Albisteak

'Amaren eskuak' filma estreinatuko dute gaur Donostiako Zinemaldian

Asteartea, 2013-09-24

Zinemira sailaren barruan estreinatuko dute gaur Karmele Jaioren Amaren eskuak (Elkar, 2006) eleberrian oinarritutako filma. Irailaren 27tik aurrera ikusi ahal izango da Euskal Herriko zinema aretoetan, Donostian izan ezik. Donostian irailaren 29tik aurrera ikusi ahal izango da.

Gaur arratsean estreinatuko dute Amaren eskuak filma, Donostiako Zinemaldiaren egitarauaren barruan. Filma Karmele Jaioren Amaren eskuak (Elkar, 2006) eleberrian oinarrituta dago. Film luze hau Mireia Gabilondok zuzendu du eta Zinemira sailean emango dute. Sail honetan estreinatuko diren pelikulak euskal zinemaren Irizar Saria irabazteko lehian ariko dira.

Karmele Jaiok titulu berarekin idatzitako liburuan oinarritutako film honek gaur egungo belaunaldi baten bizipenak islatzen ditu. Konpondu gabeko arazoez ari da. Presazko gauzek benetan garrantzitsua den hori nola ezkutatzen duten kontatzen du. Gai asko jorratzen ditu: sentiberatasunaren balorea, asetzen ez duten lan eta ardurez bakarrik beteriko bizitza, inkomunikazioa, errudun sentitzea… eta, eguneroko errutina hausten denean, horrek dakarren egonezina.

Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) hiru narrazio liburu –Hamabost zauri (Elkar, 2004), Zu bezain ahul (Elkar, 2007) eta Ez naiz ni (Elkar, 2012) – eta bi eleberriren egile da –Amaren eskuak (Elkar, 2006) eta Musika airean (Elkar, 2010)–.

Karmele Jaioren lanek lehenago ere ezagutu izan dituzte liburuetatik haragoko bideak, Ines Garciak Amaren eskuak liburuan oinarritutako argazki erakusketa egin zuen kasu, eta Ekografiak narrazioa teatro bertsio baten bitartez eraman zuten oholtzara Irene Bauk eta Ramon Bareak. Filmean ikusiko ditugun aktoreen artean daude Ainara Gurrutxaga, Loli Astoreka, Esther Remiro eta Mark Schardan.

Itzulpenen bidetik ere plazara

Azkenaldian ez da zinemari loturikoa Karmele Jaioren lanaren inguruan heldu zaigun albiste bakarra. Musika airean eleberria eman du berriki Ttarttalo argitaletxeak, Música en el aire tituluarekin. Ttarttalok berak plazaratu ditu lehenago ere Las manos de mi madre (Ttarttalo, 2008) eta Heridas crónicas (Ttarttalo, 2010) lanak.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)