Elkarrizketak

Lutxo Egiarekin solasean

Ostirala, 2017-09-22

Sormenaren ez ohiko generoak eta moduak transitatzen jardun da Lutxo Egia bere azken proiektuetan. Abuztuan Bartzelonan egindako Transitoak II: Hau da nire performancea eta iazko Cafe Bilbao saria jaso duen Identitarteak antzezlana (osorik irakurri daiteke hemen) izan ditugu mintzagai elkarrizketa honetan. (Argazkian: Hau da nire performancea, egilea Bartzelonako Mackban).

Lutxo Egiarekin solasean

Elkarrizketa hau berriki ezagutu dizkizugun bi proiekturen inguruan egingo dugu batez ere: Identitarteak antzezlana (Cafe Bilbao sariketaren webgunean irakurri daiteke osorik), eta Transitoak: Haren da nire performancea. Lehenagotik egin zenuen Transitoak: Bi-lingual performancea, zeinean 31 egunez uko egin zenion hizkuntza hegemonikoa erabiltzeari, eta gaztelerazko hitz erdirik esan gabe eman zenuen hilabetetik gora Bilbon. Gaiari dagokionez, zerikusia dute hiruek: nortasuna da ardatza. Funtsean, zerk eraman zaitu gai horretan arakatzera, zer nolako bulkada dago oinarrian?

Identitateen auzia udako bero-sapa legezkoa da: ikusi ez, baina nabaritu egiten duzu ezinbestean. Hizkuntz-identitateak daude bulkada horretan, ziurrenik. Abiapuntua ustez sinplea zen: erdalduna euskaldunak asmatutako kategoria da. Euskaldunik gabe, ez dago erdaldunik. Baina erdalduna eroso bizi da, 24 orduz erdaraz, eta euskalduna, aldiz, itota, penetan, ezinean. Horrela azalduta zoroen kontua dirudi. Poliki-poliki, hizkuntz-identitateen zurrunbiloan murgiltzen hasi nintzen eta gaur arte.

Zu sortzaile gisa literatura mundutik ezagutzen zaitugu batez ere. Lan hauek berriz, antzerkiarekin, edo zentzu zabalago batean arlo eszenikoarekin dute zerikusia. Gutxitan ikusten da literatur idazle batek argitalpengintzan ibilbidea egin ostean, gorputza erabiltzen duten lengoaietara modu horretan gerturatzen (agian ohikoagoa da kontrakoa, antzerkia egitetik liburuan argitaratzea pasatzea). Zerk eraman zaitu beste adierazpen mota hauetara?

Sano interesgarria da diozun hori, eta ez dut gogoeta handirik egin orain arte. Esan liteke literatura, zenbaitentzat, elefanteen hilerria dela. Oso gustuko dut Enrique Vila-Matasen pertsonaia batek, idazlea bera, kixote-aire batez aldarrikatzen duenean testutik ateratzea. Orduan, idazlearen ikuspuntutik, esan liteke ni neu ere testutik irten naizela, geroago bertara bueltatzeko asmoz. Zerk eraman nau, bestalde? Beharrak, agian. Orain dela hiru urte, esan bezala, hiztun-tipologien gainean gogoetatzen hasi nintzen. “Euskaldun”, “erdaldun”, eta beste kategoria batzuk aztertu nahi nituen, baina ez soziolinguismotik. Artea askoz egokiagoa iruditu zitzaidan. Alegia, gogoeta haiek guztiak azaldu, definitu eta mahai gainean jarri ostean, praxi artistiko baten bidez sakondu. Enuntziado teoriko bat, performance bat eta, ondo bidean, ondorio batzuk. Jakina, jakitun nintzen eremu batera sartzen ari nintzela, baina gauzatu egin nuen arrotz sentitu barik. Eta uztailean Bartzelonan eginikoan ere ez dut neure burua tokiz kanpo ikusi.

Zaratik kanporatua"Transitoak II: Hau da nire" proiektua Bartzelonan, egilea Zaratik kanporatua

Performancea zehazki oso lotua egon da artearekin eta -feminismoaren bidetik batez ere- aldarrikapenak egiteko modu garaikideekin. Zerk erakarri zaitu performancearen mundutik, nola iritsi zara bertara? Ikertu egin duzu lehenago performancea zer den, zer mota dauden…?

Ez, ez dut ikertu. Zeozer irakurri dut, Geraldine Harrisen edo Judit Vidiellaren zenbait testu, kasu. Neuk aski modu sinplean ikusten dut: ingelesez duen adiera zabaletik harago (jardun, alegia), performanceak praktika estetikoak dira non, gogoeta batetik abiatuta, subjektua bera bilakatzen den obra artistikoaren ardatza inguruan eragiteko eta non gorputza eragin-eremu bilakatzen den, borroka-eremu batzuetan. Azken beltzean, horixe da helburu behinena: mota horretako ekintza baten bidez jendartean eragitea. Lagun batek esaten badizu, “honek zer pentsa eman dit” esan liteke helburua lorturik dagoela.

Performancea funtsean akzioa da. Zuk egin dituzun ekintzak nolanahi ere, arte mundukoa (soilik) ez den hartzaile bat izan dute jomugan, euskalgintzarekin loturik egon dena kasu. Akaso performancea normalean arrotza zaion publiko batengana eraman duzu, nortasunaren gaia erabilita? Interesgarria litzateke performancea beste eremu batzuetan tresna gisa erabiltzea?

Akzioak lurralde ezezagunetara eroan gaitzake. Katalunian hori gertatzen ari da egun hauetan. Ezohiko akzio-kate baten aurrean gaude, eta horrek beste lurralde batera eroan gaitu. Ez dakigu zer gertatuko den, baina ez balute ezer egin aurreko eszenatokian egongo ziratekeen oraindik. Ekintza edo performance politiko hauek guztiak zerbait astintzen, kolpatzen, iraultzen, aldatzen, mudatzen, eraldatzen eta, azken finean, sortzen ari dira. Berdin da zer (gainera hobe ez ulertzea modu estatiko batez), baina alimaleko sorkuntzan ari dira. Ekintza artistikoa, bestalde, ekintza politikoa da. Gogoeta hutsean geratuko bagina, filosofian geundeke. Baina gogoetari akzio estetikoa gehitzen badiozu, praktika artistiko bat daukazu. Eta praktika hori baliagarria da bizitzaren edozein arlotan eragiteko, alegia, jendeari zer pentsa emateko. Lehenago aipatu duzu feminismoa: 70eko hamarkadan Marta Rosler edo Faith Wilding bezalako artista feministak performanceak baliatzen hasi ziren erakusteko genero-identitatea hainbat akto errepikatu eta erregulatzailetik sortzen den eraikitzea dela. Artista haiek beren inguruan eragin zuten eta ekarpen oso baliagarria egin zieten generoaren inguruko ikerketei. Baina, horretaz gain, arteari berari ere egin zioten, praktika berritzaileak zabaldu zituztelako.

Edozein modutan, arte mundua eta performancea erdarari loturik ezagutu ditugu gehien bat. Garrantzitsua iruditzen zaizu horrelako kodeak euskaraz eta euskaratik erabiltzea (zure kasuan, euskara bera hartuta ardatz gainera)?

Literaturan hizkuntzak hesi baten gisa jokatzen du: euskaraz idatziz gero, euskaldunek irakurri ahal izango dizute; erdaldunek, ezinbestean, erdarazko liburuetara jo behar dute. Idazleek zein irakurleek badakite zein zen beren jokalekua. Kito. Musikan, aldiz, aukera handiagoak daude erdaldunak euskarazko kanten inguruan orbita daitezen. Eta artean, berdin, bereziki performanceetan, non subjektuak aurre hartzen dion objektuari. Performancea erreminta on egokia da hizkuntzen arteko hesi horiek arrakalatzeko.

Transitoak II: Haren da nire performanceaz

Arte eszenikoek publikoaren (edo erritual konpartituaren) beharra dute existitzeko, literaturak irakurlea. Zer nolako hartzailea bilatu duzu zure performanceekin? Izan ere, bietan egunerokotasuna publikoaren zentzu klasiko batetik at eman baita. Bilbon egindako hilabeteko ekintza blog baten bitartez helarazi zenuen, eta Bartzelonakoan berriz Ana Galarraga kazetaria izan duzu egiaztatzaile lanak egiten. Aski da horrekin? Modu gehiago erabiliko dituzu Bartzelonakoa transmititzeko? Zer zentzu du bestela transmititzen eta konpartitzen ez den arteak?

Transitoak: Bi-lingual performancean, euskarazko bizitze horretan inguru erdaldun batean, jende ugari aktibatu nuen, euskaldunak eta erdaldunak. Hobeto esanda, unean une aldarazi nituen, bereziki erdaldunak. Baina, nahiz eta nik neuk performer baten moduan jardun, plano erreal batean ari nintzen. Transitoak II: Haren da nire performancea, aldiz, oso besterik izan da: pertsonaia bat eraikitzeko eskatu nion Harkaitz Canori. Hark gidoi txiki itzela sortu eta neuk, neure bizitza bizitzeari utzita, bere pertsonaiaren azalean sartu naiz, beti ere lekuko, egiaztatzaile edo berifikatzaile baten kontrolpean, Ana Galarragaren begi eta belarri pean. Kasu honetan beste plano batean jardun dut. Komunikatzeko aukerak, beraz, desberdinak. Kasu honetan funtsezkoa zen gauza handirik ez zabaltzea burutu aurretik. Egiaztatzaileak berak ez zekien ia ezer hasi baino minutu bat lehenago. Zabaltze eta komunikatze hori (funtsezkoa performance orotan) geroago etorri da eta etorriko da. Asmoa dut performancea egitera eraman nauten gogoetak eta performancea bera fikzionatzeko nobela batez. Baita ere, seguruenik, erakusketa batean jasotzeko, halako polaroid kontakizun bat. Kasik 800 argazki ditut, Anak aterata. Orduan, lan horiek plazaratu orduko hitz egingo da berriro performance honen zentzu eta helburuaz, ezinbestean.

BERRIAren bitartez izan genuen proiektu honen berri. Berrian azaldu ez balitz existituko zen?

Bai, jakina, burututakoan. Proiektua, ongi funtzionatuko bazuen, deus gutxi zabaldu behar zen ekin aurretik. Inork ez zuen jakin behar ari nintzela. Baina, bestalde, lehenago amua ere bota beharra zegoen, adierazi zeozertan arituko nintzela. Eta, gainera, egiaztatzaileen castinga ere antolatu behar nuen. Beti ere, esan lez, gauza handirik adierazi gabe, bakar-bakarrik une jakin batean nintzena izateari utziko niola. Esan behar da BERRIAren bidez zabaldu nuenean artean ez nekiela zer gordetzen zuen Harkaitz Canok niretzat, kar, kar.

irene barcelonetan 1"Transitoak II: Hau da nire": Oxtul Aige Bartzelonan

BERRIAko artikulua oso argigarria da, baina kosta egiten da -proposamenaren ez ohikoagatik- proiektuaren zentzu osoa ulertzea. Kontaiguzu, zer izan da funtsean “Haren da nire” proiektua?

Labur. “Hoy en día el gran reto que tiene la humanidad es ser uno mismo” du idatzita Vila Matasek. Indar izugarriko esaldia da, izugarria. Gure kontrolpean ez dauden kanpoko-eragile ugarik (publizitatea, moda, sare sozialak...) eragiten eta, zenbait kasutan, gobernatzen dute gure identitate gero eta aldakorragoetan. Oso gai interesantea da eta aurreko hilabeteotan ibili naiz zoezer irakurtzen, baita patologien arloan ere: despertsonalizazioa, desrealiazioa... Geure burari uneoro egin behar diogun galdera hauxe da: nor naiz? Edo, beste hau: badakit nor naizen eta zergatik? Otu zitzaidan atzera ere performancea, praktika artistiko bezala, egokia izan zitekeela kezka hauei heltzeko. Eta ez dakit oso ondo nola, menturaz Vila Matasen beraren edo Marcel Schwob-en hainbat pertsonaietatik tiraka, bururatu zitzaidan testutik irtetea eta pertsonaia bilakatzea. Esperientzia zorionez oso intentsua izan zen eta bikain atera zen, baina justuagoa litzateke Ana Galarraga berak esatea. Eta hirugarren hanka, ondorioak: gogoetek eta performanceak jarraipena eskatzen dute. Eta hori fikziozko kontakizun batez etorriko da. Alegia, testura bueltatuko naiz.

Beste idazle batek, Harkaitz Canok, idatzi zizun gidoia, Oxtul Aige pertsonaiaren “diario antizipatua”. Paul Auster eta Sophie Calleren arteko harremana etorri zaigu ezinbestean gogora -Cano Austerren zale dela aitortu izan du sarri-: Austerrek Calle erabili zuen Leviatan nobelan Maria pertsonaia sortzeko. Callek egindako hainbat performance Maria pertsonaiaren kontakizunean sartzeaz gain, Austerrek Mariarentzat beste hainbat performance-ideia-erritual asmatu zituen. Ondoren, Callek haiek hartu eta benetan egin zituen, errealitatea eta fikzioaren artean norabide bikoitzeko lan bat sortuz. Horren ostean beste kolaborazio bat egin zuten: Callek pertsonaia bat sortzeko eskatu zion Austerri, zeina errealitatean interpretatuko zuen gehienez urtebetez. Proposamenaren ondorioez arduratuta, Austerrek kontraproposamen bat idatzi zion: “Gotham Handbook, S.C.ren erabilera pertsonalerako esku-liburua, bere bizitza New Yorken edertzearren sortua (haren eskariz)”. Gida-liburu horretatik abiatuta xehetasunez dokumentatutako performancea egin zuen (ikus erreferentzia Errata naturae argitaletxearen El juego del otro liburuan). Lan hori -edo antzekorik- izan duzue gogoan?

Ba, harrigarria badirudi ere, oraindik ez dut El juego del otro irakurri. Banuen, noski, Austerren eta Sophie Calleren arteko elkarlanen berri. Calle horretan aritua da. Eta Calle bera beste kontakizun baten protagonista dugu: Porqué ella no lo pidió, Vila-Matasena, non autoreak artista frantsesaren bizitza urtebetez idazteko enkargua jasotzen duen. Liburu horrek eta autoreak berak daukate eragina hemen. Oso liburu gomendagarria da. Idazleek bizitzak asmatzen dituzte eta biziarazten dituzte testuen literarioen bidez. Nik neuk, orduan, neure buruari zera esan nion: zergatik ez, literaturatik abiatuta, bizitza bat egiazki bizi eta geroago testura bueltatu fikzioaren moldean?

Identitarteak antzezlana

Identitatearen eraikuntzaz itaunak egiten ditu, hain zuzen ere, iaz Cafe Bilbao saria jasotako Identitarteak antzezlanak. Agian absurdoan guztiz amiltzen ez den arren, baditu haren ezaugarrien zertzeladak. Absurdoari begiratu diozu lan hau idazterakoan?

Bai, erantzun garbirik ez dagoenean surrealismoa helduleku egokia izaten da. Absurdoak ez du erabat bere egiten Identitarteak (bide batez, Igor Elortzak asmatutako hitza), edo ez da guztiz surrealismora lerrokatzen. Esango nuke badaudela keinu absurdo, surrealista, umorezkoak eta ironikoak.

Zure aurreko idatzietatik asko urruntzen da lan hau, kosta egin zaizu erregistroa aldatzea?

Ez, azken aldiotan gidoiak bakarrik idatzi ditudalako. Baina, noski, ni neu ez nabil murgilduta antzerkiaren munduan eta hori, azkenean, agerian gelditzen da. Nabaritu egiten da. Hala ere, banerabilen antzerki-molde bat buruan: bi jokalarirentzako antzezlan umoretsua eta ironikoa. Neurri horretako jantzian sartzen ahalegindu naiz.

Sarituak-2016

Absurdoan kokatu izan diren lanetan bezala, izen ia-ezinezkoak dituzten bi pertsonaiek bukle batean bizi direla aitortzen dute. Identitatearen gaia euskal kulturaren testuinguruan bukle batean dagoela sentitzen duzu?

Ez bereziki euskal kulturaren inguruan baina hori ere bai, noski. Horretarako ikusi beharko genuke zein den edo zeintzuk diren gure identitateak, edo geureari identitatea dei dakiokeen. Hortxe dago Eduardo Apodakaren Identitatea eta anomalia saiakera itzela. Baina, horretaz gain, identitateen afera zoratzeko moduko gaia da, kar, kar, nor garen, bagaren, zergatik garen, besteak egiten gaituen... Pentsatu nuen beste modu batez esanda, alegia, pertsonaia xelebre biren ahotan, gaia ondo iritsi ahal zela.

Finn eta Seric pertsonaiak badminton partida batean daude, elkarri kontzeptuak eta hitz pisutsuak jaurtiz. Azkenean apurtu egingo da partida, binarismoen eraiste moduko bat islatzen du horrek?

Ez dago proposamen zehatzik nire aldetik. Galderak daude, baina ideia hori ere badago gaur egun mahai gainean: zenbat genero egon litezke? Zelan deitu genero horiei? Nolakoak dira onartutako binomio honek hartzen dituen rol ezarriak? Zein litzateke generoaren edo generoen kontzepzio ideala? Zergatik izan behar dugu? Zeintzuk dira binomioa indartzeko gizarteak erabiltzen dituen ikonoak eta erreferenteak..?

Oso kontzeptuei loturik daude haien arteko dialogoak. Hori izan daiteke absurdoaren beste ezaugarri bat, hitzen zentzua bera kolokan jartzea, errealitateak gain hartzen dionean hitzari berari. Hitzak arinak edo zamatsuak dira lan honetan?

Ni neu, behinik-behin, ahalegindu naiz literaturara ekartzen. Ez dakit lan hau taularatuko ote den, baina idaztean saiatu naiz imaginatzen pertsona batzuk ikusten ari zirela. Beharbada behar ditu arintze batzuk taularatua izateko, baina asmoz saiatu naiz antzerki bat osatzen, eta ez kontzeptu batzuen araberako elkarrizketa-sorta bat. Identitate-aferetan asko dago konstruktotik. Askotan uste izaten dugu bagarela beste barik, baina pixka bat arrakalatuz gero ikusten dugu eraikitzeak daudela. Orduan, literaturako hitzak baliagarriak dira hori guztiari buelta bat emateko.

Euskal identitateaz mintzo, sinbolo ezagunak baliatu dituzu (Atxagaren Harea poema, Arestiren Nire aitaren etxea, "Hautsi da anphora" behin eta berriz errepikatzen da...), baina asmo deseraikitzailez. Deseraikitzea zer da zuretzat: berrikuspena, suntsipena, berrasmatzea...?

Eraikia den guztia deseraiki daiteke eta ostera ere eraiki. Eta berriro deseraiki. Eta geroago berriro eraiki. Kasik, kar, kar, fisika-legea ematen du, baina gizarte-jarduna halakoxea da. Norma sozialak askotan norma naturalaren tankera hartzen du, edo guk geuk ematen diogu izaera hori. Antzezlanean pare hori egon behar zen. Gainera bi aktore, bata eraikitzen eta bestea deseraikitzen... Atxagarenak eta Arestirenak ezin hobeto etorrik zaizkit, bestalde: alde batetik, poema ezagunak dira eta hori inportantea da ikuslea engantsatzeko. Atxaga eta Aresti revisited, esan genezake. Aitaren etxea defenditu barik, deseraiki eta eraiki. Ironia eta umorea dago, bistan da. Batez ere, oso lotua garai honi. Eta Atxagarena ere beti erabil daiteke zeozer fundazionalari heltzeko. Oso bisuala eta hurbila da metafora hori.

Seric: Baina ez bagara garena eta ez bagara izan asmo duguna, zer ote gara?

Finn: Egiten duguna. Egiten duguna gara, Seric. Egiteak gara. Gure izatea gure egitea baino ez da. Egitean sortzen diren ikuspegiak gara, esanahiak edo zentzuak.

Seric: Bai! Hautsi da Anphora eta ez da gu zurrunik!

Euskara eta generoaren artean elkar eragiten duten gogoeta asko ezagutu ahal izan dugu azken urteetan. Testu honetan bada genero gaietan ere asmo deseraikitzaile bat, umorez ekarria. Agian pertsona beti izan da horrela, agian aldatu dena kontzientzia da, edo kontzientzia horren hedapena. Edozein modutan, identitatearen gaiak gure garaia definitzen du?

Neurri batean gizarte likidoaren marka da. Dagoeneko ez da horrenbeste bagara (zorionez, katalanak ba omen dira), baieztapen borobil hori, baizik eta nor gara edo nola, galdera ikurrez. Zerk egiten gaituen. Eta alde batetik, egiteak berak egiten gaitu. Ez gara moroak, ez gara euskaldunak, ez gara ezer egin arte. Halako zeozer zioen Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean saiakeran. Eta Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Mari Luz Esteban oso gogoeta-bide interesgarri bat zabaldu dute non uztartzen diren zer dakarren emakumea izateak eta zer euskalduna izateak. Orduan, batetik, gaia beti egon da hor, eta gurean bereziki, baina gaur egun ere badu pisurik, eta nolakoa gainera. Aldea hauxe: egun gero eta garbiago dugu egin ahala garela, alegia, ezin ditugula ulertu identitateak modu estatiko batean.

Ondo pasatu duzu obra hau idazten?

Bai. Idatzi bitartean, irudikatzen nituen aktoreak oholtzan eta publikoa barre egiten (hori espero dut, kar, kar). Eta hori sentsazio berria izan da niretzat.

Eta espero duzu oholtza gainean ikustea? Aurreikusia dago Cafe Bilbao sariarekin?

Nahiko nuke. Sariak berak aukera ematen zuen Pabellon 6n antzezteko, baina berehala sartu beharra zegoen produkzio batean, aktoreak bilatu, zuzendaria... Baina, inor prest balego... Testua Cafearen webgunean dago irakurgai, eta inork nahiko balu neuk pasako nioke.

Amaitzeko, nora eramango zaitu etorkizunean nortasunaren gaiaren baitako transitoak?

Transitoak 3 abian jartzeko ideia bat daukat dagoeneko. Kasu honetan, genero-identitateei eskainia. Aurrekoekiko aldea, berriz: beste pertsona batzuek ere parte hartuko lukete, talde-proiektua litzateke. Ikusiko dugu, oraindik ez dago ezer.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)