nahasia izan daiteke, baita utopikoa ere.

‘Amnesia markako erlojua’. Hirugarren atal hau da agian existentzialistena.

Gorren dantzalekuan maiz agertu zen gaia; honetan, ordea, ez dago ironiarako joerarik. Oro har, iragandako garaiaz, oroitzapenaz, nostalgiaz eta damuaz ari naiz. Atzera begiratze horretan pasatzen dugun denboraz.

Lehen aipatu dugun moduan, ‘Mihia huelgan’ atalak lotura zuzena du aurreko liburuarekin, Gorren dantzalekua (Maiatz, 2014) izenekoarekin.

Akaso haren jarraipena ere izan daiteke. Kasu honetan, isilik geratzea edo isiltasuna du ardatz: lotsagatik, debekatuta dagoelako, norbaiti arrazoia emateko edo arrazoia kentzeko, koldakeriagatik... Hutsarte isil bati aurre egiteko nahiko da ausardia apurtxo bat, eta ausardia horrek bizitza goitik behera alda dezake.

Idazlearen jardunari buruzko oihartzunik topatu dugu ‘Eklipse bat nire ordenagailuan’ atalean.

Atalik kritikoena da eta, beharbada, pertsonalena ere bai. Bertan, idazle naizen aldetik izan ditudan eta ikusi ditudan gorabeheren nahiz oztopoen inguruko hausnarketa egiten dut. Izan ere, askotan idazleok sekulako lana hartzen dugu, ilusioz beteta, geure poemak, ipuinak edo nobelak idazten, eta badirudi egindako lan hori ez dela behar adina baloratzen. Alferrik galdutako denbora izan delaren ustea sortzen zaizu maiz.

AritzMutiozabal2

“Argiagoa da liburu hau”

Hutsartea etenaldiaren baliokide izan daiteke. Etenak ez dakit, baina atal ezberdinetan antolatu duzu liburu berria. Aurreko liburuan ordea jarraian zetozen poemak. Akaso poliedrikoagoa delako liburu berri hau?

Hari nagusia etenaldia izanda ere, hainbat gai nagusi zeuden, eta bakoitzari zegokion garrantzia emate aldera, atal ezberdinetan banatzea erabaki nuen. Gorren dantzalekuak ez zuen atalik, poemek ere ez zuten izenbururik, eta hasi eta bukatu egiten zen, gaiak eurak ere nahasian emanda. Buruhauste baten moduan egituratuta zegoen, aurrera eta atzera eginez, barre eta negar eginez, nahiko modu obsesiboan. Oraingo liburua argiagoa da zentzu horretan, estandarragoa ere bai. Bost atal hutsarteari buruz, etenaldiari buruz... Gehiago ere izan zitezkeen, baina ni bost horiekin geratu naiz. Horrez gain, hasieran eta bukaeran poema bana gehitu dizkiot; atariko eta epilogo moduan, hain zuzen ere.

Poema liburu honek beste hezurdura bat du. Beste lanketa bat eskatuko zuen, ondorioz. Nola izan da poema liburu honen idazketa prozesua?

Beste hezurdura bat du, hori bistakoa da. Lan prozesua aurrekoaren antzekoa izan da, ordea: poemak koardeno batean idazten jarraitu ditut, eta konturatu nintzenerako sorta eder bat nuen. Ondoren, gehiago etorri ziren, eta liburua ataletan banatzen hasi nintzen; lehenengo biak argi ikusi nituen, eta hirugarren atala bitan banatu nuen gerora. Lau atalei bosgarren bat gehitu nien azkenera, idazketa nahiz sortze prozesuarekin zerikusia duena. Beraz, bosgarren atalaren sorkuntza ezberdina izan da.

AritzMutiozabal3

“Benetako hutsartea oraingo hau izan daiteke”

Gorren dantzalekua eta gero, hutsarte bat hartzea erabaki zenuela irakurri dugu. Dena den, idazteko joerak ez zuen etenaldirik hartu nahi nonbait. Zer kontatu, zer hausnartu daukazun seinale?

Ez dakit zer kontaturik edo zer hausnartzekorik badudan, baina poesiak badu nigan halako menpekotasun bat, ezinegon bat dudanean harengana jotzen dudana. Barruak askatzeko balio dit, bai idatziz bai irakurriz. Gorren dantzalekua lanak prozesu luzea izan zuen, eta atsedenaldi bat hartu nahi nuen, baina barruak oraindik gehiago hustutzeko beharra zuela dirudi. Beste genero literario batzuekin lardaskan ibili naiz, baina poesiarekin erosoago sentitzen naizela antzematen dut. Errazagoa egiten zaidala adieraztea. Ez dakidana da aurrerantzean ere hala izango den, denbora tarte luzea baitaramat poemarik idatzi gabe. Benetako hutsartea oraingo hau izan daiteke.

Aurrekoa bezala, Maiatz argitaletxearekin plazaratu duzu lan berria. Zure lanean sinesten dutela aipatu izan duzu. Idazten jarraitzeko, babes hori akuilu garrantzitsua izango da ezta?

Maiatzek hasieratik sinetsi du nigan eta nire poesiagintzan. Maiatzegatik eta Lucien Etxezaharretagatik ez balitz, Gorren dantzalekua eta Hutsartea lanak nire ordenagailuko artxibo huts izaten jarraituko zuten. Alde horretatik, berebiziko garrantzia du nire ibilbidean, eta biziki eskertuta nago. Etorkizunean zer egingo dudan oraindik ez dakit, baina Maiatzen babesa izatea berme handia da aurrera jarraitzeko.

Musikaria ere bazara. Ez dakit poemok plazara eramateko aukera aztertu ote duzun. Zerbait aurreratzerik?

Musikaria nintzela esango nuke, urteak dira ez dudala gitarra jotzen. Jakina, poemak plazara atera nahiko nituzke, baina ez dut ezer pentsatu, ezta inorrekin hitz egin hau guztia gorpuzteko ere. Musikariren bat edo musika talderen bat prest balego, aztertu genezake ideia, baina printzipioz ez dut ezer aurreikusi.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)