Albisteak

Surflari kezkati baten gogoetak

Asteartea, 2017-05-30

Ezizenarekin sinatuta datorren arren, Iñigo Fernández Ostolazak idatzi du Surflaria eta paradisua (Salbera) izeneko liburua. Komunikazioan eta publizitatean aritua eta aditua, surfa du pasio eta surf kultura hartu du hizpide bere lehen liburu honetan.

Ez-fikzioa da. Saiakera ezohikoa. Narrazio genero nahasketa. “Baina ez da autobiografia bat. Ezta selfie liburua ere”, aditzera eman digutenez. Bere bizipenetan oinarritu den arren, lan hau ez da Iñigo Fernandez Ostolazaren biografia modukoa. Han-hemengo surf gertakari ezagunak eta ezezagunak jaso ditu, bestelako gaiak jorratzeko: gizakiaz, gizarteak daraman martxaz, hedonismoaz, diruzalekeriaz, oreka premiaz... mintzo da liburuan.


Idazle askoren aipuak

“Liburu hau ez dago benetako gertaeratan oinarritua. Benetako pertsona eta gertaerak dira bertan kontatzen direnak. Koldo Izagirrek bere azken liburuaren atarian ohar bat jarri zuen: jende eta gertakari errealetan oinarritu zela liburua idazteko, eta berak literatura baino ez ziela erantsi, balio sinbolikoa hartu zezaten. Hori baino lehenago, irakurria nion Borgesi, literatura guztia dela nolabait sinbolikoa, eta berdin diola idazleak gertakari asmatuak edo benetan gertatuak baliatzen dituen. Nik benetan gertatutakoak baliatu ditut, eta saiatu naiz haiek balio sinbolikoa hartu dezaten”.

Azalpen honetan, bi idazleren aipuak hartu ditu hizpide. Baina liburuan aipu gehiago topatuko ditugu: Herman Melville, Mark Twain, Jack London, Agatha Christie, Eduardo Galeano, Bruce Chatwin, William Finnegan... Baita euskal idazle batzuenak ere.


 “Oso dokumentatua dago”

“60ko hamarkadatik zeharo aldatu da (surf) mundua, eta azken 50 urtetako bilakaerari errepasoa egiten zaio nolabait, surf gertakari historiko batzuen berrikuspena eta berrinterpretazioa eginez. Oso dokumentatua dago lana”, prentsa-ohar bidez jakinarazi digutenez. Baina ika-mikatik haratago, “irakurketaren plazer hutsa bilatu du egileak”.


Literaturian, Ibon Gaztañazpirekin batera

Literaturia egunetan, Surflaria eta paradisua (Salbera) liburuaren inguruko solasaldia egin zen Zarauzko Garoan. Iñigo Urdinaga Ibon Gaztañazpirekin batera aritu zen liburuaz luze zabal hizketan. Bideo iruditan jaso genuen. Hemen duzue, osorik ikusteko moduan:


Liburuaren kontrazalak dakarrena

Arrazoi du Bernardo Atxagak: “Paradisurako jaioak gara, hala nola txoriak airerako”.

Indigena hawaiiarrek mendeak zeramatzaten olatuak hartu eta gozatzen, baina hamarkada gutxi batzuetan zeharo eraldatuko zuten gizon zuriek surfa. Orain, taula hobeak ditugu, neoprenoak, auto eta errepideak, itsas-iragarpenak, hegazkinak... Ordainetan, porlanez bete ditugu hondartza eta itsasadarrak, surflari gehiegi dabil han-hemen, eta ez gara antzinako indigena hawaiiarrak baino zoriontsuago.

Horra, liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago? Behar-beharrezkoa dugu oreka, ez erortzeko eta gozatzen jarraitu ahal izateko. Paradisura hurbiltzeko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)