Zazpi borroka-istorio bildu ditu Dom Campistronek «Bekatorosak» liburu ilustratuan
Ostirala, 2021-04-16Bekatorosak izeneko liburu ilustratua kaleratu du Dom Campistronek, Elkar argitaletxearen eskutik. LGBTQ+ kolektiboko zazpi pertsona elkarrizketatu ditu bertan.

Hamasei urte zituela, neska batekin maitemindu zen Dom Campistron. Garai hartan, Baxenafarroako herri txiki batean bizi zelarik, ez zekien bera bezalako jende gehiago ote zegoen inguruan, eta «bakartasun handi batean» bizi izan zuen bere nortasuna. Kanpora joan zen artea ikastera, «askatasun beharrez», Parisera eta Glasgowra, eta, han, «marrazkiaren bitartez atzeman nuen ene boza, eta emeki-emeki ulertu, eta onartu nuen ene nortasuna».
Ikasketak amaituta, herrira itzuli zen, eta deskubritu zuen ez zela, bada, bekatorosa bakarra –hitz horrekin izendatu zituen senide batek Campistron eta bere neska-laguna, nerabe zirela–. Hala, Baxenafarroako herri txikietan hazitako zazpi pertsonarekin bildu zen 2019ko udan, denak ere gayak, lesbianak edo bisexualak, eta haien bizipenak bildu ditu Bekatorosak (Elkar, 2020) deritzon liburuan, marrazkiz lagundurik.
Liburuan bada bietatik: LGBTQ+ pertsonen bakardadea eta jasan izan dituzten eraso homofoboak aipatzen dira, bai eta nolako bide luzea egin behar izan duten ere, beren burua den moduan onartu arte. Baina liburuan badira, halaber, alderdi positiboagoak ere: LGBTQ+ jendearen borroka eta elkartasuna ageri da, beren maitasun-istorioak, eta begirada itxaropenez beteak etorkizunarekiko.
Hauxe du estreinako liburua bakarka; edonola ere, lehenago, Maule-Lextarreri eta Donibane-Garaziri buruzko irakurgaiak ilustratu ditu, Allende Sokarrosekin, Asisko Urmenetarekin eta Nora Arbelbiderekin lankidetzan, Elkar argitaletxearen eskutik. Campistronen lanari buruz gehiago jakiteko, bere webgunera jo dezakezue.
Albiste honen uberan
Miren Artetxek Campistron elkarrizketatu du aste honetako Argian, hemen irakur dezakezue: «LGTBQ+ nortasunak marrazten ditut, jendeak gero nahi edo ahal duena ikusten du»