Albisteak

Udazkeneko nobedadeen berri eman du Elkar argitaletxeak

Ostirala, 2017-09-29

Bi sasoitan iritsi ohi dira liburu gehien gurera: udaberrian eta udazkenean. Bigarren horretan argitaratuko dituen liburu berrien berri eman zuen pasa den astean Elkar argitaletxeak. Denetik pixka bat: eleberriak, mikro-ipuinak, kazetaritza-lanak, saiakera... Albiste honetan bildu ditugu denak.

Hona hemen Elkar argitaletxeak udazkenerako iragarri dituen fikziozko liburuak.

Haizeari begira

Jon Ariza de Miguel

Bigarren eleberria du hauxe Arizak. Estreinakoa, Ohe hotzak, iaz argitaratu zuen, Elkarren eskutik hura ere.

Sinopsia: Gizon bat Europako hiri txiki bateko hotel zahar batera iritsi da, egun batzuk oporretan pasatzeko asmoz. Iritsi bezain laster emakume baten errainua sumatzen du bere leihoaren pareko etxean, eta emakume hori berriro noiz ikusiko geratuko da… Literatura-ariketa liluragarri bat, umorez eta dotoreziaz idatzia.

 

 Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak

Nikos Kazantzakis 

Itzultzailea: Luis Berrizbeitia

Eleberri ezaguna dugu hauxe: hamaika hizkuntzara itzuli da eta film bat egin zuten hartan oinarrituta. "Intelektual zalantzatiaren eta pasioz gainezka dagoen bizizalearen arteko harremana" jorratzen du.

Neguko hondartzak

Xabier Mendiguren

Idazle oparoa da Mendiguren. Azkena, eleberri bat publikatu zuen iaz, Alsina, Elkarren eskutik hura ere. Orain, ordea, ipuingintzara itzuli da.

Sinopsia: Ipuingintzara itzuli da Mendiguren, bi istorio luzez eta bi laburrez osaturiko bilduma honetan. Batetik, gure gatazka zaharraren alderdi ilun batzuk argitara dakartza, ezusteko ikuspegiz; bestetik, giza arimaren beste min batzuetan ere arakatzen du: norbere ona bilatzearen edo beste norbaiten alde sakrifikatzearen arteko zalantza, bakardadea, heriotza…

Ametsondoa

Peru Magdalena

Bosgarren liburua du hauxe Magdalenak. Aurrez, bi poesia-liburu, Hutsik (2008) eta Argia (2016), narrazio-bilduma bat, Lile (2006), eta eleberri bat, Egia esan (2013), kaleratu ditu; Elkarren eskutik denak. Oraingoan, mikro-ipuin bilduma bat osatu du.

Mendien Jainkoa 

Alberto Ladron Arana

Leire Asiain Foruzaingoko inspektorearen abentura berri bat dugu Ladron Aranaren hauxe. Genero beltzean zaildu da Ladron Arana, eta ildo horretan doa lan hau ere.

Sinopsia: Bi anaia baxenabartar, Peio eta Olivier Idiart, erailik agertu dira Bortzirietako Mendaur gailurrean, biluzik eta bihotza erauzita, azteken giza sakrifizio bat bailitzan.

Hotsa eta ardaila

William Faulkner

Itzultzailea: Asun Garikano

Urrezko Biblioteka bildumako zenbaki berri bat dugu hauxe. Literatura Unibertsala bildumako perlak berreskuratzea du helburu sail honek, eta, oraingo honetan, Faulkner estatubatuarraren eleberri ezaguna berrargitaratu dute.

Sinopsia: Abentura baten kontakizunaren ordez, edo horren gainetik, kontakizuna bera da hemen abentura. Amerikako Estatu Batuetako hegoaldean girotua, XX. mendearen hasieran, zuriak eta beltzak beren izaera eta hizkera propioekin erretratatuak.


POESIA

Bi poesia-liburu argitaratuko ditu Elkarrek, gainera. Batetik, Xabier Leteren poemen antologia bat osatu du Koldo Izagirrek, Elurra ikusi dut, poemak kontestualizatuz, batzuk besteekin harreman dialektikoan jarriz, eta "epilogo gogoangarri bat" idatziz. Bestetik, Jokin Zaitegi sariketaren fruitu, Bob Dylanen 100 kantu euskaratu ditu Gartxot Unsainek. Edizio elebiduna da.


EZ FIKZIOA: SAIAKERA ETA KAZETARITZA

Saiakeraren arloan, Silvia Federiciren, Jule Goikoetxearen eta Joxe Manuel Odriozolaren liburu bana kaleratuko du Elkarrek. Pentsalari feminista marxista ezaguna dugu Federici, eta hain zuzen ere haren lanik ezagunena ekarri dute euskarara Edurne Lazkanok eta Aitor Arrutik: Caliban eta sorgina. Eskafandra bildumaren barruan argitaratuko da. Goikoetxeak, berriz, bere ohiko gaiei heldu die Demokraziaren pribatizazioa saiakeran, estatugintzari eta demokratizazioari. Odriozolak, azkenik, "euskaldunok herri gisa aurrera egiteko dugun kinka " aztertu du.

Kazetaritzaren arloan, bi lan ekarriko ditu Elkarrek, biak elkarlanean idatziak. Batetik, Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek Ekialde Hurbilaren ertzei erreparatu diete: "Udaberri arabiarra izenpean, 2011an, herrialde arabiarrak askatasun politikoaren eta justizia sozialaren izenean altxatu ziren, bata bestearen atzetik. Baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera, eta eremu antzu bihurtu da berriz ere eremu hura. Zein testuingurutan piztu ziren iraultzak? Zer gertatu zen aldi berean eta eremu berean bata bestearen ondoren kateatzeko? Zein da herrialde horien gaur egungo argazkia? Zerk baldintzatu du iraultza kontrairaultza bihurtzea?".

Bestalde, Iñigo Astiz, Alberto Barandiaran eta Miren Rubio kazetariek pil-pilean dagoen beste gai bati heldu diote Haragikeria liburuan: eliza barruko pederastiari. "Liburuaren egileek gure artean izan diren kasurik nabarmenenak ikertu dituzte, baita oso gutxi ezagutzen ziren batzuk ere. Elkarrizketa sakonak egin dituzte, nazioarteko testuingurua jaso…".

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)