Albisteak

Maiatz aldizkariaren 72. zenbakia kalean

Ostirala, 2021-06-04

Maiatz aldizkariak 72. zenbakia zabaldu berri du, proiektuaren 40. urteurrena betetzen den honetan.

Egile hauen lanak bildu dituzte Maiatz aldizkariaren 72. zenbakian: Koldo Mestoy, Maialen Etxegoin, Xan Goenaga, Jose Mari Zendoia Sainz, Eukene Lizeaga Tamayo, Marikita Tambourcin, Gerardo Mungia, Lander Zurutuza, Ainara Maia Urroz, Itxaro Borda, Jakes Sarraillet, Sabin Oregi, Nicole Etxart, Lucien Etxezaharreta, Xerar Urrutia, Piarres Trounday Xaramendi, Mayani Lissar, Joseba Aurkenerena, Eric Traonmilin, Juankar L. Mugartza, Txomin Peillen, Lourdes Unzueta Zamalloa, Jakes Lafitte, Eric Dicharry, Bernat Pedepoy, Hasier Larretxea, Lola Sarratea. Horiez gain, Mario Benedettiren poemak itzuli ditu Iban Laka Zelaiak, Joan Margaritenak Josu Jimenez Maiak, Jean Jauresenak Txomin Peillenek.

maiatz72

Jarraian duzue aldizkariak dakarren aitzin solasa:

Aitzin solas

Sasi lerrakor guzien gainetik atera dugu MAIATZ berri hau, idazle frango eta gai zabalekin, betikoari jarraikiz. Bidasorik ez da gure artean, ez eta gaietan, bizia agertu nahiz ari gara denak. Batzuek galtzen duten hori testu batzuek erakusten digute. Iheslari imigratu dohakabeek jasaiten dutena, begiak hesten ditugula gainera, ezin onetsia da. Indartzen ari den estatuen nazionalismo beldurgarria gainean dugu, pandemiaz are gehiago baliatuz. Kultura elkarren ezagutza eta errespeturako bide premiazkoa dela argi dugu eta oihuka dezagun.

Bidean gelditu diren Jasone Salaberria eta Julen Madariagak azken udaberria bizi izan dute, euskara eta Euskal Herria gidari izan zutela, oroituko gara.

Maiatzaldia aurten ohizko forman egitea ezingoa izanen da, muga horiek indartu dizkigutelako, baina bilduko gara hala ere eta lehen hitzordua Baionako Euskal Museoan izanen da, maiatzaren 27an, ostegun arratsean 18:00etan, “Berrogei urte literaturgintzan” gaia hor dugu alegrantzia zenbaitekin.

Berrogei urteren oroimena literaturgintzan!

Gogoan dugu 1981 urteko maiatz hori Mitterand presidenta Frantzian jarri zelarik. Gogoeta, bilkura, berrikuntza denborak ziren gure artean, bultzatzaile genituela Hegoaldeko aldizkaru berriak, sutan zen giroan, autonomia berria, borroka armatua eta saldukerien denboran. Bultzatzaile ere, ahantzi gabe, Piarres Xarriton bat, idazleak bildu nahian zena Iparraldeko literatur desertuan. Egin da bide, zaldi basen pare edozein heziketa edo moderazio ahplu ez genituen onartu nahi. Nahikeria horren denbora, denetarik independente eta libre izatea xede zalantzarik gabekoa zen. Gaur egun, Barbier zenak zioen bezala “urte ainitzetako elurra ileetan den gelditu”, gogo berdinekin gara, herritarren errespetuan eta jauregietako agintarietarik urruti. Berdin batzuek uste dute bere baitarik , arazorik gabetik ari garela. Ez uste izan, etorkizunaz arduratzea funts beharrezkoa da edozein erakundeentzat. Gurea minbera da ere, beso eta gogoak behar ditugu. Urte berri hontan hea agertzen den hortarako biderik. Aldizkari honen harpidetzak dira irautearen ardatz eta irakurle bakoitzak bi harpide egin balitza, behin lematzat genuena, errepika dezagun beraz.

Aitzina goazen beraz biziari jarraikiz.

Urteko harpidetzak (2 zenbaki) 20 euro balio du. Bertara idatzita eman daiteke izena: maiatz@hotmai.fr

Albiste honen uberan:

Joxe Luix Agirretxeren poesia liburua aurkeztu du Maiatzek

BERRIA: Maiatz, maiztasunaren maisu

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)