Albisteak

Patri Urkizuren 50 urteko ibilbidea osorik sarean

Asteartea, 2021-04-13

Patri Urkizu idazle eta ikerlariak bere obra osoa jarri du osorik sarean, larunbatean Lezon aurkeztutako "patriurkizu.eus" webgunean. Ez da edonolakoa guztion eskura jarri duen ondarea; berrogei urtez ondare garrantzitsua osatu du, hala fikziozko idazle nola ikerlari modura.

Lezoko Gezala auditorioan aurkeztu zuten pasa den larunbatean Patri Urkizuren obra osoa guztion eskura jarri duen "patriurkizu.eus" webgunea. Ordubete inguru iraun zuen aurkezpenak, egileari babesa edo interesa agertu nahi zioten entzuleekin beteta zegoen aretoan. Patri Urkizuk bi lagun izan zituen alboan aurkezpenean: Lander Zurutuza liburuzain eta historiagilea, eta Patxi Intxaurrandieta irakasle ohi eta musikologoa, egilearen lagun eta webgunea sortzerakoan laguntzailea.

Zurutuzak berehala utzi zuen argi webgunearen dimentsioa: "Patri Urkizuk liburuz beteriko kamioi bat guztioi oparitu baligu bezala da". Intxaurrandietak, berriz, webgunearen erraiak azaldu zituen, atalez atal, umorez eta zehaztasunez: hainbeste zen webgunearen edukiez komentatu beharrekoa, aurkezpena luzatu eta Urkizuk berak, azkenean, laburtu behar izan zuela prestatua zuen hitzaldia.

Patri Urkizu idazlea, Patri Urkizu irakurlea, Patri Urkizu idazlea... eta, batez ere, Patri Urkizu pertsona, eta Patri Urkizu euskal kulturaren pasarte historiko askoren lekuko zuzena. Horren guztiaren isla da webgunea: egilearen biografia laburraz gain, bere bizitzako pasarte esanguratsuen argazki bilduma, euskal kulturaren ondare ere badirenak. Haiengandik hurbil, autobiografia argitaragabea: Besteak eta neroni, 600 orrialdeko dokumentua.

patri3Patri Urkizu, Lander Zurutuza eta Patxi Intxaurrandieta Lezon, aurkezpenaren ostean.

Lan argitaragabeak ere opari

Patri Urkizuren ibilbide osoko lanak osorik irakurri daitezke webgunean bertan, edo PDFan deskargatu. Orain arte argitaratutako lanen artean aniztasuna da nagusi: poesia, narrazioa, teatroa, saiakera, itzulpenak... Irakurleak luze nabigatu dezake ondare horretan guztian, eta zeharbide gisa katalogatu ere egin dute guztia atal honetan.

Ez hori bakarrik, egileak berak argitaragabeko 24 lan ere jarru ditu eskuragarri, hauen artean ere, aniztasuna nagusi: ikus HEMEN.

Aipatutakoez gain, aipatzekoak dira "Euskal hizkuntzaz" idatzitakoek ere beren atal propioa dutela, eta egileari sakonean egin izan dizkioten sakoneko elkarrizketak ere estekatu dituztela "Ikus-entzunezkoak" atalean.

Ikus gehiago OARSOALDEKO HITZAn.

patri4Aurkezpena Gezala auditorioan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)