Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak egingo dituzte hurrengo astean
Asteazkena, 2021-06-09Ekitaldi bana antolatu dute hurrengo astelehenean eta ostegunean, Poesia eta Pentsamendua zikloaren barruan. Albiste honetan bildu ditugu xehetasunak.

Poesia eta Pentsamendua jaialdiaren berri zabaldu dute. Aurten, bi emanaldi eskainiko dituzte.
Lehena, astelehenean bertan, hilaren 14an, Viktoria Eugenia antzokian (Donostia). Poesia errezitala eskainiko dute, musikaz lagundurik, Maialen Berasategik, Karlos Linazasorok, Aurora Luquek, Peru Magdalenak eta Sihara Nuñok. Jon Makusok, berriz, biolin-soinuz jantziko du emanaldia. Gonbidapenak Victoria Eugeniako leihatilan eskatu eta jaso behar dira, errezitalaren egunean bertan, 17:00etatik aurrera.
Ostegunean, berriz, hilaren 17an, hitzaldia eta poesia-errezitala antolatu dituzte Txillida Lekun (Hernani). Hitzaldia Gotzon Arrizabalagak eskainiko du (Metafisikako irakaslea da EHUn), eta, jarraian, beren poemak irakurriko dituzte Leire Bilbaok eta Yolanda Castañok; Jon Makusok biolina joko du, eta Arrate Zubigarayk, berriz, klabea. Sarrerak hemen eskuratu daitezke, bost euroren truke.
Imanol Larrinagak egin du jardunaldien kartela.
Balea Zuriaren ibilbidea
Poesia eta Pentsamendua jardunaldiek badute loturarik Balea Zuria argitaletxearen jardunarekin, bertako kideak aritzen baitira antolatzaile-lanetan. Horren aitzakian, udaberrian argitaratu dituzten lanen errepaso bat egingo dugu hemen.
Maialen Berasategik, adibidez, Eskuan beti zerbait poema-liburua kaleratu du, estreinakoa, DK poesia sariaren eskutik. Halaber, Maixa Zugastik beste poema-liburu bat kaleratu du berriki Balea Zurian: Hostoen hezurdura unatua. Bestalde, aurtengoak ez izanagatik, Balea Zuriaren eskutik argitaratu dituzte beren azken lanak Peru Magdalenak –Tantaka (2019)– eta Karlos Linazasorok –Lurra bere erro gorrira (2018).
Poesiaz gainera, saiakera-bildumari ekin diote aurten, eta horren erakusgarri da Itzultzeko etorri naiz, Felipe Juaristiren saio literarioa. Itzulpenak ere kaleratzen dituzte; nabarmentzekoak dira, besteak beste, Saforen Poesia guztia (itzultzailea: Maite Lopez Las Heras) eta Charles Baudelaireren Gaitzaren loreak (itzultzailea, Patxi Apalategi).
Azkenik, aipatu behar da antologiak ere apailatu dituztela: aurten, Bidea eta zauria. Sei poeta (2000-2019) kaleratu dute, Peru Magdalena, Jon Benito, Ione Gorostarzu, Iñigo Astiz, Hasier Larretxea eta Beatriz Chiviteren lanekin (Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres arduratu dira edizio-lanaz); 2019an, aldiz, Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko eman zuten, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Aintzane Galardi, Tere Irastortza, Amaia Iturbide, Amaia Lasa, Miren Agur Meabe eta Castillo Suarezen aleekin.