Albisteak

Miren Agur Meaberen errezitaldia Poetika zikloaren barruan

Osteguna, 2021-04-08

Miren Agur Meabeak errezitaldi bat eskainiko du datorren astean, apirilak 15, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Igor Estankonak sarrera bat egingo du Meaberen poetikaren harira, eta Musikeneko musikari batek jantziko du irakurraldia. Argazkia: Dani Blanco (Argia).

«Poetika. Poesia irakurraldiak» izeneko zikloa koordinatu dute, beste behin ere, Jose Luis Padronek eta Jon Obesok, Koldo Mitxelena Kulturunean, Musikeneren laguntzarekin. Martxoan, errezitaldia eskaini zuen Leire Bilbaok, Yolanda Arrieta idazlearen eta Claudia Alduncin klarinetistaren laguntzarekin. Apirilean, berriz, Miren Agur Meaberen txanda izango da. Gaur zortzi egingo dute saioa, apirilaren 15ean, 19:30etan.

Lehenik, Meaberen poetikari buruzko sarrera bat eskainiko du Igor Estankonak. Poeta da Estankona bera: iaz, elkarrizketa bat egin genion Moskito poema-liburuaren argitalpenaren harira. Hemen irakur dezakezue.

Miren Agur Meabek, bere aldetik, ibilbide oparoa egin du poeta gisa, eta iaz argitaratu zuen, hain zuzen ere, Nola gorde errautsa golkoan (Susa), bere azken poema-liburua. Liburu horrek lotura handia du bere aurreko bi liburuekin: Kristalezko begi bat eleberria (Susa, 2013) eta Hezurren erretura ipuin-bilduma (Susa, 2019). Autorearen beraren esanetan, «triptiko bat» osatzen dute hiru lanek.

Ekitaldira joan nahi duenak izena eman behar du aldez aurretik; horretarako, 943 11 28 93 zenbakira deitu behar da (08:30etik 14:30era) edo  programazioa@gipuzkoa.eus helbidera idatzi.

Bestalde, maiatzean eta ekainean ekitaldi bana antolatuko dute zikloaren barruan, eta gaztelaniaz izango dira biak. Maiatzaren 12an, Itziar Minguezek eskainiko du errezitaldia, Amalia Iglesias Sernaren sarrerarekin. Ekainaren 23an, berriz, Juan Manuel Uriaren txanda izango da, Pello Otxoteko lagun duela. Bi-bietan, Musikeneko musikari bat arduratuko da errezitaldia janzteaz.


 

Albiste honen uberan

Nola gorde errautsa kolkoan, triptiko baten hirugarren hegala

“Gorputzaz idaztea emakume subjektua aldarrikatzea da, desira esplizitatzeko era bat, minari eta heriotzari buruz hausnartzeko bidea”

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)