Orgasmus belaunaldia
Ostirala, 2011-01-07Orgasmus ipuin-bilduma ez da argitaratu zaharra. Txalapartaren Literotura sailean argitaratu duten liburuak 11 autoreren narrazio erotikoak biltzen ditu. Irati Goikoetxea, Katixa Agirre, Judit Zuloaga, Garazi Arrula Ruiz, Tania Hearst, Petra Schelm, Irati Elorrieta, Irantzu Ezkerro, Garazi Goia, Irati Jimenez eta Iratxe Esnaola. Orgasmus belaunaldiaren hamaikakoa euskal literaturaren futbol-partidarako. Ordezkoen aulkian badira gehiago...

Nolatan sortu zen Orgasmus proiektua?
Irati Jimenez: Hirudia izeneko zutabea idazten nuen Berriarako. Iratxe Retolaza, Iban Zaldua eta hiruroi eskatu ziguten literatura ardatz hartuta idazteko. Aukera hori aprobetxatuta Orgasmus izeneko zutabea egin nuen, delako Erasmus belaunaldiaz hitz egiteko. Inork ez daki nortzuk diren edo garen Erasmus belaunaldiko idazleak baina etiketa hori zabaldu da, nahikotxo, eta zirikada bota nahi nuen nik ez bainago ados etiketaren sakoneko kritikarekin. Besteak beste, idazle heldu berriok atzerrira begiratu eta bertokoaz ez garela arduratzen-edo esan izan da. Baina aski hedatua da euskal literatura garaikidean joera hori, aspalditik, nire ustez. Hori alde batetik. Bestetik, halako ikuskaritza sentsazio bat nuen, idazle hasi berri nahikotxo emakumeak izatearekin zerikusia duena, nire ustez. Aita-guretasun bat, nolabait esatearren. Umorez erantzun nahi nion horri, eta E.R.A.S.M.U.S ikasleek dirulaguntza horri maiz Orgasmus esaten diotenez, hitz jokuarekin testua idatzi nuen. Gero etorri zen ipuin erotikoen bilduma egiteko Txalapartaren eskaera. Gustura hartu nuen! Bereziki emakume taldea idazteko eta umorez idazteko batzea aukera zoragarria iruditzen zitzaidalako.
"Goazen erasmus belaunaldia sortzera". Irati (Jimenez), zeuk egin zenuen belaunaldia sortzeko deia. Espero zenuen lortzerik? Zein izan zen zure intentzioa artikulu hura idaztean?
I.J.: Ez nuen espero, ez. Deialdia egiten nuen arren, sekula ez zitzaidan bururatu argitaletxe batek ideia paperera eramango zuenik eta hain idazle talde politak parte hartuko zuenik. Intentzioa ganberradatxoa egitea zen. Katixak esan zuen liburuaren aurkezpenean: batzuetan ez duzu isilik geratu gura, erantzun baino. Ez pipertuta, haserre edo minduta nengoelako, baizik eta Erasmus belaunaldiaren zera hori absurdua iruditzen zitzaidalako eta barre egiteko modukoa.
Umorez hartu duzue gaia... Haserrea baino errazago eramaten delako eta eraginkorragoa delako?
Garazi Arrula Ruiz: Biak, esango nuke. Txantxa moduko bat izan da, hala planteatu ziguten liburuaren proiektua, eta zenbait jarrera salatu beharrarekin eta hori egiteko bidearekin bat egin genuen segituan. Haserreak ez zukeen emaitza eraginkorrik emanen, anitzetan ikus daitekeenez. Aski ironia gaizto dago bestela ere interneteko blogetan. Umorea oinarri, behintzat, nahi izan duguna sortu dugu, eta horrela erantzun bat eman diogu kontuari.
Irati Elorrieta: Erasmus etiketa erabili duten guztiek ez dute gutxiespenez erabili. Beraz, ez dago zertan haserretu! Baina burlaz erabili duenik ere badago. Burla umorearen mailarik baxuena dela esaten da. Zeharkako kritika egiten du, gehienetan nabaria. Nik nahiago nuke kritika zuzena, zeharkakoa baino. Umoreak gauzen alde irrigarria nabarmentzen du, egoera bat komentatzeko erabiltzen denean...
Garazi Goia: Umorea eta erotismoa, ez al da konbinazio interesgarria? Batetik, jarri ziguten Erasmus etiketa horri umorez erantzun nahi izan diogu, Orgasmus deitzea nahiago dugula esanez. Eta bestetik, euskal literaturan batzuetan nabaritzen den jarrera "paternalista" horri erantzun ganberroa eman nahi izan diogu.
I.J.: Ni neu ez nago haserre! Are gehiago, ulertu dut prozesu guzti honetan izena jartzen zaizunean izana ematen dizutela. Hau da, garelako deitzen gaituzte. Erreibindikatzen nuen gauza bakarra zera zen, ez garela, agian, askok pentsatu dutena. Eta eskubidea dugula beste belaunaldi batzuek iraganean bezala, geure buruari izena jartzeko.
Zer ezaugarri behar dira Orgasmus belaunaldikoa izateko?
G.A.R: Orgasmus izena kanpotik jarritakoaren moldaketa bat da, Erasmus baino, izatekotan Orgasmus, hala ezarri zuen Irati Jimenezek abiapuntua. Noski, ustezko belaunaldi horri ezaugarri batzuk lotu dizkiote, ikuspuntu ez oso onargarri batetik. Horri erantzun nahian sortu da liburua, eta benetan belaunaldi berria sortu bada, bertoko kideei dagokie haien ezaugarriak zehaztea eta nahi bezala definitzea. Horregatik ezin guk ezaugarriak jarri jatorrian gurea ez den etiketa bati.
I.E.: Orgasmus belaunaldikoa izan daiteke Erasmus izateko etiketa jaso eta Erasmus izateko interesik edo gogorik ez duen edonor. Inoiz Erasmus izan ez delako, edo, Erasmus beka jaso izanagatik ere, kanpotik etorri den definizio horri erantzuna eman nahi diolako. Nik neuk Erasmus programari eskertu -edo leporatu- behar diot gaur Berlinen bizitzea. Baina hori, noski, ez da guztiz egia. Nagoen lekura ekarri nauten gertaera asko daude, eta Erasmus beka eskas hura jasotzea gertaera horietako bat besterik ez da. Erasmus programak ez du ezer sortu, ez asmatu. Katalizatzailea izan da agian, baina, finean, garai eta giro zehatz bateko adierazgarri naturala da programa hori. Besterik ez. Duela hamar urte baino gehiago jasotako bekak ez du idazten dudana definitzen. Nire bizi esperientziek ordea badute eragina interesatzen zaizkidan gaietan eta gai horien inguruan izan dezakedan begiradan.
I.J.: Hitzaurrean txikle belaunaldia jarri dugu, bukaera edo hasiera non dagoen inork ez baitaki. Edonork du bere burua bataiatzeko eskubidea, beraz, ateak zabalik, lagunok. Edo hankak, kasu honetan.
Liburua osatzen duten ipuinak idazteko, zein baldintza izan dituzue kontuan?
G.A.R.: Txalapartako Literotura saila izaki, sexua laztandu (behintzat) beharreko gaia zen. Baina hortik aurrera ez dugu baldintza edo mendekotasun gehiagorik izan. Kontu guztiaren erroak irakurri genituen, noski, Iratiren artikulutik eta atzerago, baina emaitzan ikus daitekeenez, ezaugarri bakan bat komunean izan arren, alde handia dago ipuin batetik bestera, bai gaiaren bai formaren aldetik.
I.E.: Txalapartak luzatu zigun gonbidapena. Volgako Batealariek Erasmus literatura idazteko aipatzen dituzten arauak erabiliz narrazio erotikoen bilduma bat osatzea proposatu ziguten. Volgako Batealarien blogean Erasmus literatura idazteko hamasei aholku biltzen dira. Bildumak erakusten du aholku horiek -nolabaiteko askatasunez- jarraituz gero, emaitzak oso ezberdinak izan daitezkela. Kontakizun erotikoa idaztea erronkatzat hartu nuen. Bikote baten harremanaren bi bertsio islatu nahi nituen. Harreman batean, pasioa eta hoztasuna, biak bizi baitaitezke aldi berean. "Paisaia urratuak" narrazioan, ikuspegien eta izaeren gatazka horrek du erotismoak baino presentzia handiagoa eta beraz, ezin esan erronka guztiz gainditu dudanik! Aldiz, Volgako Batealarien blogeko arauak, gehien-gehienak bete ditut, horretara propio jarri gabe gainera. I-pod bat eta guzti daukat kontakizunean! Bekatu batzuk aitortu behar ditut: boligrafoaz oharrak hartzen ditudala lantzean behin nire koadernoetan eta "erabilita" zegoen hiri batean kokatu dudala istorioa, Berlinen. Beste arau batzuekin, zalantza dut. Adibidez, energia eolikoa sortzeko haize-parkeak agertzen dira. Ez dakit Volgako Batealariek energia eolikoaren gaia politikotzat joko luketen. Dena den, politikoa izan litekeen eremu hori, poetikoki landu dut (espero dut inori hutsik ez egitea!).
G.G.: Ipuinak idazterako orduan, besteak beste Volgako Batelariek Erasmus literatura idazteko proposatu zituzten hamasei aholkuak jarraitu ditugu; hain zuzen, aholku horiek hizpide erabiliz Irati Jimenezek idatzi zuen zutabe batean sortu zen Orgasmus belaunaldia sortzeko ideia, liburu honi abiapuntua eman ziona.
I.J.: Baldintza bakarra zegoen: erotismoa, sexua ardatz hartzea. Nik neuk egin dudana zera izan da, hartu argitaratu nuen fikziozko lehen lana (Bat, bi, Manchester) eta maila batean haren negatiboa dena idatzi, pixka bat anti-erromantikoa eta haren lepotik (eta beraz neure bizkarretik) barre egiten duena, antzeko abiapuntua hartu eta historia beste leku batera eramanda.
Zuen artean harremanik baduzue? Liburuaren harira, belaunaldia indartzeko beste ekimenik ba al duzue buruan?
G.A.R: Proiektuarekin hasi aurretik, nik ez nuen zerrendako beste partaideekin harremanik, eta egia esan, oraindik ere ez ditut ezagutzen, ez pertsonalki, behintzat. Halere, emailetako batean norbaitek esan bezala, bide polita izan da erantzuna emateko ez ezik, harremana egiteko, eta gaiari buruzko hamaika ahotsen iritziak partekatzeko. Esan bezala, kanpotik ezarritako belaunaldia da, eta, beraz, uste dut liburuarekin loturiko kontuez gainera, ez duela jarraipen gehiagorik izanen, ez behintzat izen hauek osatzen dutenek eginiko beste ekimenik. Erantzuteko beharra eta nahia badago, erantzuna egonen da, noski, baina ez ipuinon egileek osaturiko talde baten izenean.
I.E.: Atzerrian urte asko daramadanez, harreman gutxi ditut Euskal Herriko beste idazle batzuekin. Kontutan hartuz, ez naizela atzerrian bizi den bakarra, are zailagoa da topo egitea. Saiatu ginen udan elkartzen, baina bakoitza data ezberdinetan zegoen Euskal Herrian eta ezinezkoa izan zen denontzako egun bat adostea. Dena den, besteek idazten dutena jarraitzeko interesa badut. Liburuaz gain, beste ekimenik sortuko ote den, denborak esango du, ezta?
G.G.: Batzuen artean badago harremana. Saiatu ginen behin Orgasmus topaldi bat antolatzen, baina egia esan, gutariko asko munduan zehar sakabanaturik gaude eta ez zen hain erraza izan denoi ongi zetorkigun egun bat aukeratzea! Proiektu honek lotura gehiago sortzeko balio dezakeela pentsatzen dut eta polita litzateke hemendik beste ekimenen bat sortzea!
I.J.: Bakoitza munduaren bazter batean bizi da baina! Belaunaldi honek batzeko Iberia puntuak behar ditu. Eta editoreak aspaldi zor digun gin-tonika ordaintzea!
Hemen hasi zen dena:
Eta jarraitu egin zuen:
Oda nobela baztertuari edo Erasmus belaunaldiaren zorabioa (BeƱat Sarasolaren iruzkina)
Orgasmus belaunaldiaz:
Irati Jimenezen artikulua, genesia: Berrian
Orgasmus liburuaz:
Berrian
Bizkaien
Nontzeberrin
Garan
Irudiak
