Monika Etxebarria itzultzaileari elkarrizketa
Alain-Fournierren Meaulnes handia (Literatura Unibertsala) itzuli berri duOstirala, 2013-09-13Meaulnes handia (Literatura Unibertsala, 2013) eleberri irakurrienetakoa da Frantzian. 1913az geroztik, bost miliotik gora ale saldu dira poltsikoko edizioan. Alain-Fournierren abenturazko nobela hau gazteentzako irakurgai gisa gomendatzen den arren, "baditu hainbat elementu eleberrigintzaren joera garrantzitsuekin lotzen dutenak". Hala uste du Monika Etxebarria itzultzaileak. “Errealitateari eta helduen bizitzari heltzea mingarria da, eta abenturekin arindu daiteke min hori. Fournierren bizitzaren pasarte batzuk ezagututa, argi ikusten da bera ere horren bila ibili zela”. Liburuaz, idazleaz eta itzultzaile-lanaz solasaldi atsegina izan dugu Monika Etxebarriarekin.

“Liburu irakurterreza da. Zailtasunik gabea hizkuntza aldetik”. Hala ulertu genuen, liburuaren itzulpena aurkeztu zenuen egunean. Euskarara ekartzerakoan, hori ere ondo gogoan izango zenuen, ezta?
Batez ere jatorrizkoaz ari nintzen, itzultzeko lanaren ikuspuntutik, alde horretatik zailtasun berezirik ez nuela izan esan nahi nuen. Pentsatzekoa da itzulpena ongi egina baldin bada euskarazkoan ere hala izanen dela... Zailtasunik ez dagoenean, esanen nuke itzulpena “inkonszienteagoa” dela, eta bestelakoa denean, berriz, detaile guztiei askoz gehiago erreparatuta eta ondo jabetuta egiten dela lan, baina sentsazio bat besterik ez da, galderaren harira bururatu zaidana, egia esan.
Liburuaren egitura klasikoa da. Hori ere lagungarri egingo da itzultzailearentzat, eta ondoren irakurri behar duenarentzat.
Liburuaren egitura ere ongi pentsatu eta propio antolatu zuen idazleak kontatu nahi zuenaren mesedetan... Meaulnes handia hiru zatitan antolaturik dago, bakoitza hamabost bat atalez egina, eta epilogo batez amaitzen da. Antolaketa modu honek eraginkortasun dramatikoa areagotzen du. Eleberriko zati bakoitza etapa bat da, eta etapa/zati bakoitza agur edo porrot batekin ixten da. Horrek hurrengo zatiarekiko interesa eta tentsioa pizten ditu, epilogoraino, honek ere segida libre uzten baitu.
Gaiak ere zati batetik bestera pasatzen dira, garatzen, errepikatzen modu desberdinetan. Adibidez, festaren gaia zati guztietan ageri da, modu desberdinetan; edo pertsonaien arteko harremanak, geroz eta aberatsagoak baitira zatitik zatira. Hiru zatiak elkar loturik daude oihartzun, leit-motiv eta aldaeraz osatutako sistema bati esker, eta noski, horrek irakurketa errazten du.
“Egiazkotasun handiko narrazioa” dela aipatu zenuen liburuaren aurkezpenean. Autobiografikotzat ere jo izan da Meaulnes handia liburua.
Bai, elementu batzuk zuzen-zuzenean idazleak bizitakotik hartuak dira: haurtzaroko bizipenak, familiako kontu batzuk, hau da, zenbait pertsonaia eta eszenatoki. Fournierren gurasoak ere maisu-maistrak ziren, eta bera giro horretan bizi izan zen, herrixka bateko eskolako gorabeherak ongi ezagutu zituen. Maitasunezko historia idealizatua ere neurri batean bere historia da... alderdi autobiografikoak garrantzi handia du, eta horrek egiazkotasuna ematen dio kontakizunari. Esaten dutenera, nobelak hasieratik izandako arrakasta hein handi batean egiazkotasun horri zor zaio, irakurleak identifikatuta sentitzen baitziren.
Gazte literaturarekin lotu izan da nobela hau, baina “klasikoak” adin kategoriaren gainetik daude, ezta? Nerabe ez direnek ere gozatuko dutela nobela honekin, alegia.
Bai, noski. Etiketekin sorpresak gertatzen dira askotan. Badirudi Fournierrek ez zuela bakarrik gazteengan pentsatuz idatzi nobela hau, are gehiago, beste amaiera bat pentsatua omen zuen gazteentzako bertsio bat egiteko, baina ez zuen aukerarik izan. Gero, ordea, gazteentzako literaturaren etiketa jarri zioten, eta ikastetxeetako irakurgai gisa izan du zabalkunderik handiena. Euskaraz hala izateko ahaleginak eginen dira, noski, irakurle gehiagorengana iristeko modu ona delako, baina ez nuke esanen bereziki gazteentzat, gaurko eta hemengo gazteentzat liburu egokia denik, bestelako gustuak dituztela iruditzen zait, baina oker egon naiteke. Irudipena dut helduek gehiago gozatu dezaketela irakurgai mota honetaz.
Duela mende bat idatzi zen. Zer du nobela honek, gaur egunean erakargarri izaten jarraitzeko?
Hainbeste urte iraganik erakargarria izaten jarraitzeko arrazoiak ez daude bakarrik liburuaren barrenean, bere balio literarioan, kanpo faktoreak ere badira. Txarra izan balitz ez zuen iraunen, hori egia da, eta literatura unibertsalean bere lekutxoa baldin badu horrexegatik izanen da, baina testu honek hasieratik izan du “aureola” berezia: gerrako heroi batek idatzia zen. Horrez gain, eskolako irakurgaia izateak ere markatu du, belaunaldiz belaunaldi ikasleen eskuetatik pasatuta, klasiko literarioa ez eze “klasiko sozial” dei dezakeguna ere bihurtzen da... Pentsatzekoa da horrek gehienbat Frantzian funtzionatzen duela, noski. Jakin nahi nuke, hemendik urte batzuetara aztertuta, itzulpen honek zer harrera izan duen Iparraldean Hegoaldearekin alderatuta. Ez dakit horrelako ikerketarik egiten ote den, baina interesgarria izan daiteke jakitea nola funtzionatzen duten itzulpenek bigarren hizkuntza nagusia, gaztelania edo frantsesa, zein den kontuan hartuta...
Itzulpen bakoitzak erronka bat gordetzen du bere baitan. Klasiko bati heltzerakoan, eta best seller baten kasuan areago, ardura handiagoa sentitzen al da? Eroso sentitu al zara Meaulnes handia liburuaren itzulpen prozesuan?
Nire ez zait tokatu best seller-ik itzultzea, baina, pentsatzen jarrita, ardura handiagoa sentituko nuke, irakurle gehiago dituztelako, beharbada, edo erantzuna, erreakzioa askoz berehalakoagoa izan daitekeelako, batez ere arazoren bat izanez gero. Nire klasiko hau, nolanahi ere, xumea da, oso desberdina izanen da oso-oso ezaguna den lan batekin edo, arrazoi desberdinengatik, bereziki zaila denarekin.
Lanean denetatik sentitzen da, batzuetan aise, beste batzuetan astun, norbera nola sentitzen den ere garrantzitsua da, lan mekaniko eta hotza ez den aldetik. Nolanahi ere, lan hauek itzultzeko baldintzak on samarrak dira, kezka izan dezakegu batzuetan epearekin, baina denok aitortzen dugu gehienetan hobe izaten dela lanetarako mugaeguna jartzea, luzatzea agonia moduko bat dela: zuzendu, berrikusi, berriz zuzendu, erreferentzia bat aurkitu, aldatu ez aldatu... Badakigu itzulpen posible asko daudela, eta bat aukeratu beharra dagoela, lan hauetan asumitu behar dugu hartzen dugun erabakia egokiena dela, nahiz eta beste erabaki posible batzuk egon... Zalantza horietan, ordea, ez dago alderik lan batetik bestera, denei konpromiso maila berdinarekin egiten diegu aurre. Hala uste dut, behintzat. Niretzat lan berezia izan da ikasle garaia gogorarazten didalako, horrexegatik aurkeztu nuen proiektua. Ikasle nintzela, frantseseko testu liburuetan agertzen ziren pasarteetatik gogoratzen dut Meaulnes handia, Alphonse Daudet-en Lettres de mon moulin edo Rabelais-en Pantagruel eta Gargantua irakurgaiekin batera.
Abenturazko eleberri ingelesen itzala
Abentura liburu bat da. Eta hain zuzen, Alain-Fournierrek estilo horretako idazle ingeles handien eragina izan zuela adierazi zenuen prentsaurrekoan. Inspirazio iturri horiek zeintzuk izan ziren, batzuk aipatzerik bai?
Fournierrek egonaldi bat egin zuen Londresen, eta hango idazleak miresten zituen, gainera gaztetatik irakurtzen zituen ingelesez, Thomas Hardy, adibidez. Hortaz, keinu asko egin zizkien abenturetako eleberriei, hain gogoko zituen abenturazko eleberri ingelesetatik eredua hartuta: Emily Brontëren Wutheringh Heights, H.G. Wellsen The War of the Worlds, Ruyard Kiplingen Kim, eta batez ere, Robert-Louis Stevensonen Altxor Uhartea, J.M. Barrieren Peter Pan, Daniel Defoeren Robinson Crusoe. Hasieran, adibidez, abentura eleberrietako ohiko pasartea aurkitzen dugu: ume arrunt baten bizimodu lasaia aldatzera datorren zerbait, norbait. Meaulnes eta Frantz, egiazko abenturazale, bidaiari bihurtzen dira.
Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Xabier Olarra Alberdania-Erein-Igela argitaletxeen ordezkaria eta Bego Montorio itzultzailea, liburua aurkeztu zen egunean. Liburua eskuartean duena da Monika Etxebarria itzultzailea.
Galdutako zoriontasunaren nostalgia
“Nostalgiaren eleberria”, “iraganera itzultzeko gogoa”... Horrelakoak ere gordetzen ditu bere baitan. Akaso nobela idatzi zeneko testuinguruarekin bat dator, ala haratago doa?
Nik esanen nuke idazleak hori sentiarazi nahi duela bere bizipenetan oinarrituta: galdutako zorionaren nostalgia, eta zorion hori haurtzaroarekin lotua dagoela. Errealitateari eta helduen bizitzari heltzea mingarria da, eta abenturekin arindu daiteke min hori. Fournierren bizitzaren pasarte batzuk ezagututa, argi ikusten da bera ere horren bila ibili zela, baina alderdi praktikoa nagusitu zela bere kasuan. Alde horretatik, guztiz identifikatu daiteke idazlea narratzailearen pertsonaiarekin.
Erreferentzia historikorik edo une haietan bizi zuten egoerari buruzko aipamenik ez dago, ordea; munduan gertatzen zenaz ezer ez dakigu, bakartuta agertzen zaigu erabat. Ez dago gerrarik, ez arazo ekonomikorik... Idazleak horrekin zer bilatzen zuen? Errealitate gordinetik nolabait aldentzea, lurralde eta denbora idealizatu eta unibertsal batean kokatuz, ziurrenik.
28 urterekin desagertu zen Alain Fournier, Lehen Mundu Gerran. Dena den, oihartzun handia izan zuen liburu honek (liburuaren kontrazalak dio 5 milioitik gora ale saldu zirela). Gazte hil izanaz gain, nobelak berak oihartzun handia izan du, baita ondorengo belaunaldietan ere. Idazlearen biografiatik haratago, liburuak berak baduela bere xarma, amu lana egiten duen zerbait, ezta?
Baina mamiari helduta, niretzat xarma handiena du idazleak lortzen duen giro onirikoan, fantasiazkoan, eta elementu errealekin jokatuz, azken finean pertsonaien begiradak bihurtzen baititu gertaerak eta tokiak miresgarri. Historiaren kontakizuna une batzuetan motela suertatzen da, dudarik gabe, baina aldi berean samurra da, xaloa ere esanen nuke, gaztetxo baten lumatik aterata balego bezala. Nik oso gogokoak ditut naturaz eta paisaiez egiten dituen deskribapenak. Zenbait momentutan nostalgikoa baino gehiago malenkoniatsua, tristea dela iruditzen zait. Eta pertsonaien sorta zabala ere aipagarria da.
"Lan handia dugu egiteko oraindik"
“Literatura Unibertsala” ekimenaren bitartez, oihartzun handiko nobelen bilduma handitzen doa. Ahalegin bat dago ekimen honen atzean.
Ahalegin izugarria, eta garrantzi handikoa, mundu osoaren altxor kultural bat gurera ekartzen ari baikara, hutsune handi bat betetzen. Normalizatu gabeko gure hizkuntza txiki honetan maiz sortzen da zalantza hori: zer itzuli? Zerk du lehentasuna? Berriki izan da horri buruzko mahainguru bat Larrabetzun, eta lankide baten galderek zer pentsatu eman zidaten. Nire ustez, euskarak eta euskaldunok dena merezi dugu, klasikoa eta garaikoa, zaharkitua dirudiena eta boladakoa, baina munduko literaturan maisulantzat hartzen diren horiek ezinbestekoak ditugu euskaraz, beste guztiaren oinarri direlako, eta ari gara pixkanaka. Idazleak irakurleak izan dira, orain eta lehen, eta bakoitzak bere hizkuntzan irakurri du lehenago, horrela jaso dituzte gehienek herentzia eta prestakuntza literarioak. Beharbada emaitzak ikusteko goizegi da, belaunaldi batzuk beharko dira gureganatzeko... Liburuak jatorrizko hizkuntzan irakurtzea idealena da, noski, pribilegioa, baina euskarara ekarritakoak normaltasunez eta gustura irakurtzea, eskubidea eta gozamena. Eta lan handia dugu egiteko oraindik!