Luis Elizetxearekin solasean
Ostirala, 2017-02-10Luis Elizetxea errenteriarrak Argiaren hautsa antzezlana publikatu berri du Algaida argitaletxearen eskutik, Donostia Hiriko Literatur Kutxa Saria jaso ostean. Zahar etxe batean dago kokatua istorioa, eta heriotza du mintzagai neurri handi batean. Heriotzari buruz hitz egitea, bizitzari buruz hitz egiteko modurik intentsoena delako agian. Antzerki idazkuntzaz, taularatzeaz, lehiaketez eta argitaratzea mintzatu gara elkarrizketa honetan.
“Argiaren hautsa” plazaratu duzu Kutxa Literatur Saria irabazita. Azkenaldian antzerkia argitaratzeko hainbat zirrikitu zabaldu diren arren (EHAZE, EDO!...), oraindik ere ez da erraza antzerkia paperera eramatera. Zure kasuan, zer suposatu du saria jasotzeak, ze balorazio egiten duzu?
Sariaren berri izan nuenean, nire lana aditu talde batek baloratua zela pentsatu nuen, eta horrek ilusio berezia egin zidan. Inoiz idatzi dudan lanik serioena da “Argiaren hautsa” eta lehiaketa honetan parte hartzean jauzi kualitatiboa egin nahi nuen. Antzerkigintzan dabilen jendeak irakurriko zuela banekien, behintzat, eta horrek etorkizunean bide berriak urratzeko aukera eman ziezazkidakeen. Saria eskuratzeak, jakina, helburu hori denbora laburrean betetzea ekarri du. Lana argitaratu dute eta irakurle askoren eskura iritsi daiteke.
Orain arte gazteleraz idatzitako bi nobela, haur eta gazte literaturako hainbat lan ezagutu dizkizugu. Irakaskuntzan zabiltza lanean, eta Errenteriako Ereintza antzerki taldeko kide zara. Zer leku betetzen du idazketak zure jardunean?
Idazketa zaletasun hutsa izan zen hasieran eta nire ingurukoek irakurtzen zituzten narrazio laburrak zein gidoitxoak idazten nituen. Ondoren, erronka ere bihurtu zen, nire buruari ea eleberri bat idazteko gai zen agindu nionean. Horrekin batera, nire munduaren ikuspegiak eta burutazioak azaltzeko parada ematen zidan, eta hori egin nahi izan nuen bi nobelekin. Lehenengoa Holandako auzolandegi batean girotua dago eta protagonistak bi aste igarotzen ditu birgizarteratzeko bidean diren lagun talde batekin. Amodioa eta intrigaz gain, kutsu soziala ere nabaria da. Bigarrenaren ideia, berriz, nire ikasle nerabeengan igartzen nuen eszeptizismoak piztu zidan, eta helburu pedagogikoa ere badu. Azkenik, nire idazketaren bidez irakurleak disfrutatzea, sentitzea eta hausnartzea gogoko dut. Beraz, oso bestelako asmoek bultzatzen naute idaztera, nahiz eta beti nire baitan dagoen grina asetzeko beharra egon.
Nobelak gazteleraz, antzerkia euskaraz. Idatzi duzu inoiz nobela euskaraz eta antzerkia gazteleraz? Zer nolako hautua egiten duzu aldi bakoitzean hizkuntzari dagokionean?
Ez bata eta ez bestea. Nire errealitatea elebiduna da, nire inguruko askok ez dakite euskaraz eta nire lanak irakurtzea nahi dut. Askok galdetu didate ea noiz itzuliko dudan “Argiaren hautsa” eta, txantxetan, arratsalde batean toki goxo batean bildu eta nik neuk ahoz gazteleraz errezitatuko diedala esan diet; edo agian ez da txantxa izango, lagun horiek nire lana ez jasotzeak pena ematen dit eta... Irakaskuntzan, euskaraz aritzen naiz une oro. Euskara irakaslea naiz, baina duela bi urte Gaztelania ere irakastea egokitu zitzaidan. Hortaz, goizeko zortzietan euskal baladak edo maitasun-kantak landu ditzaket ikasleekin, eta 9etan Lope de Vega edo Cervantes irakurri behar dugu. Bitxia da, baina polita ere bai. Nire kasuan, bi hizkuntzak osagarriak dira. Antzerkiari dagokionez, Ereintzan sartu ondoren hasi nintzen idazten eta giro horretan istorioak euskaraz sortzen zitzaizkidan. Horregatik, antzerkigintzan nire burua euskaraz irudikatzen dut gaur egun. Dena den, baliteke noizbait nobela euskaraz eta antzerkia gazteleraz idaztea.
Hau idazten duzun seigarren antzerkia duzu. Batez ere antzeztua izateko idazten duzu? Gustura ikusiko zenituzke zure lan guztiak argitaratuak, edo ez da funtsezkoena?
Ez da funtsezkoena, pozgarria litzatekeen arren, noski. Gustura ikusiko nukeena, ordea, nire lanak gehiagotan antzeztuak izatea litzateke. “Argiaren hautsa”-ren aurretik idatzitako antzezlan guztiak Ereintzak Madalenetan (herriko festetan) behin baino ez antzezteko sortuak dira, eta urtero aretoan biltzen den jendeak esaten du pena dela hainbeste orduko lanaren fruitua emanaldi bakarrean islatzea. Halaxe da, baina hasieratik badakit horrela izango dela. Bestalde, gustatuko litzaidakeen beste aukera bat nire testuak beste formatu batean erabiltzea da. Herriko festetan antzezten dugunez, komedia idazteko joera dut, eta gehienetan testuari osotasuna eman nahian bukaerako agerraldi laburrean biltzen diren esketx moduko 10-15 minutuko agerraldiak idazten ditut. Sitcomen antza dute eta irakurtzeko baino, ikusteko sortuak dira.
Ereintza antzerki taldeko kide zarela esan dugu. Antzerkia idatziko zenuke, antzerkian ibiliko ez bazina?
Ez dut uste. Gaztetan gidoigintza ikastaroa egin nuen eta sekula filmatuko ez ziren gidoi laburrak idatzi nituen. Hortaz, garai hartan elkarrizketaren “artean” trebatu nintzen, baina lehen esan bezala, nobela idaztea izan zen nire lehen erronka handia. Antzerkia txikitatik gustuko izan eta, ikusle gisa, betidanik antzezlanen atzean zegoen testuari erreparatu izanagatik, Ereintzan hasi nintzenean ikusi nuen antzezlanak idazteko benetako aukera.
Antzerkia idazten duzunean, balizko taularatzea ari zara imajinatzen, aurpegia eta mugimendua jartzen diezu pertsonaiei, edo nolabaiteko nobela dialogatua da idazten duzuna?
Herriko festetan antzezten ditugunei dagokienez, balizko taularatzea imajinatzen dut, zuk diozun guztia aintzat hartuta. Zortzi-hamar lagun gara, emakumeak, gizonak, gazteak, helduak… Ezinbestean, udaran taularatuko duguna imajinatu behar dut, nork zer antzeztuko duen hasieratik jakin behar dut eta. “Argiaren hautsa”, aldiz, eta bikain deskribatu duzu, nobela dialogatua da. Pertsonaiek hitzez azaltzen dutena da garrantzitsuena eta istorioa ondo ulertzeko ez da ia akotaziorik behar.
Antzerki idazkuntzan egun dauden joeren artean, zurea literatur idazkuntzara gerturatzen da nabarmen. Hitzetan daude irudiak, akzioak, mugimenduak... “Argiaren hautsa” taularatzerakoan, kasu, bere horretan imajinatuko zenituzke hitz guztiak, edo egokitzapen bat egin beharko litzateke aktoreen gorputzera, mugimenduetara, hizkerara, isiluneetara... egokitzeko?
Ni ez naiz aktore-zuzendaria eta agian ez naiz egokiena erantzuteko. Hala ere, zuzendari batek nire lana, mugimenduez ariko bagina, geldoa dela esango balit eta hizkuntzari “literarioegia” baderitzo, ados nengoke. Oso antzezlan diskurtsiboa da, jendeak nobela laburren antzera irakurtzen dela esan dit, eta horrek esan nahi du antzezteko orduan egokitzapenen bat egin beharko litzatekeela, ikusleen mesederako.
Nola bizi duzu zuk antzerkia idaztetik taularatzera dagoen saltoa, berridazketa beharrezkoa dela uste duzu edo jatorrizko testua hitzez hitz errespetatu beharreko zerbait iruditzen zaizu?
Ni, arlo guztietan, egilearen obra sortu den bezala uztearen aldekoa naiz. Lotsagarria iruditzen zait zinera eramandako liburu batzuekin egindakoa, kasu. Dena den, ni izan naiz Ereintzarako idatziriko lan batzuetan lerro mordo bat ezabatu dituen lehena. Entseguetan ikusten duzu idatziriko guztiak ez duela balio eta malgua izan behar duzu. Horrez gain, ados nago zurekin nire joera literatur idazkuntzara hurbiltzen dela diozunean, eta horrek, irakurketari ez, baina antzezpenari freskotasuna ken diezaioke. Kasu horietan, papereko euskaratik ahozkora pasa behar da, berridazketari eutsiz, eta horretan Ereintzako kide batzuek ekarpen baliotsuak egiten dizkidate.
Antzerki irakurlea zara? Zeintzuk dira zure erreferenteak, nondik edan duzu?
Arestian esan bezala, antzerki dialogatua idatzi dut eta eleberrigintzatik nahiz gidoigintzatik edan dut, gehienbat. Billy Wilderrek, Woody Allenek, Campanellak edo Gracia Querejetak idatziriko istorioak atsegin ditut, esaterako. Prosari dagokionez, erreferente ugari daude, baina bi aipatzearren, Atxaga eta Lertxundi azalduko ditut. Dena dela, “Argiaren hautsa” idazteko orduan Karmele Jaioren “Amaren eskuak” izan nuen gogoan. Aitorpen gisa, esango dut liburu hura irakurri nuenean nire buruari esan niola nik noizbait horrelako zerbait idatzi nahi nuela. Liburu horretan aurkitu nituen samurtasunak, afektibitateak eta iraganeko kontuen xarmak harrapatu ninduten.
Edukietan barrena
Istorio samur bezain sarkorra idatzi duzu. Bi agure dira protagonista; iraganeko mamuak, zaharren egoitzan beste lagunekin bizikidetza, gero eta laburragoa den etorkizunarekiko harremana... Zu gazte izanik, zergatik murgildu zara mundu horretan, zerk erakarri zaitu?
Protagonistak baino dezente gazteagoa naiz, bai, baina dagoeneko heldua, eta nire gurasoak aspaldi hil ziren, jada. Amak azken urtea zahar-etxe batean eman zuen eta han ordu asko igaro nituen. Antzezlanean azaltzen den moduan, agureak azkenaurreko geltokian zeuden eta han bi jokabide ikusi nituen: etsita azken trenari itxaroten ziotenak eta azken unera arte bizi nahi zutenak. Garai hartan horretaz askotan hausnartu nuen, nire amaren jarrera baikorra aztertu nuen, eta bera hil zenetik hainbat urtera bere hutsuneak sorturiko samina oroitzapen gazi-gozoa bihurtu zenean hura guztia gehi irudimenak eskaini zidana idazteari ekin nion.
Iraganeko mamuei begira jartzerakoan, gerra zibila, beste garai batzuetako kultur hertsiduraren oihartzunak, frankismoko errepresioa... horrelako gaiei egiten zaie erreferentzia. Asko kontatzeko, azaleratzeko, sendatzeko dugu oraindik maila horretan?
Lanean erabili ditudan gertaera historikoek, ideologiek, garai bateko ohiturek… funtzio literarioa dute. Bizitzan gertatzen diren egoera jakin batzuk muturrekoak dira eta idazleontzat oso aproposak dira. Gerra batean dauden bi bandoen atzean pertsonak daude, eta gerra ostean ezartzen den “bake faltsuak” bizitza asko zanpa ditzake. Nik horixe azaldu nahi nuen, baita gertaera latzak gestionatzen norberak dituen zailtasunak ere. Iragana azaleratzeari buruz, guztiz aldekoa naiz, hala esparru literarioan nola historikoan. Nire ustez, istorio ezkutuak azaleratzearen helburuak justizia garaile irtetea, herriak Historia ezagutzea eta biktimen senideek bakean gelditzea izan behar du.
Eta heriotza. Heriotzen katalogo moduko bat topatuko dugu istorio honetan: heriotza fisikoa, heriotza bortitzak, hilketak, heriotzari beldurra... baina baita ere bizirik egon arren hilik baleude bezala bizi diren pertsonak. Zer nolako ahalegina egin duzu heriotzaren gaiarekin? Zergatik heriotza?
Heriotza gai deserosoa izateaz gain, zeharo erakargarria da. Edo horrela ikusten dut nik bizitzan eragin didan atsekabea arindu eta urteen poderioz nire barnean patxadaz txertatu zaidanean. Ni jaio nintzenean aitak berrogeita hamaika urte zituen eta beti ezagutu nuen ilea erabat urdindua zuen gizon dotore eta serioa. Nik txikitan beti uste izan nuen, inongo traumarik sortzen ez zidala, nire aita lagunena baino askoz lehenago hilko zela. Nire ama, aldiz, diabetikoa zen eta gaixotasunaren erruz itsu gelditu eta hanka bat moztu behar izan zioten. Ez genekien noiz, baina bere heriotza iragarrita zegoela esan liteke. Dialisiari uko egin zion egunean bere sententzia sinatu zuen. Nik “Argiaren hautsa” idaztea lortu badut, amaren heriotza askoz lehenagotik bizi izan nuelako izan da, eta denboraldi horretan balizko heriotzez eta heriotzaren ertz guztiez gogoeta egin nuen, baita alde gozoagoa eskaintzen dutenaz ere.
Tituluak zine proiekzioen argi eremuan ikus daitekeen hauts malutei egiten die erreferentzia, fikzioa, irudimena, eta errealitatea deritzogun horren tartean dagoen muga ia antzemanezina. Irudi ederra aukeratu duzu pertsonaia hauen egoera azaltzeko, nola sortu zitzaizun irudi hori?
Ingurukoek sormena eta irudimena garatuak ditudala diote, eta egia da metaforak, keinuak edo ikurrak erabiltzeko joera dudala. Protagonista zine batean kokatu nahi nuen nire amak gaztetan lagun bati herriko zinean lanean laguntzen ziolako. Irudimena martxan jarri nuen eta protagonistak pelikula bera aldi askotan ikusten zuenez, noizbait aspertuko zela pentsatu nuen, eta eserita zegoela gora begiratuko zuen noizbait, eta orduan…, orduan ikusi nuen argiaren hautsa eta hauts malutek bildu zezaketena.
Eta zinemaz ari garelarik, zinea bera da sarri erreferentzia iturri obran zehar. Zinemazalea zaitugu?
Oso zinemazalea naiz, baina nahi baino askoz pelikula gutxiago ikusten dut. Antzezlanean zineari omenaldi txiki bat egin nahi nion eta nire lanean ere ikasleei zinearen magia transmititzen saiatzen naiz. Komunikabideak izeneko hautazko ikasgaia irakasten dut eta urtero hamasei urteko gazteekin laburmetrai bat filmatzen dut. Hutsetik hasita, gidoia idatzi, plangintza osatu eta haiek grabatu nahiz antzeztu egiten dute. Horrez gain, urtero Cinema Paradiso filma jartzen diet eta lantxo bat egiten didate. Beraz, bai, zineak txunditzen nauela esango nuke.
Idazkeran ere, batzuetan antzerkia baino gehiago pelikuletako planoak etorri zaizkigu gogora: geldotasuna, pertsonaien aurpegierak, xehetasunak... zinemaren eraginpean idaztea bilatu duzu, edo elkar kutsatzea izan da agian?
Ez zen hasierako asmoa zinemaren gakoak antzezlanean agertzea. Argi nuen kontu bakarra zen elkarrizketetan flash-back modukoak erabiliko nituela, pertsonaien iragana orainaldiarekin uztartzeko. Nire ustez, eta ziurrenik nire irakurleek behin baino gehiagotan adierazitako estiloak eraginda, oharkabean elkar kutsatu dute. Askotan esan didate estilo zinematografikoa dudala eta nobeletako atalek eszenak diruditela.
Oroz gain, heriotza eta bizitzaz harago, bizitzeko modua aukeratzearen beharra nabarmentzen da. Bizitzak dakartzan une on eta zailen gainetik, zer aukeratu dezake norberak?
Zalantzarik ez, une horiek kudeatzeko modua. Une onek arrasto ederra uzten dute eta oroimenean era atseginean gordetzen dira, baina une latzak zama astuna bihur daitezke eta ernegatuta edo etsita bizitzea ekar dezakete. Oinazeari nola aurre egin gure esku dago eta “Argiaren hautsa”-ko bi protagonistek bide ezberdina aukeratzen dute. Funtsean, erabaki horrek bizitza oso bat baldintza dezake.
Eta amaitzen joateko, baduzu beste proiekturik buruan? Zeri buruz gustatuko litzaizuke inoiz antzezlan bat idaztea, zein litzateke zure ametsa?
Premiazkoena, aurten Ereintzarekin batera herriko festetan taularatuko dugun antzerkia da. Jarraian, kontakizun laburrak idazteari ekingo diodala uste dut, agian etorkizun laburrean ale bakarrean biltzeko asmoz. Antzezlanen gaineko ametsez, berriz, “Argiaren hautsa” amets gozoa izaten ari da. Istorio hau kontatu beharra nuen, eta nire amari, edo emakume horrekin gozatu eta sufritu zuen semeari zor nion. Terapeutikoa izan da, emozio asko hustu ditut bertan, eta sariak izan nitzakeen nahi guztiak asebete dizkit. Hurrengo ametsa taularatzea litzateke, eta amets berriei ekin aurretik nagoen zurrunbilo eztitik atera eta distantzia hartu behar dut.