«Hitzak zaindari» erakusketa Zumarragan eta Eibarren
Asteazkena, 2021-09-22«Hitzak zaindari» erakusketa ibiltaria Zumarragan eta Eibarren izango da datozen hilabeteetan, EIZIE, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartearen eskutik.

«Hitzak Zaindari, Literaturaren hitzak zaindari» kanpaina abiatu zuten uda honetan EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.
Gipuzkoan antolatu dute, «zaintza» ardatz hartuta. Euskal literaturako bost adituk euskal letretako 20 testu aukeratu dituzte, zaintzaren hainbat ertz erakutsi nahian.
Hiru ekimenez osaturik dago kanpaina: erakusketa ibiltari bat, liburuxka bat eta emanaldi bat. Erakusketa Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan inauguratu zen uztailaren 6an eta ikusgai egongo da irailaren bukaera arte. Ondoren, Gipuzkoako beste hainbat herritan egongo da: Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, irailaren 21etik urriaren 2ra, eta Eibarreko Juan San Martin liburutegian, berriz, urriaren 18tik 30era.
Erakusketara hurbiltzen direnei testu guztiak biltzen dituen liburuxka bat banatuko zaie.
Orain inoiz baino gehiago bidea elkar zaintzea dela uste dute euskal liburugintzaren katean diharduten lau elkarteek, eta horregatik aukeratu dute «zaintza» gai gisa, «beren baliabideak baturik literaturaren zaintza goraipatzeko».
Hemen aurkituko duzue liburuxka deskargatzeko eta aipuak idazteko webgunea.