Mila zubiren beharra
Asteazkena, 2021-04-21Aste honetan Susa argitaletxeak milagarren emailua zabalduko du. Duela gutxi bete dira, baita ere, armiarma.eus ataria martxan jarri zeneko 20 urteak (Ikus artikulua BERRIAn). Euskal kulturarentzat eta literaturzaleentzat bezala, Hitzen Uberanentzat ezinbesteko erreferentzia bilakatu dira proiektu hauek eguneroko jardunean.

Susa argitaletxeko kideek lanean ospatuko dute aipatutako zenbakien borobiltasuna aste honetan: batetik, efemeridea zubitegia berrituz eta Tabakaleran solasaldia antolatuz gogoratuko dute; bestetik, Susak berak bere argitalpen dinamikaren barruan datozen egunetan sei liburu berri plazaratuko ditu. Jarraian duzue hitzordu guztien laburpena:
Munduko Poesia Kaierak
Atzo aurkeztu zituzten MPK bildumako ale berriak: Edna St. Vincent Millay poetaren antologia, Ana Moralesek itzulia, eta Chistopher Okigbo poetarena, Karmen Irizar Segurolak itzulia. Hurrengo labealdian 40. zenbakira iritsiko da Beñat Sarasola editoreak zuzenduriko bilduma, 2014an martxan jarri zenetik.
Aime Cesaireren hitzak, Iñigo Aranbarriren ahotsa
Duela egun batzuk honakoa zabaldu zuten literatur emailuetan: “LP bat grabatu du Iñigo Aranbarrik. Apirilaren 17an hamahiru urte bete dira Aime Cesaire poeta eta aktibista martinikarra hil zela. 2014an, Munduko Poesia Kaierak bildumaren hastapenetan, haren antologia bat argitaratu zen, Iñigo Aranbarrik euskaratua. Beste poema batzuekin batera, Sorterriratze baten kaiera poema luzeak hartzen zuen toki nabarmena, Cesaireren obra enblematikoena baita berori, eldarnio modukoa, arnasa luzeko hordialdi poetikoa. Aranbarrik berak erregistratu du Cesaireren ahotsa, ordubetetik gorako errezital berezian". Entzun HEMEN.
GANBILA antzerki bilduma
Apirilaren 22an 11etan Ganbilako laugarren labealdia aurkeztuko dute Donostiko Kaxilda liburu-dendan. Hiru izango dira titulu berriak:
-Jon Gerediagaren Dama. Hitzaurrea: Iñigo Martinez Peña. Azala: Aitziber Alonso.
-Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan. Hitzaurrea: Manez Fuchs. Azala: Maider Arrieta Tapia.
-Agus Perezen Aititaren betaurrekoak. Hitzaurrea: Mikel Lizarralde. Azala: Idoia Beratarbide Arrieta.
Orain arteko lau labealditan 12 liburu plazaratu dira, baina haietan topatu daitezkeen obrak 20 dira: 14 antzeztutakoak dira, 6 antzeztu gabeak. 12 tituluen artean itzulpenari (Sarah Kane) eta saiakerari (Agus Perez) lekua ere egin diete.. Antzerki munduko hainbat kolaboratzailebatu dituzte proiektura, liburuon harian: 22 lagunek idatzi dituzte testuak, 12 egileez aparte.
Kultur edukiak sarean, mintzagai
ARMIARMA.eus atariaren 20. urteurrenaren karietara Kultur edukiak sarean solasaldian arituko dira kultur proiektu ezberdinetako lagunak: ARMIARMA.eus, badok.eus, Baionako Mediateka bilketa.eus, dantzan.eus, zinea.eus (ganbara), Katakrak, Tabakalera Medialab.... apirilaren 22an (osteguna) 18:00etan Donostiako Tabakalerako MediaLabeko egongelan. Moderatzailea: Nora Arbelbide. Antolatzailea: Literatur Emailuak.
Ahots berriak plazara
Oihana Aranaren lehenengo poesia liburua plazaratuko du Susak astelehenean: Lazunak azkazaletan. Malen Amenabarrek egin du azala. Apirilaren 26an aurkeztuko dute, 11etan, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan.