Mimoz hautatzen dira aleak Tobacco Days liburu-denda berrian
Asteazkena, 2017-10-11Irailaren 23an ireki zituen ateak Donostiako liburu-denda berriak: Tobacco Days du izena, eta, hain zuzen ere, Tabakalera arte eta kultur zentroaren behealdean dago. Ines Garcia Azpiazurekin hitz egin dugu, Garoako liburuzain ohiak jarri baitu martxan proiektua. Liburu-dendaren filosofiaz eta liburuzain-lanaz hitz egin dugu berarekin.

Aspaldiko amets bat ote zenuen liburu-denda bat sortzea?
Ez, ez. Gertatu egin zen. Nire kabuz negozio bat hasteko ideia banuen buruan, baina ez nekien oso ondo zer egin. Lagun batek eta biok beti hitz egin izan dugu horretaz, bion artean egin behar genuela zerbait, zeren beti protestatzen dugu gure lanengatik, eta pixka bat inkoformistak garenez, ba egoera hori aldatzeko gogoa geneukan. Gero berak bere bidea jarraitu du, eta nik neurea.
Garoan lan egin dudanez, banuen esperientzia liburuzain moduan. Egia esan, lanean oso gustura nengoen, eta Groseko denda itxi eta gero, Tabakalerako espazioaren alokairuaren berri izan nuen. Egun bakar batean aldatu nuen txipa. Lehenengo fantasia bat iruditzen zitzaidan, baina, azkenean, buruari bueltak ematen hasi eta nire burua ikusi nuen liburu-denda bat irekitzen. Konturatu nintzen ilusioa egiten zidala, gertukoek ere animatu ninduten… Nik beti aprobetxatu izan ditut parean tokatu zaizkidan aukerak, eta, hau, azken finean, horrelako aukera bat izan da. Ideia hartu eta pixkana-pixkana burutu dut.
Garoan aritu zara liburuzain. Zer moduzko esperientzia izan da?
Balenciaga museoko gida nintzen eta, halako batean, Imanolek [Agirre] eskaini zidan Zarauzko dendan lan egitea. Kriston aldaketa egin nuen, egia esan. Orain dela lau urte hasi nintzen. Betidanik izan naiz irakurzalea eta mundutxoa ezagutzen nuen, baina irakurlearen ikuspuntutik, eta oso-oso ezberdina da. Argitaletxe batzuk ezagutzen nituen, baina bat-batean konturatu nintzen beste hogei mila zeudela… Liburuzaina baldin bazara zeure gustuez aparte besteenak ere ezagutu behar dituzu, gainera. Egia esan, ez zitzaidan gehiegi kostatu lanera egokitzea.
Bestalde, Garoa ez da liburu-denda arrunt bat. Paperezko Kontzertuak proiektu hasi zenean, lana jada ez zen bakarrik liburuak aukeratzea eta gomendatzea, bat-batean, kontzertuak antolatzeko aukera neukan, eta gertutik ikusteko. Lan bat oso monotonoa bihur daiteke, eta noizean behin horrelako eskapadak edukitzeak asko laguntzen du.
Zer helburu jarri dizkiozu zure buruari?
Garoa sekulako eskola izan da niretzat eta bertan ikasitakoak Tobacco Days-en ere aplikatu nahi ditut.
Bestalde, ni gustura egoteko, nik gustuko ditudan liburuak eduki behar ditut. Aukeraketa egiterakoan, argitaletxe txikietara joko dut gehiago, eta nahiago dut aukeraketa berezi bat egin. Ez dut liburu asko eduki nahi, nahiago dut aukeraketa pertsonal bat, eta mimoz egindakoa. Horrela, jendeari liburuak gomendatzeko momentuan, askoz errazagoa da eta sentimendu gehiagorekin egiten duzu.
Bestalde, liburuak eskatzean konturatu naiz nahiago ditudala saiakerak. Hori, agian, moldatzen joango da, eta eleberri gehiago ekarriko ditut, edo ez, igual jendea ohituko dut horrelako liburu-denda batera, zeren, azken batean, liburu-denda bakoitzak badu bere izaera, eta nirea horrela geratuko da agian. Hala ere, argi daukat bizirik dagoela liburu-denda, eboluzionatzen joango dela. Orain, badakit hauek nahi ditudala: eleberriak eta saiakerak, liburuak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, haurrentzako liburu batzuk, nobela grafikoak, arteari eta zinemari buruzko liburuak…
Kultur jarduerarik antolatuko duzu?
Baditut pare bat ideia, adibidez, irakurle-taldea egongo da. Gaztelaniazkoa ja lotuta daukat, Ruthek [Pérez de Anucita] eramango du, Garoakoa ere hark gidatzen baitzuen. Euskarazkoa ere egin nahi dut, eta pentsatzen ari naiz nor izan daitekeen pertsona egokia.
Gero, niri asko gustatzen zait musika elektronikoa, eta pintxadak egin nahi nituzke hilean behin, eguneko giroan. Badago liburu bat Alphay Decay argitaletxean, Der Klang Der Familie, Berlingo techno-aren historiari buruzkoa, eta horrela deituko dira gure saioak ere: Familiaren soinua.
Aurkezpenen bat ere egin nahi nuke, baina niri interesatzen zaizkidan idazle eta materialekin.
Hala ere, pixkanaka doa dena, ez dut saturatu nahi, gainera ni bakarrik nagoenez oraingoz… Urrian ez dut uste ezer egingo dudanik, nahikoa dut eta liburu-denda martxan jartzearekin, baina azaroan seguru zerbait egingo dudala.
Zergatik Tobacco Days izena?
Negozio bat bataiatzea gauza zaila da… Gauza asko sartu nahi dituzu izen bakarrean. Hogei mila buelta eman ondoren, brainstorming bat egin nuen lagunen artean, eta, azkenean, Gorka Bereziartuak eman zidan ideia. Oso ona iruditu zitzaidan. Anduren [Lertxundi] eleberri bat da, eta Andu ezagutzen dut, Garoako bezero oso ona da, eta laguna. Eleberria euskaraz dago, noski, baina izenburua ingelesez, nobela beltza da, tabakoaren estraperloari buruzkoa… Izen perfektua iruditu zitzaidan. Badu puntu irreberente bat gainera, debeku asko daudelako tabakoaren gainean, eta grazia egin zidan, nahiz eta ni erretzailea ez izan. Gaztelaniazko taldeari ere horri tiraka ipini diogu izena: Papel de liar.
Beste liburu-dendaren bat izan al duzu buruan eredu gisa?
ANTI liburu-denda. Beraiekin egon nintzen orain dela hilabete batzuk eta beraien proiektua ere oso antzekoa iruditu zitzaidan. Oso filosofia antzekoa daukagu: liburu gutxi eduki… Nik uste dut irakurleek estimatzen dutela hori. Ez liburu sorta handi bat, eta norberak hartzea nahi duena, baizik eta liburu gutxi, eta fidagarriak.
Nobedadeen kontua ere hor dago: oso estresantea da, nahiko erritmo ero bat ezartzen dizute. Iraila iritsi eta milaka liburu berri daude. Nola irakurriko dituzu denak? Ez dago denborarik horretarako. ANTIn orain dela 5, 10, 20 urteko liburu asko dauzkate. Eta hori da gakoa, fondo on bat edukitzea. Neuk ere orain dela urte batzuetako liburuak eskatu ditut batez ere. Eta gero berriren bat gustatzen bazait, ba eskatuko dut, baina nobedadeen baitan bizi gabe, bestela erotu egiten baitzara. Gainera, zergatik izan behar du nobedade batek inportanteagoa, orain dela 5 urte argitaratu zen liburu batek baino?
Zure liburu-dendara joango bagina oraintxe, zer liburu gomendatuko zeniguke?
Edizio elebiduna da. Garai haietan (eta orain) garrantzia minimoa eman zitzaien 10 emakume poeten lanak agertzen dira. Antologia bat da, baina nahiko txikia, beraien lan asko galduta, erreta, suntsituta daude. Pena, liburua irakurri ondoren emakume hauen lanean sakontzeko gogo ikaragarriak eduki nituen eta ez dago ia ezer eskuragarri.