Ixiar Rozasekin solasean
Osteguna, 2014-12-11Irudi batetik abiatzen da testua, eta ez da ohikoa izango bidaia. Genero ezberdineko mikro-piezekin osatzen da testua, istorio zabal bat(zuk) kontatzeko. Irakurle bakoitzak piezak bere erara ehunduz osatuko du haria. Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratu du Ixiar Rozasek Beltzuria. (Argazkiak: Kaxilda liburu-dendan egindako irakurketa).

Irudi batetik abiatzen da liburua: emakume batek hondartzan zerua ikusi eta “beltzuria” esan du, memoriaren hondoan ahaztua uste zuen hitza berreskuratuz. Hari horri gehituko zaio Xamuio bertsolariaren ahotsaren peskiza, egileak berak bere gorputza liburuaren erdigunean kokatuz garatuko duena. Zatiak antolatuz berriz, hiru atal: lehenengoan testuen hari nagusiak, bigarrenean esku oharrak, hirugarrenean ohar amaitu gabeak.
Aurkezpen egunean Jose Angel Irigarayk “artefaktu” hitza erabili zuen liburua definitzeko, liburua zer den esplikatzeko ezintasuna adieraziz, zer edo zer positibo bezala ulertuta: genero artekotasuna, liburu objektua, irakurlearekin sortzen den harreman berezia... nola kokatu behar da irakurlea liburu honekiko?
Irakurle mota asko dago, liburu bezain beste, pertsona mota bezain beste, gorputza bezain beste. Hain pertsonala da irakurle izaera, zerk eramaten gaituen liburu batera eta ez beste batera... nik uste dut hona iristen den irakurleak baduela ausardia puntu bat, irakurle mota horri ez zaio batere zaila egingo orriotan barrena joatea. Gertatu izan zait ere oso gutxi irakurtzen duen jendeak liburua eskuetan hartu, ikusi nola egiten duen lehenengo orrialde pasatze hori, eta “interesantea dirudi” esaten entzutea... horrelako sorpresak ere hartu ditut.
Mikroistorioak, mikronarrazioak, mikrosaiakerak... dituen liburu bat da. Normalean esaten dut ahotsaren inguruko gogoeta estetiko eta politikoa dela, baina konturatzen hasia naiz beharbada horrek irakurle mota bat urrundu dezakeela liburutik, beharbada beste modu batean definitu beharko dut (barrez). “Artefaktu” hitzak ere beste irakurle mota bat urrundu dezake. Zaila da definizioena. Nire ustez erraz irakurtzen den liburu bat da, eskatzen duena ahalegina maila kontzeptualago edo abstraktuago bat ulertzeko, baina maila kontzeptual hori irakurri nahi ez bada irakurri daiteke bakarrik mikroistorioez edo poema laburrez edo mikrosaiakerez osatuta dagoen lehenengo atala. Hori berez da liburu bat, bigarren atalean oharrak daude, baina irakurri nahi ez dituenak hor utzi ditzake.
Artefaktu hitza aipatu dut liburu-objektuari erreferentzia egiteko, kasu honetan garrantzia duelako objektuaren diseinuak eta formak. “Bigara”ko kideekin egin duzu lan, eta horren garrantzia nabarmendu zenuen aurkezpenean. Paperezko objektu honek nola eragin dio edukiari, edo edukiak nola eragin dio objektuari berari?
Liburuaren hasieran nengoenean oraindik ez nekien zer liburu mota idatziko nuen. Baina horrelakoetan zure belarria, zure begirada, zure gorputza badabil liburu jakin baten bila, eta hori agertzen den arte ez zara gelditzen, nire kasuan horrela izan da. Hori agertu arte ez naiz gelditu, eta gauza bera gertatu zait diseinuarekin.
Liburuaren hasieratik banekien liburu honek ezin zuela diseinu ohiko bat izan, edukiak berak eskatzen zidan beste modu batean lantzea forma. Ni ez naiz diseinatzailea eta ezin nuen lan hori egin, zeregin horretarako Bigarako Jon Ander Garcia eta Itziar Aranbururen laguntza izan dut denbora guztian. Behin liburua bukatuta zegoenean jo dut haiengana, beraiek irakurri eta identifikatuta sentitu ziren, oso erraza izan da haiekin lan egitea. Erabaki asko hartu ditugu elkarrekin, hartutako erabakiek eragina izan dute liburuaren pasarte batzuetan... erretroalimentazio moduko bat izan da, niretzat behintzat oso aberasgarria. Beckettek esaten zuen edukia forma dela eta forma edukia dela, eta nik liburu honetan hori bilatu dut, biak gauza bera izatea.
Gauza asko daude liburu honetan, lehen aipatu duzun moduan. Baina liburua sailkatzeko beste modu bat bururatu zait: batetik bada liburu kontzeptuala, arte munduko erreferentziez josia eta abar, baina bestetik horrek ez du irakurlea espezializatua izatera behartzen. Testua bada ere oso gertukoa, pertsonala, eta era berean irakurlearen ikuspegitik norberarena egiteko modukoa. Horren kontzientzia izan duzu idaztean?
Bai, nik ez nuen liburu kriptiko bat egin nahi. Liburua Etxalarren aurkeztu nahi nuen hasieratik, handik jaso dudan guztia nolabait bueltatzeko. Beti izan dut buruan liburu hau irakurri behar duela Etxalarko lehengusinak, anaiek, ahizpek, nire semeak etorkizun labur batean... izan zaitezke abstraktua kriptikoa izan gabe, izan zaitezke poetikoa kriptiko bat izan gabe, poesia mota asko dago.
Lehengoan gogoratu nuen oso gogokoa dudan hitz bat: trasluzidoa. Liburua ez da opakoa edo kriptikoa; eta ez da gardena, gauza gardenak ez zaizkit gehiegi interesatzen, irakurketa bakarra daukatenak edo transparenteak direnak. "Tolesdura" hitza asko erabiltzen dut horregatik. Trasluzidoa ez da transparentea eta ez da opakoa. Hitz hori aspaldi entzun nion dramaturgo bati, Jose Sanchis Sinesterrari, berarekin ikasten ari nintzela 2000. urtean Bartzelonan. Esango nuke liburu trasluzidoa dela: ez da guztiz gardena ez guztiz opakoa, eta beharbada horrek egiten du izatea eskuragai, irakurketa errazekoa izanik gauza konplexuak esaten ditu. Bai, kontziente izan naiz, denbora guztian egon naiz ozen irakurtzen: neure buruari, beste pertsona batzuei... ikusteko nola ulertuko den.
Zatiekin osatutako liburua da baina era berean batasun handia daukana; ahotsaren espazioaren inguruko ikerketak ematen die testu eta tonu ezberdinei lotura.
Bai, zalantzarik gabe, ahotsaren gogoeta hori da testu zati guztiak ehuntzen dituena. Horretaz hitz egiteko erabiltzen ditut Xamuio bertsolariaren -nire aitona zenaren- ahotsaren aztarna fisikoen bilaketa, galtzear dauden edo galdu diren hitzen bilaketa... Hari horretan hainbat istorio txertatzen ditut, gogoetak, poema zatiak, istorio zatiak.... baina ahotsari buruzko liburu bat da.
Eta idazketa prozesua ere zatikatua izan da?
Idazketa oso zaila izan da. Ez dut inoiz hainbeste landu beste testurik, inoiz. Momentu batean pentsatzen nuen ez nuela liburua sekula amaituko, eta orain ere ez dakit liburu hau inoiz amaituko ote den. Edizio lana izan da etengabea-etengabea-etengabea... ez dakit zenbat bertsio egin ditudan ere, eskerrak ordenagailuan bertsioak ondo zenbakitu ditudan! Idazketa prozesua ere oso zatikatua izan da, baina bai eman dut urte oso bat idazteko ekintzan. Aurretik lan asko egina neukan, baina ekintza bera urtebetekoa izan da, nahiko modu intentsuan, hilabete batzuetan denbora erosteko gai izan nintzenean. Denbora hori xahutu zitzaidanean beste modu batean egin nuen, saltokagoago edo, tamalez.
Saltoak aipatu dituzu, eta liburuaren beste ezaugarri bat da liburua saltoka irakurtzeko aukera: “esku oharrak” deitu duzun ataleko zatiak aukerazkoak izan litezke. Performatibitatearen ideia batekin lotu izan duzu liburua kontzeptu gisa, eta irakurleak ere edukiko du tarteka orain eta hemen gertatzen ari den zerbait aurrean dagoen sentsazioa. Nola ematen da performatibitatearen ideia hori irakurlearekiko?
Performatibitatea hitz aterki hauetako bat da, zeinean gauza asko sar daitezkeen, fokua non jartzen duzun. Badago idazketaren performatibitate bat, hau da, aurretik badago egoera jartze bat. Eszenaratze bat izan ordez nik helburuak jarri dizkiot neure buruari, ariketak bezala. Adibidez, neure buruari esaten nion “joan zaitez kale horretara eta hor zauden bitartean idatzi”. Horrela egin nuen, betebeharrak bezala jarri nizkion neure buruari. Egoera horietan beraz, nire gorputza agertzen da. Gero hor dagoena jasotzen dut, baina ez dut fikzionatzen, poetizatu bezala egiten dut. Nire gorputza da abiapuntua, egoera jartze horretan. Hori oso performatiboa dela iruditzen zait, ez dago aurretik pentsatua zer gertatuko den...
Irakurleok idazketaren prozesuaren lekuko gara, zentzu horretan beraz bada performatiboa?
Bai, hori gertatzen da nik ere hori egin dudalako neure buruarekin, eta gero horri buruz idatzi dudalako. Horri buruz idazten ari naizenean irakurleari hitz egiten diot bigarren pertsonan tarteka, gonbite modukoak eginez. Irakurlea momentu horretan nolabait nirekin dagoen jakiteko egiten dut; hau zu hor eta ni hemen nagoen bitartean gertatzen ari da. Jakina, lehenagotik gertatzen ari da, baina testuan ematen du une horretan gertatzen ari dela. Hori bilatzen saiatu naiz. Ozen irakurtzerakoan batzuetan asko aldatu ditut testu zati horiek, orain dauden bezala egon arte.
Hasiera batean pentsatu nuen liburua ez argitaratzea, irakurketa sorta bat egitea eta hor zer gertatzen zen ikustea, testua nola aldatzen den ikusi eta hemendik urte batzuetara argitaratzea...
Eta zergatik erabaki duzu orain argitaratzea?
Ba beste bideak lan gehiago eskatzen zidalako. Pentsatu nuen irakurketena liburua behin argitaratuta ere egin nezakeela. Liburua gauza bat da eta irakurketetan gertatzen dena beste bat. Gehiago itxaron izan banu, liburuaren orrietan eta irakurketetan agian gauza bera gertatuko zen, baina segur aski askoz lan gehiago eginez... ez da adore kontua, produkzio aldetik irakurketak lortzeak lan asko eskatzen zidan, eta ez zen horretarako nire momentua.
Ez zenuen bide hori hartu, baina aurkezpena egin eta gutxira Kaxildan egin zenuen irakurketa. Ez zen izan lehenengoa, baina bai beste ahots batzuek lagundua egindako lehena: Idoia Zabaleta, Mursego, Harkaitz Cano, Bigara... Jende asko bildu zen publikoan. Baduzu gehiago egiteko asmorik?
Bai, nahiko nuke, baina ez ditut bultzatu nahi, ez dut neure burua ikusten orain produkzio lana egiten, boloak bilatzen... baina era berean bai, gustatuko litzaidake, irakurketa bakoitza desberdina delako. Lehenengoa Azalan izan zen, bertan zegoen jendearekin irakurri nuen liburua pertsona bakoitzari pasarte bat emanez. Horrek asko lagundu zidan erabakiak hartzen, eragin handia izan zuen liburuan. Bigarrengoa bakarrik egin nuen bidaide batzuekin, materialak sartzen joan nintzen irakurri bitartean, eta azkeneko hau horren berdina baina modu polifonikoan. Bigarrengoa liburua oraindik inprentara sartu gabe zegoenean izan zen, baina hor ezin nuen ezer aldatu. Bigarrengoak hirugarrengoa prestatzen lagundu zidan.
Eta Kaxildan egindako hirugarren irakurraldi honek zer arrasto utzi dizu?
Honekin irakurketaren formatu horrek aukera asko dituela ikusi dut, eta bilatzen jarraitu nahi dudala gauza ezberdinak eginez. Kaxildako egoera eszepzionala izan zen, ezin ditut parte hartu zutenak nirekin batera titiritero bezala alde batetik bestera eraman. Haientzat aldi honetarako zen gonbidapena, oso gauza efimeroa eta iragankorra. Ez da berriro gertatuko. Beste batzuk baldin badaude beste zerbait izango dira.
Aipatu dugu Kaxildako irakurraldian nortzuk izan zenituen lagun, liburuan ere asko dira aipatzen diren pertsonak, kasu batzuetan modu erreferentzialean eta beste batzuetan zure esperientzia eta harreman pertsonaletatik abiatuta, egin izan dituzun proiektuengatik. Bata izan edo bestea, nolabaiteko mapa bat eskaintzen zaio irakurleari: izenak, loturak, tituluak, aipuak, itzulpen txikiak... nolakoa da mapa hori, osotasunean irudikatu zenuen edo etorri zaizkizun heinean joan zara liburura ekartzen?
Kaxildako irakurketan zeuden guztiak liburuan agertzen dira nolabait, oharretan edo eskerretan... horregatik zeuden han, ez zen gauza gratuitoa izan.
Bestetik, liburu hau idazteko bi mapa egin ditut, nire idazmahaian izan ditudanak. Lehenengo bat eta gero bestea, bigarrenak ordezkatu du lehenengoa. Azken hamarkadan nirekin egon diren materialak, erreferenteak eta irakurketak dira, gehiago edo gutxiago landu ditudanak. Lantzeke daudenak ere bai, hirugarren atalean. Lantzeke dauden horiekin ere batzuetan pentsatu dut: zergatik jarri behar ditut liburuan? Beharbada gehiago biluzten naiz horiekin, baina zalantza horien aurrean jartzea erabaki dut, gauza horiek niretzat gorde ordez, pertsona zuhur batek beharbada egingo lukeen bezala. Gauza asko kendu ditut, asko gorde dut niretzat, ez naiz erabat biluztu, baina egiteke edo ikertzeke dauden gauzak ere badira nire bidaia, eta merezi zuten hemen egotea.
Biluztearekin jolastu egiten dut, fikzionatu egiten dut nolabait, ez da barne hustuketa bat, ez da liburu masturbatorio bat. Jolasten dut ironiarekin eta kritikotasunarekin, fikzionatzen batzuetan... beti ere, fikzionatzea ulertzen badugu nahi dudana egin dudala, ez gauzak asmatzea.
Liburuko hari nagusietako bat da Xamuio bertsolariaren arrastoa jarraitzearena. Deigarria egin zait Xamuio bertsolari horren arrastoan badirela azpiko arrastoak ere, adibidez zure amonaren irudia, itzalean bezala. Horrelako hariak azaleratu zaizkidanean, areagotu egin zait egon gabe badauden ahotsen argazkia.
Abiapuntua Xamuio da, bere bizipenarekin lotura zuzena duelako ahotsaren bilaketak. Oso gauza obioengatik, Xamuiori buruz informazio gehiago nuen. Zentzu horretan zintzoa izan naiz, bidean aurkitu ditudan gauza horiei bidean aurkitu ahala agertzen utzi diet, eta neure buruari hori egiten utzi diot, ikerketan topatutako edukiak ostera ordenatzea fikzionatzea bezala litzateke bestela, eta ez zitzaidan batere interesatzen liburu honetan hori egitea. Gauzak agertu ahala hartu dute forma, batzuk bolumen gehiago hartu dute beste batzuk oharkabeago geratu dira.
Badira mikro-mikro-mikro aztarnak ere bai, nire birramonari buruz entzundako aspaldiko kontuak adibidez, azpimarratu gabe nire senitartekoa denik. Irakurtzean ez dakizu nire senideak diren edo ez diren, asmatutakoak diren... horrekin ere jolastu dut. Azkenean ez du inporta zer den egia eta zer ez. Horrekin oso ondo pasatu dut, galduta egon era berean galduta egon gabe, edizio lan handia dagoelako.
(...) Ekintza performatiboa da bertsolaritza lengoaiaren kodeak erabiltzen dituelako eta horiekin errealitatea ekoizten ari delako, "nik hitz egiten dut" adierazten digulako bertsolariak abesten duenean. Egiten ari dena egiten ari da bertsolaria. beste gauza bat da zer esaten ari zaigun, hau da, hitzen esanahia. (...)
Xamuioren bitartez sartuko gara bertsolaritzaren munduan ere, esku oharren atalean bertsolaritzaren ekintza performatiboaz gogoeta egiten duzu. Ez dakit askotan egin ote den bertsolaritzaren azterketa ikuspegi horretatik, hain dago presente bertsolaritza gure gizartean interesgarria iruditu zaidala ikuspegi horretatik aztertzea. Zer bilatu duzu?
Ikertzailearen lekutik landu dut gaia, idazlearen leku xume horretatik. Nik ez dut bertsolaritzaren komunitatea probokatu nahi, edo nire gogoetan aipatzen dudan ikerlaria zalantzan jarri nahi; saiatu naiz errespetu handiz gogoeta egiten, baina pentsatuz beti ere esaten ari nintzena esan behar nuela. Seguruenik ere esaten ari nintzena edo esaten ari naizena eraginkorragoa egiteko beste modu bat bilatu beharko dut, liburuan zuhurtziarekin bezala dago idatzia, baina ez beldurragatik, baizik ez delako hori liburuaren muina. Banekien liburuan zehar gai horretatik pasako nintzela, behin bertsolaritzaren inguruko lan batzuen harira pentsatu nuelako “ez da posible bertsolaritzarekin loturik ahotsaren gaia aipatu ez izana”. Espero dut bere eragina izatea, oraingoz ez dit inork ezer horri buruz ezer esan...
Niri gustatuko litzaidake adibidez horri tiraka jarraitzea, baina horretaz konturatu nintzen liburua irakurtzen ari nintzen bitartean; gaia agian mamitsua izango da, edo ez, batzuetan horrelako gaiek hitzaldi baterako ematen dute eta kito.
Testu honetan entzuten den lehenengo ahotsa emakume batena da. 67 urte ditu. Hondartza batean dago paseatzen, itsasertzean. halako batean, uraren joan-etorriarekin lasaituta, zerura begiratu du. Une horretan dio, ahoaren eta ahotsaren indarrarekin:
A ze beltzuria datorren! (...)
Irudi horretatik abiatzen da liburua, hasieratik poetika batekin lotzen da beraz. Irudi batetik abiatzen den heinean eta ez narrazio egituratu batetik, akzio edo drama batetik, nola baldintzatu du horrek idazketa? Zein neurritan abiatu da benetan irudi batetik liburu guztia?
Liburua irudi horrekin hasi zen orain dela hamar urte. Hondartzan dagoen emakumearena da irudi zeroa. Liburua erdi amaituta zegoenean aukera izan nuen aspalditik egin nahi nuen zerbait egiteko: Claudia Dias sortzaile portugaldarrarekin lantegi bat, “conposicion en tiempo real” izenekoa. Berak oso garatua dauka zero irudiaren kontzeptu hori, eta gero nola elikatu behar den. Liluragarria iruditzen zait nola uztartzen dituen Claudiak teoria eta praktika bere lanean. Nik liburuarekiko hartutako erabaki batzuk baieztatzen lagundu zidan lantegiak, oraindik garrantzia gehiago eman nion irudiak horrela lantzeari.
Liburu bat idazten ari zaren bitartean gauza asko geratzen dira zure inguruan, eta erabaki behar duzu gauzak horiek sartu edo ez, kanpokoak eragiten dizun edo zure idazle burbuilan sartuta zauden. Idazteko modu asko daude. Nik kasu honetan liburua prozesua bera izatea nahi nuenez nire bizitzan gertatzen ari ziren gauzak, edo nire bizitzan sortzen nituen egoera horiek, liburuan sartzen utzi ditut.
Aipatutako hondartzako irudi hori izango litzateke zero irudia, eta gero bueltatzen da ere liburuaren amaieran. Irudi hori elikatzen noa beste irudi batzuekin, oso kontzienteki egindako prozesua da. Eta benetan horrela izan zen. Nire ama zen emakume hori, beltzuria ikusi zuen eta berak oroitu egin zuen bere haurtzaroko hitz hori, eta esan nion: “ama, honekin zeozer egingo dut seguru”, eta hamar urte pasa dira.
Negutegiatik (Pamiela, 2006) literaturan ez duzu beste libururik plazaratu, baina tartean sormenari eta ikerketari loturiko proiektu askotan jardun zara. Jordari buruz esaten duzu “Bere lan esperimentalarekin zinearen industriaren erdian eta presiopean bizirauteko estrategiei buruz galdetu nion Jordári. erresistentzia-estrategiei buruz mintzatu ginen. "Sartzen eta ateratzen", esan zuen. "Aldizka agertu, aldizka desagertu", zehaztu zuen iparrorratz baten modura". Iparrorratz hori aukeratu duzu zuk ere?
Ez dut kategorikoa izan nahi, ez dut esan nahi hori egin behar denik, baina konturatzen naiz inguratzen nauten pertsonek edo miresten ditudan pertsonek hori egiten dutela. Oso zaila da praktika artistikoaz ari garela beti ekoizten egotea, diru laguntzak edukita agian bai, baina diru laguntza horiek eskuratzeko ere lan asko egin behar duzu. Egia da alokairua ordaintzeko lana egin behar dugula, baina ni askoz erosoago sentitzen naiz bolada batzuetan lan ikusezin hori egiten. Gure lana publikoa da, ekoizle artistikoak garenean ez bakarrik gure lan propioekin, baina gero ere hartzaileak gara, bi lekutan egiteko aukera daukagu. Jende asko hartzaileen lekuan dago soilik, eta lan publikoa egiten duzunean -ez da nekagarria baina- energia asko eskatzen du hor egoteak. Nik neure mugak dauzkat, iruditzen zait osasuntsuagoa dela aldika desagertu eta aldizka agertzea, intermitentziaren ideiarekin, irudi-ipurtargien ideia ere izugarri gustatzen zait, eta horrek narama Pier Paolo Pasolinirengana eta liburuan dauden gauza horietara.
Liburu honetan topatuko ditugu azken urteetan eduki dituzun hainbat esperientzia eta proiektuen arrastoak: Mursegorekin egindako proiektua, Azalako lanak... intermitentzia horren baitan egindako esperientzien lekukotasunak jaso dituzu.
Bai, eta hori ere zalantzekin, ez da liburu autobiografikoa baina neure buruari buruz hitz egiten dut. Ni nago liburuan, ez denbora guztian, liburuan ere sartu eta atera egiten naiz, baina neure gorputza jarri dut bertan, eta hori ez nuen orain arte egin. Negutegia beharbada ez zen hain fikziozkoa ere, hor dokumentalaren ezaugarriak erabiltzeko joera ere agertzen da jada, baina aurrekoak bai ziren fikziozkoak genero bezala ulertua. Fikzioa alde batera uzten joan naiz beste modu honen alde, beste modu honen onerako nire ustez. Momentuz, batek daki gero zer egingo dudan.
Liburua fikzioa da nahi nuena egiten utzi didalako. Baina pertsonaiak, denbora, hasiera eta bukaera bat, idazterakoan izango duzun haria zein den jakitea... orain nire bilaketa gehiago doa genero dokumentalagoago baterantz; nik ez dakit zer gertatuko den liburua idazten hasten naizenean, eta horrek gehiago motibatzen nau esertzera, bestela bukaera zein izango den baldin badakit bidaia egina dago aurretik, ez zait interesatzen. Irakurleekin gehiago testatu behar dut baina, nire ustez irakurlearentzat ere modu honetan idatzita egonik bidaia beste bat da.