Albisteak

«Hormako atea» eta «Niirlit»: urruneko lurraldeetara bidaiatzeko gonbita

Astelehena, 2021-05-10

Bi itzulpen argitaratu dira berriki: bata, Hormako atea eta beste ipuin batzuk, Herbert George Wells-ena; bestea, Niirlit eleberria, Juliana Léveillé-Trudel idazlearena; Joxe Mari Berasategik eta Aiora Jakak itzuli dituzte, hurrenez hurren, eta urruneko lurraldeetako bidaiatzeko aukera eskaintzen dute biek ala biek. Irudia: Salluit herria, Niirlit eleberriaren kokalekua.

H. G. Wellsen Hormako atea eta beste ipuin batzuk bilduma argitaratu du Elkarrek, Joxe Mari Berasategiren itzulpenean, eta Juliana Léveillé-Trudelen Niirlit eleberria, ostera, Txalapartak, Aiora Jakak euskaratu duena. Urruneko lurraldeetara –irudimenekoak zein errealak– bidaiatzeko aukera eskaintzen dute bi lanek, eta albiste honetan aipatuko dizkizuegu horiei buruzko xehetasun batzuk.


Zer ote dago hormako atearen beste aldean?

Zientzia-fikziozko lanak idatzi eta horrela bihurtu zen ezagun H. G. Wells idazle ingelesa; besteak beste, The war of the worlds eta The time machine nobela ospetsuak eman zituen. Orain baino lehen, Gizon ikusezina eleberria irakurri geniezaiokeen euskaraz: Miren Arratibelek itzuli zuen, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, 1997. urtean, eta Arantza Sarriegik beste itzulpen bat plazaratu zuen orain bi urte Booktegin.

Hemendik aurrera, Joxe Mari Berasategiren lanari esker, Wellsen zortzi ipuin irakurtzeko aukera izango dugu orobat: «Hormako atea», «Izarra», «Armaggedon-en amets bat», «Konoa», «Ilartargiaren fabula bat», «Diamantegilea», «Dinamoen jainkoa» eta «Itsuen herrialdea».

Literatur jardunaz gainera, edo horrekin batera, politikaz ere kezkatu zen Wells, Berasategik azpimarratu duenez: «sozialismoaren ideien eta jende apalarekiko kezken aldeztaile» gisa aritu baitzen bere bizitza publiko oparoan. Ipuinotan, beraz, autorearen «igarkizun eta kezken erakusgarri eder bat» topatuko du irakurleak.


Inuiten lurraldea parez pare ezagutzeko aukera

«Quebec hegoaldeko neska batek, antzaren gisan, iparraldeko Salluit herrixka inuitera bidaiatzen du urtero, beste zuri askok bezala uda sasoian lan egitera, eta han ikusi eta bizitakoak aipatzen dizkio Evari, desagertu berri den lagun inuitari. Narratzaileak nonahi sentitzen du Evaren espiritua, haren gorpua zilar koloreko fiordoaren hondoan egon arren, eta hari kontatzen dio zertan den hark utzita-ko lurraldea, zertan diren herrikideak, zertan hain ongi ezagutzen duen iparraldeko bizimodu latza: bortizkeria, asimilazio kulturala, mendekotasuna, arrazakeria, baina baita jendearen abegikortasuna, arbasoen kultura bizia eta natura salbaia ere».

Horra hor Niirlit eleberriaren muina, paragrafo batean laburbilduta. Juliana Léveillé-Trudel idazle quebectarrak argitaratu zuen 2015ean, eta harrezkero hainbat hizkuntzara itzuli dute: euskarara iritsi da orain, Aiora Jakaren eskutik. Oihartzun handia izan du liburuak, Pantagruel saria eskuratu zuen 2018an; Marie-Frédérique Desbiens kritikari eta irakasleak, esaterako, «egiazko hurbiltze bat» dela nabarmendu du «parekoen artekoa»: «Komunitate autoktonoen errepresentazio kulturalen garapenean urrats bat egin berri da. Mito eta estereotipo itsugarriez biluztu da, ikuspegi intimista eta hiperrealistaren mesedetan, eta elkarren ber-ezagutzari dei egiten dio.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)