Beñat Sarasolari elkarrizketa
Bainaren belaunaldia (Labayru) saiakera hartu dugu hizpideOstirala, 2016-06-10Aita Santi Onaindia Bekak euskal literaturaren ikerketa hauspotzea du xede. Beñat Sarasolak beka honi esker plazaratu du Bainaren belaunaldia (Labayru, 2015). Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi literatur aldizkarietan erreparatu du eta argitalpen hauek euskal sistema literarioan izandako eragina aztertu du. "Nahiz eta elkarren artean posizio politiko ezberdinak egon, denek partekatzen zuten literaturaren autonomiaren aldeko posizioa testuinguru ultrapolitizatu batean, non literatur kontuak txikikeriak edo denbora pasarako kontuak ziren askorentzat". Bainaren belaunaldikoentzat, ordea, literatura ere borroka eremu zen, "lehen lerrokoa", Beñat Sarasolak aitortu digunez.

Frankismoaren azkenetan, egun indarrean den sistema politikoaren atarian. Garai zail bezain bizian jaio ziren aldizkariok. Literarioki, euskal letren garai oparoenaren bezperan. Hiru aldizkari hauek belaunaldi baten lehen agerkariak izan ziren. Lehenak eta akaso bakarrak?
Tira, liburuan esaten dut, zalantzazkoa da idazleok belaunaldi bat osatzen duten ere. Haiek, adibidez, ukatu egiten dute hala direnik. Hala ere, zenbaitetan nolabaiteko multzokatzeak eraginkorrak dira zenbait gauza esplikatzeko –hizkuntzak berak hori egiten baitu azken batean–, eta horregatik erabili dut, bere “baina” guztiekin.
Egia da, bestetik, aldizkariok, kasu gehienetan –Saizarbitoriaren salbuespenarekin esaterako–, idazle hasiberriak ziren horiei beren lanak argitaratzeko erabili zituztela. Hala, idazleok beren ibilbidea egin ahala eta liburuak-eta argitaratzen hasi ahala, aldizkarion funtzioa indarra galtzen hasi zen.
Susa, Xaguxarra, Korrok, Idatz&Mintz, Pamiela, Ttu-Ttuá... Geroxeago etorriko ziren beste aldizkari batzuen aurrekaritzat hartu al daitezke?
Bai, esango nuke neurri handi batean baietz. Esan gabe doa, aldizkari haiek ez zuten izugarrizko tiradarik, baina esango nuke beren inpaktu erlatiboa handia zela. Hau da, iristen zen jendearengan, tartean beste idazle batzuengan, eragin nabarmena izan zuela, eta hortik sortu zirela, neurri batean, beste proiektu batzuk. Horrela esplika liteke zergatik ez den inor egun akordatzen garai hartako tirada handiko zenbait aldizkari politikorekin eta bai ordea idazle eta artista zoro haien aldizkari xumeago horiekin.
Jokaleku denetan giroa politizatua zegoen. “Giroa ez zegoen literaturarako”. Koldo Izagirreri hala irakurri diogu liburuko pasarte batean. Giro nahasi horretatik inor ez zegoen salbu. Baina ez ziren orduko girotik isolatu. Gorabeherak gorabehera, literaturaren posizioa defendatzea egokitu zitzaiela esan daitezke, ezta?
Nahiz eta elkarren artean posizio politiko ezberdinak egon denek partekatzen zuten literaturaren autonomiaren aldeko posizioa testuinguru ultrapolitizatu batean, non literatur kontuak txikikeriak edo denbora pasarako kontuak ziren askorentzat. Bainaren belaunaldikoentzat, ordea, literatura ere borroka eremu zen, lehen lerrokoa, beren testu sarri polemiko eta oldarkorrek argi uzten duten moduan. Askotan erabiltzen dira literatura edo artearen autonomia eta artea artearengatik (art pour l'art) delakoa sinonimoak bailiran baina aspalditik erakutsi izan dute teoriko askok (Frankfurteko Eskolatik aurrera gutxienez) hori ez dela hala, autonomia beti dela erlatiboa eta arteak ere politikan eta gizartean eragin handia izan dezakeela (baina bere erara). Horren guztiaren adibide bikainak iruditzen zaizkit aldizkari horiek. Bertako testuak irakurrita inor gutxik esango luke artea artearengatik egiten zutela, eta aldi berean, haren autonomia defenditu zuten lehen zenbakitik bertatik, Panpina Ustelako “Ez dezagula konposturarik gal” hartatik.
“Bainaren belaunaldikoak hasi ziren literatura bere zabalean aintzatzen. Haiei esker euskal (literatura), (euskal) literatura bihurtu zela”, hori diozu liburuan. Garaiko erronka ezberdinei aurre egiten asmatu zutela esan daiteke. Gehienak oso gazte izanik ere, akademikoki eta intelektualki maila jasoa zutela esan daiteke, ezta?
Bai, dudarik gabe. Esate baterako, oso indartsuak dira garaiko Bernardo Atxagaren testu teorikoak, nabarmenki Guy Debord-en pentsamenduaren eragin zuzena dutenak. Aurretik aipatutako “Ez dezagula konposturarik gal” hori ere, bere xumean, aski zorrotza da. Koldo Izagirreren bertsolaritzaren inguruko beste zenbait testu ere oso finak direla iruditzen zait, eta denborarekin ez direla sobera maiztu.
Bestetik, kontuan izanda euskal literaturaren esparrua zentzu askotan basamortu moduko bat zela, haiek ekarritako kanpoko erreferentziak ere oso garrantzitsuak izan zirela esango nuke.
Kritika ere bazen aldizkariotan. Bainaren belaunaldia izenburua hortik dator. Kritiko ziren, baita euren artean ere. Oh! Euzkadiko hainbat artikulutan, oso nabarmen. Ordutik hona, kritikarena da akaso bidean galdu dena? Kritika egin eta jasotzeko modu hori?
Ba bai, baina garaiaren ajeak ez ote diren ere... Mundu mailan adierazpen askatasunaren beheititze orokor bat dagoela esango nuke eta gu ere ez gaudela horretatik salbu. Dudarik gabe, 70-80 hamarkada horietan, euskal kultura askoz ere egoera prekarioagoan zegoen, balizko babes gehiagoren premian, eta hala ere jendeak ondokoa minduko ote zuen beldurrik izan gabe botatzen zuen bota beharrekoa. Horrek dinamismoa ematen zion literaturari eta haren esparruari, eta hori ezinbestekoa da kultura bizi bat lortzeko, askoz garrantzitsuagoa sarri aipatzen diren “kultur industria indartsu bat” “erreferente kultural indartsuak” eta halakoak baino. Gaur egun, justu beste muturrean gaudela esango nuke.
“Aldizkarion balio erlatiboa handia izan zen”
Kontrakulturan kokatzen dituzu hiru aldizkariok. Baina bere garaian, zer nolako itzala izan zuten aldizkari hauek? Eragingarriak izan al ziren edo kontrakulturaren baitan ere, minoritarioak izan al ziren?
Lehen ere esan dut nolabait; ez gaitezen engaina, aldizkari nahiko minoritarioak ziren, baina bere txikian eragina izan zuten. Kultur fenomenoak kuantitatiboki neurtu ohi ditugu sarritan baina hori akats nabarmena da. Urrutiegi joan gabe har dezagun Atxagaren Etiopia liburua esaterako; badira hura baino askoz gehiago saldu diren zientoka euskal liburu, baina gutxik izango zuten haren eragina eta garrantzia. Horregatik nioen aldizkarion balio erlatiboa handia izan zela. Edonola ere, Potten azkeneko zenbakiak, Pott tropikalak, 2000 aleko tirada izan zuen, ez dena nolanahiko zifra. Ale gehienak soto batean geratu ziren, hori bai, baina hori beste sagardotegi bat da.
Egungo sistema literarioaren gako batzuk aldizkariotan zirriborratu ziren. Ia 40 urteko perspektibarekin, uste baino garrantzitsuagoa izan al zen Ustela, Pott eta Oh Euzkadiren ekarpena?
Bai, eragin erlatibo horretan, oso garrantzitsuak izan ziren literatur esparruaren osaeran. Izan ere, besteak beste Pierre Bordieuk erakutsi zuenez, kultur esparruen osaeran elementu oso garrantzitsua da autonomia.
Hiru aldizkariak garaikideak izan arren, aurrekari gisa har daiteke Ustela aldizkaria. Hiru zenbaki bakarrik eman ziren argitara, baina Ustela aldizkariak Ustela argitaletxea ekarri zuen. Sormen aldetik, ordea, Pott izan zen literarioena, ezta?
Pott eta Oh! Euzkadi konparatuta, dudarik gabe lehenengoa literarioagotzat-edo jo liteke. Esate batera, sormen lan gehiago argitaratu zituzten. Haatik, aipatzen duzun moduan, garai hartan Izagirrek zuzendutako Ustela Sailak ere literatur lan aipagarriak argitaratu zituen, tartean Pello Lizarralderen, Jose Luis Otamendiren eta Joxe Austin Arrietaren lehen lanak. Oh! Euzkadi izan zen baita ere hiruetan gehien iraun zuena eta zenbaki gehien argitaratu zituena, eta ibilbide horretan antzaldatzen ere joan zen. Azkeneko aleetan euskal kulturako zenbait polemiketan katramilatu eta bereak egin zuen.
Hausnarketa ere bazen aldizkari hauen ezaugarria. Oh! Euzkadik aldiz, espazio handiagoa eman zien azterketa soziologiko eta linguistikoei. Dena den, denborarekin eta aldizkaritik aparte, Oh! Euzkaditarren ekarpena oso emankorra izango da literarioki, ezta?
Kontaketa egiten duzu eta handik pasa ziren, aldez edo moldez, gerora idazle (batzuk handi) izango ziren ugari: Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Ramon Etxezarreta, Joxean Muñoz, Lourdes Oñederra, Jokin Ansorena, Mikel Hernandez Abaitua... Izagirre eta Saizarbitoriaz gain, jakina.
“Izugarrizko ataria da Armiarma”
Aspaldikoak izan arren, aldizkariok eskura ditugu. Sarean irakurri daitezke: armiarma.eus webgunearen baitan dagoen Literatur Aldizkarien Gordailuan. Zaletu zein ikertzaileentzat, a zer nolako altxorra ezta?
Dudarik gabe, Literatur Aldizkarien Gordailua gabe ez litzateke ikerketa hau posible izango. Ez aldizkariok lortzea bereziki zaila delako, baizik eta hura gabe sekula ez niokeelako aldizkarioi arretarik jarriko. Izugarrizko ataria da Armiarma ezein literatur zalerentzat. Katalunian bizi izan nintzen garaian halako parekorik zegoen galdetu izan nuen inoiz eta martziano baten moduan begiratzen zidaten. Esango nuke ez dugula aski baloratzen; zenbat tesi ez ote dira egin azken boladan hura baliatuz? Zenbat eskolarako material?
Beñat Sarasola idazleak poesia liburu bi idatzi zituen aurreko hamarkadan. Azken urteotan, Munduko Poesia Kaierak zuzentzen aritu zara. Ikerketa-liburu bat plazaratu berri duzu. Zertan da Beñat Sarasola idazlea?
Juan Marsé-ren nobela eder batek esaten duen bezala, egunen batean itzuliko naiz.
Argazkiak: Sarrerakoa, Oier Arantzabal. Gainontzekoak, labayru.eus webgunetik hartuak.