Lizar Begoñaren sormen-lana: «Anemona izan»
Astelehena, 2021-11-15
ANEMONA IZAN
Ur azpiko akustika ekartzen didazu: mirespen basatiaz, lekuz kanpoko lotsaz. Itsas-landare baten antzera mugitzen zara, substratuari helduta bezala. Eta zure begi horren bitartez irudika dezaket piztiren bat erresuma honetako perimetroan. Esaidan, zure lurralde artean ba al dago Greenland edota Groenlandia deitutako parajerik? Ze, zera;
hau ez da New York
hau ez da Melbourne
izan nahi luke
New York eta Melbourne
baina ez da
eta nukleo akuatikoren batean imajinatzen zaitut, Estatu Batuetako edo Australiako endosferan. Janis Joplinen eskuineko bihotzean, tentakuluak itsaso gazietan urperaturik dituzula. Edo akuario kliniko batean bost-hamar zentimetroko arrainen eta portzelanazko maskorren ahotan.
Hazi zaizu faringea, eta esofagoa, eta zulo bat, izan ez duen guztia behar duena (baina bila inoiz ez doana). Hor zaude: isil eta leun, munduko itxarongela berde batean bezala, zain, zain, zain. Ezeren esperoan, inflexiorik gabeko lerro zuzen ederretan, fim de festa luze-ozeanikoan. Irudikatzen zaitut, baina beti urrunaldian.
Ze, hori nahi zenuen: anemona izan.
2021eko azaroak 8
Lizar Begoñaren aurreko sormen-lanak
Zeinen ona azken hau ere!! Orain dela gutxi hasi nintzen zure olerkiak irakurtzen eta izugarri gustatu zitzaizkidan! Segi horrela!
ematen du anemona hori zalantzatan dagoela, edo nonbait trabatuta... ez aurrera, ez atzera. Zerbait ona gertatzeko espero amaigabean, baina nekez suertatzen da zerbait ozeanoaren hondoan... Ta nahi luke leku hoberen batean egon, baina... batzuetan bizitza halakoxea izaten da