Garazi Ugalderen poema: «Habitatzeko moduak»
Astelehena, 2021-10-25HABITATZEKO MODUAK
«Lurra ukitu bezain laster lurrunduko gara seguruenik
baina bitartean barre egingo dugu
eta gaztainondoaren sustraiez eginiko giltzak
beharko dira
etxeetara sartu ahal izateko».
Igor Estankona
«Hiria gorroto dudanean»
Anemometroa, 1998, Susa
atzeko atea
Ibaiertzeko harri epel batean eseri gara
eguna gautzen ikustera
abailtzeak argituko ote digun
igaroaren berezko neurria.
Urtaroak azalpean gatzatu ditugu luzaro
adarrak haizetara noragabe
betazalak beti tente
zer gerta nor iritsiko.
Hormarik gabeko etxeetan sinetsi arren
abaroa eskatzen dute orain giharrek
behatxulodun aterpe bat
kanporako eta barrurako leiho.
Horretarako adaxkak bildu behar direla
diote pareta-txoriek: geure puska zaurituak
jaso eta egongelan lur eman
har dezaten arnas ahal bezain libre.
Atzeko ate bat ere asmatuko diot etxeari
gaztainondozkoa aukeran
abisatu gabe sartu nahi duzunerako
badaezpadako ihesbide.
«Bestela dena dago lasai.
Betiko moduan eltxoak argiaren bila.
Betiko moduan beldur gozo batek gidatzen ditu
izaki gehienak.
Inurri gorriek
lur azpiko barrunbeetan sartu
eta haurdun uzten dute mundua»
Igor Estankona
«Gaua oraindik bataila irabazi barik»
Anemometroa, 1998, Susa
Ilargi bete bat
Bizitzak etengabe berrasmatu
behar balu bezala bere burua
ozeanoak gaziagotuz
ekaitzak norabidez aldaraziz
mareak harrotuz
bizitzak mezu argi bat balu bezala gordeta
guretzat:
ilargiaren aurpegi mehea baino ez dago zuen esku
eta hala kolonizatu dizkidate
inurri gorriek
ozeanoak eta ekaitzak eta mareak
ilargi bete bat betikotu didate
azalaren azpian
Garazi Ugalderen aurreko kolaborazioak
Garazi Ugalderen poema: «Erortzeko moduak»